Gorka Rubio naizplus bloga

Emaztea edo zaintzailea?

Aurrekoan aipatzen genuen kezka sortu zela argazki bat ikusteak norbaiten konportamenduan ondorioak izan ditzakeela eta. Gizakiok, irudi bat ikusten dugunean - izan argazki bat edo akzio bat erakusten duen bideo bat- begiratu egiten dugu, ikusi eta akaso ikusitako hori ulertu. Horretarako, segundo gutxi batzuetan irudiari begira ikusitakoa oinarri hartu, suposizioak egin eta gauzak emantzat jotzen ditugu. Noski suposizio horiek ez dira bakarrik irudian jasotako informazioan oinarritzen. Ikusitakoaz gain, gure testuinguru, ezagutza, balore eta abarrek markatzen dituzte suposizio horiek. Hori da milaka pertsonek bideo hau ikustean gertatu dena.

Martxoaren 10ean Robert Kelly Zientzia politikoetako irakaslea BBC ko albistegi batean elkarrizketatu zuten, hego Korean Park Geun-hye presidentea bere kargutik kendu zutela eta analisi bila. Egun telebista publiko britainiarrak ohitura duen moduan elkarrizketatua eta elkarrizketatzailea Skype bidez jarri zituen harremanetan. Bata hego Koreako bere etxean, bestea BBCren estudioetan.

Elkarrizketa hasi zen eta Kelly ordenagailuari begira zegoen Londoneko estudioetatik eginiko galderak erantzuten. Tarte batera, bideoko irudiaren atzean ikusten den ate beltza zabaldu eta haur bat sartzen da eszenan. Kamerara gerturatzen doa haurra alai eta elkarrizketatuaren ondoan jartzen da. Pentsa daiteke haurrak aitaren ondora joan nahi duela. Bere aita zer dabilen ikustera edo. Elkarrizketatuak haurra atzera bultzatzeko keinua egiten du. Une berean haur txikiago bat azaltzen da eszenan taka taka baten laguntzaz eta azkenik atzetik emakume bat azaltzen da arrapaladan. Emakumea makurtuta ageri da, haurrak heldu eta gelatik ateratzea lortzen du. Azkenik emakume bera katuka ate atariraino bueltatu eta hau ixten du. Elkarrizketan korrupzio kontuak, bi koreen arteko tentsioak eta egon daitekeen mehatxu nuklearra eta abar hizpide dituztelarik Kellyren bulegoa haur festa xelebre bat bihurtu da une batez. Bitartean, ikusleak zer gehiago gertatu ote litekeen galdetzen dio bere buruari. Elkarrizketak normaltasunez jarraitzen du.

Bideoa, bistan da, oso barregarria dela. Sare sozialetan zeresan handia sortu du. Dena oso kontu gizatiarra. Haurrak haur leku guztietan, -jakin denez haurrok beraien aiton amonekin komunikatzeko skype erabiltzen omen dute-. Gizatiarra ere sare sozialetako erabiltzaileek izandako erreakzioa, barrea atera digute haurrok eta.

Hala gertakari honek gure aurreiritzi eta usteak zalantzan jarri eta gauzak zertan diren ziurtatzeko dugun gaitasuna frogan jartzeko balio du. Izan ere sareetan eman diren erreakzioei erreparatuz askok uste izan dute eszenan sartzen den emakumea haurren zaintzailea dela. Eta noski, hori uste izan dutenek bigarren ondorioa egin dute: Emakume horrek etxe horretan, gizon horrentzat egin dituen lan egunak une horretan bertan amaitu direla. Horrela milaka iruzkin maltzur izan dira balizko egoera horren inguruan. Okerragoa da ordea twitter teletipo zerbitzu klasikoen moduan erabiltzen duten zenbait kazetarik norbanako horien uste eta iritziak besterik gabe ontzat eman izana. Ondorioz, zenbait hedabidek ildo bereko titular eta albisteak argitaratu dituzte. Baina errealitatea beste bat da, bideoan azaltzen den emakumea haurren ama da eta ez kontratupean edo batek daki kontratu gabe haurrak zaintzen zebilen langile korearra. Baina kazetariontzat, nonbait askok errepikatutako kontua izanagatik, horrela izango zen, egia izango zen.

Honek denak noski eztabaida piztu du. BBC k zera galdetu du: “Arrazoizkoa al da pentsatzea emakume hori zaintzailea zela?” Edo “benetan 2017an oraindik estereotipoen arabera irizten dugula?” 

Eztabaidak luze jo du mendebaldean, erresuma batuan eta bere eragin eremu algoxajoiean, non BBCk zabalpen handia duen eta jatorri desberdineko herritar asko bizi eta etorkina etxeko lanetan ikustera ohituak dauden. Globalitatearen kontuak edo, askotan ez diogu erraparatzen gure pantailetan ikusten ditugunen kontextuari. Kasu, bata londresen zela, bestea Korea. Adierazgarria The Guardian egunakariak gaiari buruz argitaratu albistearen eztabaida aria

Ziurrenik, eta hau nire suposizioa da, ondokoa gertatu zen: Emakumeak bazekien bere senarra BBCk elkarrizketatuko zuela. Horrela, une batez bere haurrei so egiteari utzi eta etxeko telebistan jarri zen elkarrizketa ikusten. Hau ere oso gizatiarra, batez ere etxean horrelako bi deabru txiki dituztenentzat. Alako batean Telebistan elkarrizketari begira zela bi txikiak azalduko ziren pantailan. Noski, emakumea korrika joango zen senarra zegoen bulegora eta azkenik bera ere pantailan agertu zen aurretik deskribatutako eszena osatuz. Baina hau dena nire suposizioa da. Nire testuinguru eta aurre iritziekin egindako suposizio bat. Ah! Nire testuinguruan, bideoa ikusterako banekien emakumea ama zela. Eta Elkarrizketatuak lehen haurrari atzera egiteko ematen dion bultzadatxoak bere aita dela pentsatzera eraman ninduen. Bainoa hori nire ustea da.  

Kontuak kontu, bideoaren arrakasta ikusita BBC-k bikotea elkarrizketatu du eta jendeak sarean izandako erreakzio eta iritzien inguruan galdetuta zera erantzun dute: Kontuaz ez duela hitz egin ere eta... espero dutela jendeak egoerarekin farre egin eta ondo pasa izana.