0 comments

Eskozia: eta hizkuntzak?

Gaurko albistea dugu,  lehen aldiz inkestetan baiezkoa iragartzen da Eskozian independentziaren alde. Egun ederra izango da Europa osoarentzat Eskoziako independentziarena, hala gauzatzen bada: demokraziaren benetako aldarrikapena litzateke, hautsaz edonon harrotuz. Egun batzuk itxaron beharko, hala ere, erreferendumaren emaitza ikusteko.

Kataluniako, Galiziako, Bretainiako, Euskal Herriko soberanismoan funtsezkoa dugu hizkuntzaren gaia, hizkuntzaren aldarrikapena lehen mailako kontua izanik. Egunotan Eskozian garatzen ari den prozesuan eta independentziaren inguruko eztabaidan hizkuntza eztabaidatik kanpo dagoela dirudi; ekonomia da nagusi: libra, iparreko petrolioa, kanpo-zorra…

Ingelesaz aparte, ez al dago hizkuntza berezkorik Eskozian, ala? Bada bai, eta bi gainera.

LALLANS

Alde batetik daukagu hizkuntza germanikoa, lallans edo scots izeneko hizkuntza, eskoziera euskaraz. Eztabaidatu egiten da benetan hizkuntza den edo ingelesaren dialektoa; askotan hizkuntza edo dialektoaren arteko muga lainotsua izaten da. Eskozierak desberdintasun ugari baditu ingeles estandarrarekiko, eta gauza askotan berau baino arkaikoagoa da. Eskoziako biztanleen % 30ek daki hizkuntza honetan hitz egiten. Eskoziako erdialdean eta hegoaldean dago zabalduta. Hona hemen lotura batzuk honetan interesik duenak begiratzeko:

Kuriosotate modura, hona hemen euskarari buruz eskozierazko wikipediak dioena (ingelesa jakinda, nahiko ulerkorra suertatzen da):

 

ESKOZIAKO GAELIKOA

Eskoziako gaelikoa da bigarren hizkuntza berezkoa, hizkuntza zeltikoa. Garai batean Eskoziara Irlandatik heldutako hizkuntza zen, eta Behe Ertaroan zabalkuntza handia lortu zuen Eskozian piktoen eta britanoen hizkuntzen kaltean (gaur galesera da britanoaren ondorengo zuzena, hau ere zeltar jatorriko hizkuntza). Ertaroko Alba (eskozieraz) edo Eskozia erresuman hizkuntza gaelikoa gailendu zen, gortearen hizkuntza izanik. Norman Davies hizkuntzalariak bere liburu aberats eta ederrean (Reinos desaparecidos.La historia olvidada de Europa) esaten du MacBethad erregearena izan zela hizkuntza gaelikozko azken gorte eskoziera (1057 urtera arte, beraz).

Gaur Eskoziako % 1 soilik da gai gaelikoz hitz egiteko, 60.000 pertsona inguru, eta kopuru hori etengabe behera ari da joaten. Batez ere Iparraldeko irletan mantentzen da gaur bizirik. Azken urteetan berrindartzeko hainbat ekintza ari dira egiten. BBC kateak baditu gaelikozko irratia eta telebista kateak (BBC Alba telebista, kasu). Gainera hezkuntza sisteman ere sartu da hizkuntza. Izan ere, 2005 urtean ofizialtasuna onartu zion Eskoziako Gobernuak, Gaelic Language Act-en bidez

KANTA EDER BAT AMAITZEKO

Badago Eskozian kanta hunkigarri bat, Loch Lomond izenekoa. Dirudienez Eskoziaren aldeko armadaren soldadu batek sortutakoa da, 1745 urteko altxamenduaren garaian. Bertsio zirraragarri hau Runrig folk talde eskoziarrena da, zuzeneko emanaldi batekoa; goza ezazu:

 

 

 

/