0 comments

EAEko hezkuntza bidegurutzean (Hezkuntza Akordioa 2)

Hezkuntza arloan Eusko Jaurlaritza erabaki historikoaren atarian dago. Hemendik aurrera hartuko den norabideak berebiziko garrantzia izango du. Ikusiko dugu:

 NONDIK GATOZ: Espainiak inposatutako LOMCE legearen aurrean Heziberri prozesua bultzatu zuen Jaurlaritzak. Proposamen pedagogiko interesgarri batzuekin batera, Heziberriren curriculumak bere egin ditu LOMCEren eskakizun guztiak. Eta orain Heziberriren azken fasean gaude: EAEn Hezkuntza Lege berri bat sortzeko prozesuan.

 AZKEN KONTUAK: Legearen oinarri izateko, Jaurlaritzak dokumentu bat jarri du eztabaidagai, bost punturekin: modernizazioa, bizikidetza, hizkuntzak, ebaluazioa eta autonomia. Euskadiko Eskola Kontseiluaren oniritzia hartu badu ere, eztabaidak argi utzi du eginiko bidearekin eta planteamenduarekin ez daudela ados ez sindikatuak (guztiek aurkako jarrera erakutsi dute: LABek, STEILASek, ELAk, CCOOk) ez hezkuntza publikoko guraso elkarteak (guztiak aurka daude). Arazo erreal batzuk eta ikuspegi kritikoak baztertze aldera eztabaidatik at kontu funtsezkoak utzi direla leporatzen zaio Hezkuntza Sailari, hau da, eztabaida bideratua eta mugatua izan dela. Lege baterako elementu erabakigarri batzuen inguruan ez da tutik ere aipatu. Gainera, irakaskuntza publikoan beste ekimen batzuk burutzen ari dira, bai LOMCEren eta Heziberriren aurka, bai eskola segregazioaren aurka; Jaurlaritzak daraman hezkuntza politikaren salaketa kalean dago. Izan ere, irakaskuntza publikoa egoera larri-larrian dago.

 NORI INTERESATZEN ZAIO LEGE BERRIA?: Pribatuetako patronalek argi utzi dute lege berria nahi dutela, lehenbailehen. Horrekin ikastetxe eta ikastola pribatuen finantziazioa hobetzea espero dutela ere adierazi dute. EAEko lege berriak hezkuntza arloan Espainiarekiko eta Frantziarekiko burujabetza ekarriko lukeela ere adierazi da.

 ZERGATIK EZ DA ONARTZEKOA?: Labur-labur, nire iritzia:

  • LOMCE indarrean dagoen bitartean horretara makurtuko den legea ez dugu behar, ez dugu nahi. Lege berria LOMCEren semea izango da. EAJk argi utzi du arlo guztietan indarrean dauden legeak beteko dituela. Eta, gainera,  PSErekin ari da gobernuan
  • “Akordioan” proposatzen diren hobekuntza-neurriek ez dute lege baten babesa behar; oraingo lege markoan berrikuntza eta hobekuntza ugari bideratu daitezke, borondate politikoa badago. Are gehiago, oraingo legediak (Euskal Eskola Publikoaren Legea) zabaltzen dituen aukera asko (ikastetxeen autonomia, kasu) garatu gabe daude.
  • Proposamenetan ez da argi ikusten nola helduko zaion gure sistemaren arazo nagusiari: banaketa sozialaren arabera gero eta era nabarmenagoan antolatutako bi hezkuntza sare.
  • Arrisku erreala: Gobernu honek daraman pribatizazio politikak bultzatzeko beste urrats bat izatea hezkuntza lege berri hau (eztabaidatik kanpo utzi duten kontuek susmoa pizten dute).

 

ORAINGO EGOERA: Jaurlaritzak erabaki behar du dituen oinarri eztabaidatu horietatik aurrera egingo duen lege berri bat sortzeko edo asmoa hozten utziko duen. Aurrera jarraitzekotan, badirudi langileen ordezkari diren sindikatuak eta hezkuntza publikoko eragileak izango dituela aurrean. Horrela ekin dakioke lege berri baten egitasmoari? Aurrera jarraitzekotan konfliktoa segurua da, eta ez da izango epe motzeko kontua. Hau da egoera, eta horregatik garrantzi handia du hemendik aurrerakoak.

 MADRIL ETA GASTEIZ: Azken urtean Espainia mailan Madrilen lantzen ari zen Hezkuntza Ituna; maiatzaren erdialdean negoziazioetatik eragile batzuek (PSE, Podemos, ERC) alde egin ondoren Madrilen EAJk ere bertan behera utzi zuen bere partaidetza, aniztasun nahikorik ez zegoelako hezkuntza-akordiorako. Galdera zuzena da: hezkuntza publikoko eragileen oposizioarekin ba al dago hemen, Gasteizen, aniztasun nahikorik itunarekin (eta legearekin) aurrera jarraitzeko? Irizpide berak balio du Madrilen eta Gasteizen?

 Aho-zapore gozoaz amaitzeko, bideo labur eder eta alaia Euskal Eskola Publikoaren jaiaz:

 

/