0 comments

Zazpi argitalpen, musikan diharduten emakumeak argitara ateratzeko

Musikari buruzko literatura espezializatu asko idazten den arren (musikari, produktore, diskoetxe eta abarrei elkarrizketak, disko, instrumentu eta materialei buruzko kritikak...), emakumeak oraindik ez ditu gizonak haina orrialde betetzen industria zabal honi dagozkion argitalpenetan. Ordea, izan badira musikan diharduten emakumeak. Eta emakumeen gorputzak gitarra eta sintetizadore garestiak saltzeko aitzakia gisa erabiltzen dituzten aldizkari espezializatu horietatik harago, badira beste mota bateko argitalpenak. Horietan, urteko bateria jotzaile onenen zerrendan, ez dira gizon zuriak soilik ageri.

1. Women in Sound

Women in Sound fanzineak (oraingoz bi ale kaleratu dira) soinuaren industrian lan egiten duten emakume askori egindako elkarrizketak biltzen ditu: teknikariak, injeniariak, luthierrak, diskoetxeen jabeak, konposatzaileak, produktoreak... Ez da ohiko soinuari buruzko erosketa-katalogo itxurako aldizkari komertziala. Bai, ordea, soinuaren munduan diharduten emakumeentzako inspirazio iturri eta erakusleihoa.

2. She Shreds

She Shreds aldizkaria

Gitarra jotzaile edo baxu jotzaileentzako aldizkari espezializatu arrunta litzateke, ezaugarri ezohiko bat ez balu: emakumeak azaltzen direla aldizkariko orrialdeetan. Hamar dira orain arte kaleratutako aleak.

3. Ellas hacen ruido

Espainiar estatuan, musika esperimentala eta ikus entzunezko sorkuntzak egiten diharduten emakumeei buruzko fanzinea da honakoa, ikerketa kutsukoa. Historiaren eta egungo egoeraren panoramika osatzen du Natalia Piñuel autoreak, 2014. urtean argitara emandako lanean.

4. Tom Tom Magazine

Tom Tom Magazine

Eta bateria jotzaileentzat? Ba, Tom Tom Magazine. Dagoeneko hogeita sei ale argitaratu dituzte eta ale haina gai jorratu: tourreko bizitza, musika esperimentaleko perkusioa, beatmakerrak, orkestrako bateria jotzaileak... Gomendioak eta teknikari buruzko artikuluak ere ekarri ohi ditu ale bakoitzak.

5. Influential Women In Early Electronic Music

Musika elektronikora itzulita, inspirazio iturri izan daitekeen beste fanzine bat. Musika elektronikoan aitzindari izandako emakumeak dakartza, baita, aipatutako artistetako batzuk biltzen dituen CDa ere.

6. Pink Noises: Women on Electronic Music and Sound

Musika elektronikoa etiketa nahiko lausoa izanik, honetan interesa duenak, gehiago irakurri nahi izango du gaiaren inguruan. Pink Noises liburua litzateke aukeretako bat. Women in Sound fanzineak bezala, elkarrizketa bidez ematen ditu ezagutzera lan honek zuzeneko DJak, irratietakoak, konposatzaileak, inprobisatzaileak, instalazio eta performanceak egiten dituzten artistak eta beste.

7. female:pressure

Gaur, duela hiru hilabete, utzi zioten Tumblr honetan argitaratzeari, baina bostehun emakume baina gehiagoren testigantzak biltzen ditu. Sare sozialetan jaso ohi dugun informazioaren modura, sinplea eta eraginkorra da webgune honek emakumeak musika produkzioan aritzen direla erakusten duen modua. Argazki batzuk (edo bideoa), izen bat, eta produzitutako musika entzun ahal izateko estekak.

Riot Grrrl mugimenduak lan handia egin izan du emakume musikariak eta euren lanak jakitera emateko. Gaur egun, espektroa zabaltzen ari dela dirudi. Agian, egunen batean, baten bat euskaraz irakurtzeko aukera ere izango dugu. Bitartean, bada zer irakurria edota nondik hartua eredua.

/