0 comments

IRAKASLE NAFAR ZINTZOA IZANGO NAIZ

Yolanda Barcinaren gobernuak testu-liburuak aztertu ditu eta askotxo erretiratu ditu Nafarroako errealitatea ez errespetatzeagatik. Euskal Herriarekin batzen da Nafarroa, onartezina. Bereziki euskara ikasgaian gertatzen da; hona hemen linka:

http://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20141001/educacion-retira-22-libros-de-texto-en-euskara-por-no-respetar-la-realidad-institucional-navarra

Euskara irakasle nafarra banintz eta  irakasle nafar zintzoa izatea erabakiko banu ..., Nafarroako errealitate instituzionala errespetatuz ...  Ikus dezagun:

Bigarren mailako ikasleekin Euskal Literatura (XVI-XVII-XVIII mendeak) eman behar dut, baina alde batera utziko ditut Nafarroakoak ez direnak, ez dut beste komunitate autonomoetako idazlerik sartuko, Euskal Herria izeneko entelekia hori ez nahasteko gure foru komunitatearekin. Gaitegia lantzeari ekingo diot:

 Bernat Etxepare, euskararen lehen idazlea, azaldu beharko nuke? Sarasketan jaio zen eta, beraz, Behe Nafarroakoa den aldetik, bai, nafarra kontsidera nezake. Baina kontua da gaur egungo legalitateari helduta Sarrasquettekoa da: gaur egun, Frantziako herri bat. Ezin da onartu gaurko Nafarroaren legalitatearen ikuspegitik. Frantzia Frantzia da eta Nafarroa Espainia. Etxepare kanpora!

 Euskarazko bigarren liburua, Testamentu Berriaren itzulpena, Nafarroako erregina Joana Albretekoak agindu zuen. Sar dezaket gure programan? Interesgarria izan daiteke. Bada, egilea, Leizarraga, Lapurdikoa zen, ez zen nafarra. Ez litzateke zuzena izango ikasle nafarrentzat. Gainera sarreran Euskal Herri osoa aipatzen du, esateko leku bakoitzean era batean hitz egiten dela euskaraz. Ez ditu betetzen gure testuek bete beharko lituzketen baldintzak. Fuera Leizarraga! Honekin XVI mendea desagertu zaigu gaitegitik. Ikasleek arindua eskertuko dute, seguru. Goazen XVII.era.

 Kontxo!, nafar bat!, Pedro Axular, Urdazubin jaioa! Sartu ahal izango dut. Baina nahiz eta Nafarroa Garaian jaio Lapurdiko Saran eman zuen bizitza (Urdazubitik 10 kilometrora) eta han egin zuen lana, han bildu zituen inguruan beste idazleak, guztiak baskoak, bat ere ez nafarra! Gainera honelako esaldi identitario-nazionalista-baztertzailea idatzi zuen: “Egun batez, konpaiñia on batean, euskaldunik baizen etzen lekhuan nengoela, …”.  Axular, badaezpada, ezin da sartu programan, oso kutsakorra dirudi. Guardia Zibilak Nafarroako irakasleen inguruan egiten dituen txostenetan agertuko litzateke, seguru. Eta horrekin XVII. mendea amaitu zaigu Nafarroan. Ikasleak pozik, imaginatzen dut; materiaz ez dira itoko ikasturte honetan.

 XVIII. mendea ez da oso aberatsa euskal literaturan, baina hainbat kontu badira. Sebastian Mendiburu daukagu, goi-nafarreraz idazten zuen, Iruñean ikasi eta apaiz lanetan ibili zen, predikadore famatua bere garaian, jesuita. Badugu hautagai egokia Nafarroako eskoletan irakasteko: katoliko-katolikoa, apaiza, nafarreraz idazten duena, ez Euskal Herri osorako nahi duten Batua horretan … Baina, hau ere ustel! Oiartzungoa zen, giputza! Eta gainera beste giputz baten jarraitzaile (Larramendi erradikala)! Ez da fidatzekoa, otsoa ardiaren jantzian, ezin onartu! Akabo XVIII. mendea.

 Ikasle maiteok, albistea dakarkizuet, manipulazio ideologikorik ez egiteko, Nafarroako errealitate instituzionala errespetatuz eta  agintarien irizpideei jarraituz, Literaturako gaitegia nahikotxo urritu zaigu. Ikasturte hau, hain zuzen ere, hutsean geratu da. Gaindituta zaudete guztiok: Nafarroan XVI-XVIII. mendeen bitarteko literaturaz jakin beharrekoa badakizue, soberan, gainera.

  Iribas, Barcina, lortu dut! Euskal literaturaren irakaskuntza ezerezean utzi dut! Eureka! Nafar irakasle zintzoa naiz!

 

 

 

 

 

 

/