Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Pablo Iglesiasen aurkako salaketa maltzurra dela medio Espainia aldean, beti bezala, zaharrak berri.

 

Duela gutxi hementxe bertan honetaz idatzi banuen ere (Justizia Interditaren pandemia endemikoa Maldan Behera) espainiar judikaturaren atzerakoitasuna eta ustelkeria hartu behar izango ditut berriro hizpide Pablo Iglesiasen aurkako salaketa maltzurra dela medio.

Kataluniako independentistak epaitu zituen magistratuez osatutako areto batek, Quim Torra presidentea ezgaitu zutenek edo JxCATeko Kongresuan, Laura Borrás, bozeramalearen aurkako auzia bideratzen dutenek, Pablo Iglesias presidenteorde espainiarraren etorkizun politikoa erabakiko dute orain. Dina Bousselham Pablo Iglesiasen aholkulariaren telefono mugikorreko txartelaren lapurreta ikertzen duten ala ez erabakiko dute, baita barruan zituen artxiboen erabilera zuzena izan ote zen ere.

Epaitegiak harrera aretotik pasako du, eta, gaur egun, Manuel Marchena Auzitegi Goreneko zigor arloko salako presidenteak eta Andrés Martínez Arrieta, Andrés Palomo, Ana Ferrer eta Eduardo de Porres magistratuek osatzen dute. Manuel García Castellón Auzitegi Nazionaleko epaileak Iglesias ikertzeko bidali duen azalpen arrazoitua ebaluatuko dute. 'Villarejo kasua' delakoaren esparruan bideratu du ikerketa epaitegiak.

Duela gutxi, Martínez Arrieta izan da Quim Torra lehendakaria desgaitu duen auzitegiko lehendakaria, preso politikoen askatasuna eta erbesteratuen itzulera eskatzen zituen pankarta batengatik.

Eduardo De Porres, profil kontserbadorekoa eta Magistraturaren Elkarte Profesionaleko kidea, Laura Borrás ikertzen ari den kausaren instruktorea da une honetan, Institutció de les Lletres Catalanes delakoari (ILC) kontratuak esleitzeko ustezko irregulartasunengatik, consellera ohiak hori dena ukatu arren.

Arreko artikulu horretan nioenak honetarako ere balio du:

Espainiako Justiziarekin gertatzen dena hauxe da: Frankismotik eratorritako irizpideek, linajeek eta epaileek lotuta eduki dutela orain arte. Horrela izanda, alderdi politikoak legez kanpo uzteko, hedabideak ixteko eta pertsona jakinen araberako akusazioak “eraikitzeko” (independentismoaren aurka, demagun) baita beste pertsona jakinen neurrirako itsutasuna lotsagabeki erakusteko (Juan Karlos errege eta lapur emeritua, kasu) aritu ohi dela”

Horixe, Espainia aldean, beti bezala, zaharrak berri.

Search