Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Loromokoak

 

Txillardegi zenak Antiguan aldean eta Donostiako  hondartzan dagoen “Loreto peko” toponimikoa nola “pico del loro” bihurtu zen ( zuten) erakutsi zigun aspaldi.

Hizkuntza menderatuak, kolonizazioa dela medio, horrelakoak pairatu behar izaten ditu: desitxuraketa, esanahiaz aldatu beharra eta, guztien gainetik, iraunkortasunik eza.

Izan ere, hizkuntza ukipen egoera diglosikoetan, mintzairak gorde ohi duen herri gogoaren galera izaten da menpekotasunak dakarren eragin nabarmena.

Hizkuntza gutxituak, beraz, ondoan eta gainean duen hizkuntzaren imitazioa hobesten du berezkoaren kaltetan. Horrela, gutxiagotze bidean dagoen mintzairaren hiztunak loromoko bihurtzen ditu kultur kolonizazioak. Loritoen antzera ibili behar izateak, berriz, gogoeta propiorako gaitasuna baztertzea dakar eta jarrera hori horren da agerikoa ezen gehienetan edonor lotsarazten duena, tximimoen modura jarrera imitatzailea dena hasita eta horretaz konturatzen den ikuslea.

Kanpo lotsa eragin du, adibidez, Donostiako kultur kontseiluan Txillardegi Liburutegiari buruz ebatzitakoa. Inork horretaz jabetzeko behar adineko informaziorik orain arte jasotzerik izan ez badu, albistea, nagusiki, honako lekuotan azaldu da

http://paperekoa.berria.info/plaza/2013-12-21/032/001/oposizioak_baztertu_egin_du_donostiako_liburutegiari_txillardegi_izena_jartzea.htm

http://www.naiz.info/eu/hemeroteca/gara/editions/gara_2013-12-21-06-00/hemeroteca_articles/donostiako-liburutegi-nagusiak-txillardegiren-izena-hartzea-baztertu-dute

http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2013/12/21/vecinos/la-oposicion-rechaza-que-la-biblioteca-central-adopte-el-nombre-de-txillardegi

http://www.diariovasco.com/20131220/local/san-sebastian/biblioteca-central-llamara-txillardegi-201312201215.html

https://irutxulo.hitza.info/2013/12/20/eajk-pse-eek-eta-ppk-atzera-bota-dute-donostiako-liburutegi-nagusiari-txillardegi-izena-jartzeko-proposamena/

 

Hau da, udal oposizio osoa baturik, nor bestearen imitazioaz, loroak bezala, kolonizatzaileen hitz jarioa errepikatuz, hala euskara bera nola euskal kultura menpekotasun egoeratik atera nahi izan zuen intelektual donostiarrari ukatu zioten zegokion tokia eta oroimena.

Horren antzera, aurten, 1813-2013 Bigarren Mendeurrena gogoratu denez,“Su haietatik hitz hauek” izeneko liburuxka kaleratu du Euskal Idazleen Elkarteak Donostiako Udalarekin elkarlanean. “ Euskara, Bretxako zirrikitutik arnasbide berrietara” azpititulua du aipatu liburuak eta, nago, hastapenetatik ez ote garen ahazten ari euskarazko hitzen jatorriak zeintzuk diren. Testuak “joxemaritarrak” eta “koxkeroak” bereizten ditu 6. orriko “Donostiarron hiztegian” baina emandako azalpenen artean ez du iradokitzen “koska” euskaraz “Brecha” ere badela gazteleraz eta S. Bizente eliza ondoren zegoen harresiari koska ireki ziotela erasotzaileen kanionek Donostia suntsitzeko hain zuzen ere.

Bitxia da gero!. Euskal gogoak gorde duena galtzen omen da euskara biziberria aldarrikatuz. Koska zaharra Bretxa berria bihurtu zaigu egun.

Ondarea gorde egiten da nahiz eta era “immateriala” izan. Hizkuntzak eusten dio.

Baina gogoan irauten du errotua dagoena. Errotulu berria ez dute onartu nahi izan Donostiako loromokoek: PPk, PSEk eta EAJk. Ez omen dute Txillardegi gogoratu ere egin nahi.

Halere, euskaldunok Txillardegi dugu gogoan eta kolonizatzaileen imitatzaileek ezin izango dute hori inola ere ezabatu.

 Fito Rodriguez

Search