Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

ETA, mon amour

 

Alain Resnais hil da. Bada garai, beraz, berak ekarritakoaz mintzatzeko.

Gernika izeneko filma ikusi nuen, Resnaisek egindakoa, Iruñeko Udako Unibertsitatean euskal zinemaren barruan antolatu genituen topaketetan ikusi ere, baina, egia esan, ez dakit frantses batek egindako lana euskalduntzat hartzerik badagoen, gaia Gernikaren bonbardaketa izan arren...

Dena den, edozein tokitan eta garaitan ere, denboraren jarioak berarekin zer daraman konturatzeko egokia izan da oso zinemagile honen emaria. Are, Euskal Herria ulertzen laguntzeko ere.

Resnaisen aburuz, ez hizkuntza ez literatura ez baldin badira aski bizierak sentiarazteko , zergatik da Hiroshima, mon amour izeneko nobela, ustez, filma bera bezain hunkigarria?

Alain Resnaisentzat prestatu zuen gidoia Marguerite Durasek hark eskatuta, eta pelikula egin ondoren idatzi eta kaleratu zuen izen bereko eleberri ospetsua. Ohiko bidea alderantziz egin zuen. Euskal Herria dela eta, usoz, alderantzizko bidea hartu izaten da, Interpoleko polizia burua jendarmeak itaundu edo arma suntsitzaileak epailearen aurrera eraman, adibidez.

Hiroshimako triskantza gaitzat hartu aurretik, Gernikako bonbardaketa hartu zuen Resnaisek Picassoren irudiak eta dokumentalak nahastuz, literaturak aspaldidanik galdua duen tragediaren funtsari eutsi nahian.

Hiroshimakoa, beraz, Gernikakoa bezain euskalduna dugu, eta alderantziz, ene ustetan behintzat.

Eta Resnaisen Hiroshiman edota Gernikan zer irakurtzen dut nik? 

Esaterako, film osoan protagonisten izenak ez direla azaltzen, jaioterria erabiltzen dutela batak besteari deitzeko, elkar maitatzeko gauza direla, elkar ulertzea ezinezkoa suertatzen bazaie ere.

Beraz, gauza bat maitagarria edo gustagarria izan daitekeela haren esanahiaren jabe ez izan arren...

Noski, maitatzearen indarra hortik baitator, beste hori ezagutu nahiak bultzatzen baitu harenganako grina; azken finean, maitasunak dakarren erakarpena jakin-minetik baitator.

Eta Hiroshima mon amour horretan?

Maitaleak, gorputzak elkarloturik, ez dira gai ezer aitortzeko, eta biak, aldiz, salatuak bezain salduak sentitzen dira ezer ulertu gabe.

Hiroshima pelikulaz ari gara, baina bonbak ez ditut oraindik aipatu ere egin.

Beraz, Hiroshima mon amour du izena Resnaisen film ezagunenak, eta hark helarazten digun maitasun istorioak ez du ez iraganik ez etorkizunik ere. Areago, ezin da denboran kokatu, eta ez du balio bakoitzaren aurreko istorioak ezabatzeko. Alderantziz, protagonisten istorioa orainaldian besterik ulertzerik ez dagoen moduan, bakoitzaren aurreko bizipenak ere, gainditutzat jo beharrean, kontuan izan behar dituzte oraindik ere, eta horrela azaltzen zaizkio bakoitzari. Egia da hori guztia Hiroshiman gertatzen dela, baina bizitzan, edo gizabanakoen historian, ahaztu ezinezko gertakizunak badaudela adierazteko da hori. Bizipenek guregan, leherketek lurrean bezala, orbain ahantzezinak laga ohi baitituzte. Resnais memoriaren zinemagilea izan dela berriki irakurri arren, gertakizunen gogoetagilea izan dela uste dut.  

Berari esker, bada, mundua liburu baten antzera irakur daitekeela erakutsi digu zeren eta  irudiak ezin baitira hitzen modura ulertu. Hitzek, bere erara, mintzairak duen logikaren arabera osatzen dute beren mezua. Argudio edo historia jakin bati kontraesanak azalarazi diezazkiokegu, baina irudien aurrean hori ez da posible izaten. Irudia, berez, baieztapena baita. Filmak ikustean, galdera egiten diot neure buruari, zein ote den ikuslearen eta irudiaren arteko harremanak arautzen dituen apailua besteak beste. Testuren bat irakurtzean denok gauza bera ulertzen badugu ere, beti hala denik zalantzak eduki arren, pelikula beraren aurrean, bistakoa da bakoitzak zerbait desberdinari erreparatuko diogula.

Eta pelikuletan hitz egiten bada ere, istorio eta datu zehatzak ere eman arren, nahiz eta  mintzaira arrotz ez eduki... zinema ezin da izan diskurtso irudikatua soilik izan.

Aitzitik, filmak, literaturari dagokion ohiko narratiba haustearekin batera, gertakizunen garrantzia azpimarratzen digu.

Euskal Herriko historia garaikidean ETA izan da funtsezko gertakizun eta haustura, Alain Resnais zenak hura ulertarazteko ekarpen ederra egin digu. Adiguria, benetan. 

Search