ttiklik blog naiz

Amorruaren kudeaketa

Gestión del enfado

 

Gaurko testua,  Nerea Mendizabalek  Ataunen (Gipuzkoa) eman zuen hitzaldi batetik ateratako laburpentxo bat da. Mila esker Ainhoa!

Hitzaldiaren gaia haserrearen edo amorruaren kudeaketa izan zen. Kontutan izan beharreko aurreneko puntua, amorrua edo haserrea zerbait positiboa dela  da, zuzenean begiratu behar duguna eta erabili behar dena, itoarazi gabe, eta/edo berau sentitzeagatik gaizki sentutu gabe. Haserrea barruan dugun energia indartsu bat da, gorputzak gure barruan zerbait pasatzen ari dela esateko erabiltzen duena. ‘Zerbait’ hau, ase gabeko behar batzuk izaten dira. Beraz, zer behar ditugun ikusteko,  erabil dezagun amorru hori; honela, gure bizi-kalitatea eta erlazioak hobetuko ditugu.

Hau lortzeko, Nereak pausu batzuk markatzen ditu, barruko ‘kaka’ guzti hori (haserre, inpotentzia, amorrua…), konpost bihurtu dezagun (hobeto sentiaraziko gaituzten ekintza zehatz batzuk). Pausuak (gutxi gora behera) hauexek lirateke:

1. HASERREAREN FESTA EGIN:

Hau da, haserre horri lotuta dagoen dena kanpora atera, epaiak, amorrua, gure ikuspuntuak… Bakarka (idatziz, ahotsez esanda…) edo lagun batekin egin dezakegu (konfiantzazkoa).

2. GORPUTZAREN BIDEZ HASERREA ASKATU:

Garrasi egin, salto, dantza, kuxin bati kolpeak eman, korrika egin…Ondoren erlaxatuago egongo gara.

Puntu honetan eztabaida interesgarri bat sortu zen: hau dena gura haurren aurrean egitea komeni ote den edo ez. Nerearen ustetan, gura seme-alabei haserrea ateratzen erakutsi behar diegu; ez dezatela barruan gorde. Badaude gure umeen aurrean egin beharko EZ genituzkeen gauzak, eta badaude baita beraiek aurrean izanda hain libreki egingo ez ditugunak ere. Nereak zioen gure semea edo alabari honako hau esan geniezaiokeela: “begira, oraintxe bertan pasatzen ari den honek, gaizki eta haserre  sentiarazten nau, eta momentu batez banoa (kanpora, gela batera…), barruan daukadan amorru eta/edo frustrazio hau botatzera”

3. HASERREA BAINO HARATAGO BEGIRATU; HAU DA, HASERRE HORREN MUINEAN DAUDEN ARRAZOIETARA JO.

Adibidez:

- Kasu egin ez didalako haserretu naiz -> baloratua sentitzeko beharra.
– Bere anaiarekin joka dabilelako haserre nago  -> inguru baketsu eta harmoniko batean bizitzeko beharra.
– Jaten ez duelako haserretzen naiz -> osasunak kezkatzen nau

- …

 

4. AHOZ ESANDAKO BEHARRAK ANTZEMANDAKOAN, HAU DA, AMORRU HORI ZERGATIK SORTU DEN ZURE BARNETIK HITZ EGIN.

Ez esan besteari: “Kasurik egiten ez didazulako haserretu naiz”. Hori juizio bat egitea da. Zera esan beharko genuke: “Maitatua izateko beharra daukadalako gaizki sentitu naiz, eta kasurik egiten ez badidazu, maite ez nauzula sentitzen dut”. Hau bakoitzak duen beharrez hitz  egitea da.

5. BEHAR HORIEK OSATZEKO MODUA AURKITU. 

Adibidez, goizetako martxa handiegia bada, gosaltzeko denborarik gabe, ikastolara iristeko denbora juxtuaz, eta denok haserre bukatzen badugu, laguntza eskatu dezaket. Gure haurrari eskatu diezaiokegu laguntza hori, baina oso txikia bada, ez du ulertuko edo ez du laguntasun honek asko iraungo; kasu honetan laguntza heldu bati eskatzea hobea da.

Hau dena nire amorrua kudeatzeko garaian. Bigarren baten haserrea bada kudeatu behar duguna (zure aurrean dago, ‘kaka’ guztia askatuz), hauek dira jarraitu beharreko pausuak:

1. Bere haserrea da, EZ nirea.

Ez dut bestearen haserre guztia xurgatuko duen esponja bat bezala jokatu beharrik (nirea propioa sortuz), berea den gauza bat bezala begiratu behar dut. Nereak zioen, bion artean konketa bat dagoela pentsatzea dela hoberena, eta bere haserrea konketa, kubo, edo armairu hori betetzen doala bistaratzea.

2. Besteak haserre guztia askatu duenean:

Berari begira zaudelarik eta lasai, aurreko puntuetako pausuak ematen lagundu beharko diozu, hau da, bere ‘kaka’ konposta bihur dezala, eta hemendik hasita, bere beharrak identifikatzera pasatu.

…………… eta beno, hau dena teoria da …. orain “praktika”, “praktikatzen” lortuko dugu :)

Ainhoa Alonso