Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Ez da Ama Birjinak lagunduta ere !

 

Zaragozako Ama Birjina, diot. Hispaniar armadetako kapitain nagusi gisa koroatzearen efemeridetik gertu, Benemeritak eman zion dominaz ahaztu gabe eta arrazaren eguna gogoan, espainiar nazionalista izan nahi ez omen direnek badute jada haren laguntza eskatzeko beharra, beren aberriaren patia (ez patria, gero!...) defendatzeko eta Madrilgo setioa gainditzeko, haien sakrosantua den Konstituziokoaren agindua, ustez, ez konfesionala dena, irmoz ezarri baitzaie “espainiar guztien” hobe beharrez.

Haien “Patria” fikzio exkaxa da eta, dagoeneko ez dute inor engainatzen, beren denon nazio- hizkuntza konpartituaren, hezkuntza nazionalaren eta ezarritako jaien bidez justifikatzeko egin duten Historiak eta kontakizun konstituziogileak ur egiten duelako eta hondoratu egiten ari delako. Ez da baieztapen hutsala, ezta nirea bakarrik ere baizik eta arlo historiografikoetako eta hezkuntzako ikertzaileen artean adostutako ikuskera.

Europako hogeita hiru herrialdetako berrehun kolaboratzailek bost urtez egindako lanaren emaitza izan da «Writhing the Nation» (Nazioa idatzi). Dagoeneko argitaratu dira ia liburuki guztiak, eta helburua izan da Europan nazio mailako kontakizun handiak nola eraiki diren aztertzea.

Christoph Conrad, Genevako Unibertsitateko irakaslea eta proiektuaren zuzendarikidea, oso argi mintzatu da tesitura honen aurrean:

«Cela peut sembler paradoxal, mais le nationalisme est le phénomène le plus international que soit...».
«Les nations ennemies s'observaient en permanence et chacune lisait ce que l'autre produisait. Parfois pour s'en inspirer, parfois pou le rejeter».
Hau da: "Paradoxikoa badirudi ere nazionalismoa da fenomeno nazioartekoena..."."Etsaien nazioak etengabe behatzen ziren elkarri, eta bakoitzak besteak egiten zuena irakurtzen zuen. Batzuetan inspiratzeko, beste batzuetan ez onartzeko eta kontra egiteko».
Halere, Ez da erlazio bera gertatzen, noski, estatuen artean edo kolonizazio-egoeretan, non metropoli ezaguneko indar biziek menderatutako nazioen kultura-ekoizpenak ez dituzte estimatzen eta, areago, ez dituzte imitatzen.
Kasu horietan, asimetria nabaria da, eta, nahiz eta kolonizatuak, sarritan, kolonizatzaileen hizkuntzaz eta kulturaz jabetzen diren, metropoliek mespretxatu egiten dituzte beren konkistatuak, eta, ondorioz, kolonizatuei buruzko ezjakintasunaz harro, haien kulturarekiko "hurbilketa" turistiko eta estereotipatuetan oinarritu ohi dira. Adibidez, Gaztelako batek erabat ulertuko du katalana da Bartzelonan eta, aldiz, Madrilen ulergaitza egingo zaio, nahiz eta hizkuntzalaritza erkatuan bi hizkuntzen arteko distantzia berdina izaten jarraituko du izaten bi kasuetan.
Bi dira Europa kontinentalean nazioa ulertzeko moduak, frantsesena eta alemanena, bi ikuskera, beraz.
Lehena, iraultza burgesaren alaba da (Marianne gogoan) berdintasunezko oinarria du eta ez ditu onartzen bere nazionalismoa zentralista eta jakobinoa aparte dagoenik ezer. Murgiltze metodoaren alde larunbaten, hilaren hamarrean, Baionan bildutakoei galdetu...
Bigarrena, Erreforma luteranoaren alaba (edo semea, Luterori erreparatuz gero) izango da, hizkuntza du kultura-identitatearen markatzaile gisa, eta ideologia "etniko" (edo kulturala) garatzen du, hain mespretxatua ezen ikusmolde frantsesak historikoki baztertu duen eta ez duen zalantzarik eduki ideologia hori "arrazista" dela esateko.
Dena den, hasieran mintzatu garen moduan, bi ikuskerak dirudienaren baino gertuagokoak dira; izan ere, alde batetik, pentsamendu arrazista alemaniarra, besteak beste, Gobineau nazionalista frantsesaren tesi diskriminatzaileetan oinarritzen da, eta, bestetik, nazio frantsesaren historialarien pentsamendua, sarritan, unibertsitate germanistetan eratu ohi da, Ernest Lavisseren kasuan bezala.
Harreman hori, batez ere, Joxe Azurmendik aztertu du, Renanen kasu paradigmatikoa ikertuz eta Espainiako teoriko gehienek euskal nazionalismoaz egin dituzten interpretazio interesatu eta iruzurtia arakatuz.
Eta horiek horrela dira arestian aipatu dugun asimetria-egoeraren ondorioz. Hau da, nazio-estatuen artean harreman historikoa, borroka egoeretan ere, elkar ezagutzea izaten baita, baina historia boteretsuaren hegemoniaren arabera hedatu denez, oso zaila izaten zaie ikertzaile metropolitarrei kultura kolonizatu eta/edo menderatuaren ezaugarriei antzematea eta behar bezala baloratzea.
Hizkuntzalaritza konparatuaren esparruan, hori guztia are nabarmenagoa da. Hizkuntzen erabilera sozialaren arteko harreman hegemonikoak nahiz hierarkikoak ikerketa soziolinguistiko ugari berrezarri ditu, gaur egun glotofagiari eta hizkuntzen gutxiengoei buruz datuekin eta jabetzarekin hitz egiteko aukerak ematen dituztenak.
Egun hauetan Madrilen Daoiz eta Belarde behar badituzte ere, jai dute, orduko euskal herritar haiek ez bide dira beraien independentziaren alde borrokatzera joango. Aitzitik, hizkuntzaren erabilera sozial hierarkikotik askotan entzun dugun espainiartasuna frogatzeko argudio sasilinguistikoa gogoratu beharko genieke madrildarrei:
-Ze jartzen du zuen Nortasun Agirian?
Ghandiren baieztapena gogorarazten dit, Indiaren independentziaren aldeko borrokaz gogoratzen zuela, zeinak begibistako erlazio asimetrikoa esaldi batez definitu zuenean:
«Lehenik ez ziguten kasurik egiten, gero mespretxatu egin gintuzten, gure herriaren aldeko borrokalarien kontra jo zuten ondoren... eta azkenean, irabazi genuen».
Horixe da, Ama Birjinak lagunduta ere Espainia ez da salbatuko !.

Search