ttiklik blog naiz

Haurrek mugak behar dituzte, ala amaren presentzia?

_es: L@s niñ@s necesitan límites, ¿o la presencia de la madre? 

 

Haur batek neurririk gabe "eskatzen" duenean, edo etengabe mugituz distraitu egiten gaituenean edo arreta eskatzen digunean, esan ohi dugu haur horrek "ez duela mugarik".

Hala ere, haurrak epaitu eta haien portaerari etiketa jarri aurretik, saia gaitezen haien lekuan jartzen, haien gorputzean gaudela irudikatzen, haiek bezain nahastuta, benetan behar duguna komunikatu ezinik. Haurrek "entzuteko prest gaudena" eskatu ohi dute, benetan nahi dutena eskatu beharrean. Jada ikasi dute molestatzen duenak beti lehentasuna duela besteen arreta bereganatzeko.

Eskari desplazatu

Helduok geure behar pertsonalak modu soil eta logikoan ezagutzeko gaitasunik ez badugu, nekez ulertuko dugu haur batek duen behar espezifikoa; eta are nekezago, behar hori okerreko planoan adierazita badago. Konturatu gabe, gure ustez entzuna izango dena eskatzen dugu, eta ez benetan behar duguna. Guztiok hain sarri erabiltzen dugun fenomeno horri "eskari desplazatu" deitzen diot nik.

Adibidez: emakumeok geure senarrak gu besarkatzea eta zenbat maite gaituen entzutea behar dugu. Hala ere, geure behar afektiboa zein den zehatz azaldu beharrean, haurrari pixoihala aldatzeko eskatzen diogu. Nahi bat beste nahi baten bidez adierazten denean, gaizki-ulertua sortzen da. Modu inkontzientean, behar duguna ez den beste zerbait eskatzen dugu eta, beraz, ez dugu nahi duguna lortzen; ondorioz, ez gara ulertuak eta baloratuak sentitzen, eta haserretu egiten gara. Plano emozionalean, zer gertatzen zaigun ez dakigunean edo ez garenean hori azaltzeko gai, argi dago ez inork eta ez ezerk ezingo gaituela asetu.

Haurrei dagokienez, egoera hori hain da ohikoa, eguneroko bizitza "gudu-zelai" bihurtzen baita. Eskolara joateko ohetik jaikitzea, jatea, bainatzea, erosketak egitera joatea, etxeko lanak egitea, leku batera iristea edo handik joatea, familia osoa jatetxe batera joatea... Guztia "gaizki-ulertu" izugarri bat dela ematen du, eta guztiok minduta amaitzen dugu. Eta ia edozein haur eta egoerei aplika dakiekeen etiketa bat aurkitu dugu, gaur egun oso modan dagoena: "haur honi mugak falta zaizkio".

 

 

Mugak

Mugen kontua —normalean ulertu ohi dugun bezala— arazo faltsua da, ez baitauka zerikusirik autoritatearekin edo "ez" esateko erabiltzen dugun irmotasun-mailarekin. Alderantziz, erraz konponduko litzateke bataren eta bestearen nahien artean logika duen hitzarmena lortzeko gai izango bagina. Eta, horretarako, beharrezkoa da entzuteko gaitasuna edukitzea, eskuzabaltasunez jokatzea, norberaren beharrak aitortzea eta, azkenik, ahozko komunikazioa, hitzarmena legitimatzeko eta hitzartutakoari buruz zer errespeta dezakegun finkatzeko.

Zer egin behar dugu gure haurrak ondo porta daitezen, adeitsuak eta hezibide onekoak izan daitezen, eta gure gizarteko arauak errespetatuz bizi ahal izan daitezen? Horixe galdetzen diogu geure buruari. Hala ere, "emaitza" horiek ez dira hainbeste gure aholkuen araberakoak izango —eta are gutxiago gure autoritarismoaren araberakoak—, benetan komunika dezakegunaren araberakoak baizik. Horretarako,

- Ezinbestekoa da etengabe barrurantz begirako lan bat egitea. Ezin dut esan zer gertatzen zaidan, benetan zer gertatzen zaidan ez badakit.

- Gero, beharrezkoa da haurrari zer gertatzen zaion jakitea. Eta orduan bakarrik lortu ahal izango ditugu hitzarmenak, bioi gertatzen zaiguna onartuz eta horretan oinarrituz. Gure haurrak esanekoak eta ulerkorrak izatea nahi badugu, haiekin eta geure buruarekin samurtasunez jokatzen ohitu beharko dugu.

Bestalde, haurraren jatorrizko eskaria zein den ulertzeko, txikienen oinarrizko beharrak oso ondo ezagutu beharko ditugu. Helduok sarri pentsatzen dugu "handiegiak" direla honetarako edo hartarako. Gehienetan, haientzat oraindik eskuraezina den trebetasunen bat lortzea nahi izaten dugu: bakarrik jolastea, atzamarra ez zurrupatzea, urtebetetze-jaietan gu gabe geratzea, biberoia uztea, handiak hizketan ari garenean ez etetea, geldirik egotea, etxeko lanak bakarrik egitea, telebista ez ikustea, ez molestatzea eta abar.

Presentzia fisikoa eta konpromiso emozionala

Baina zailtasuna honetan datza: gurasoen presentzia konprometitua urria izaten da. Haurrek "mugarik ez dutenean", "neurririk gabe eskatzen dutenean" edo "ezertxorekin konformatzen ez direnean", presentzia fisikoa eta konpromiso emozionala ari dira eskatzen, eskari desplazatuen bidez. Izan ere, haurrek sentitzen duten hutsunea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gehiago eskatzen dute, orduan eta gutxiago jasaten ditugu, eta orduan eta gehiago bidaltzen ditugu etxetik, erre-erre egiten gaituztelako. Eskoletara bidaltzen ditugu ordu mordoa pasatzera, asteburuetan aitona-amonen etxera, eskolaz kanpoko jarduera pilo batera apuntatzen ditugu... Eta, horrela, haiengandik bereizten gaituen deskonexioa eta amildegia are sakonagoak egiten dira.

Kirioak dantzan jartzen dizkigun haur bat, behar asegabeak dituen haur bat baino ez da.

Horregatik, mugen kontua arazo faltsua da. Mugei buruz hitz egiten dugunean, kontuan hartu behar dugu gure haurrekin komunikatzeko eta haiekin zintzotasunez hitz egiteko zein gaitasun dugun.

Horrek ez du esan nahi zentzurik gabeko gutizien tirania jasan behar dugunik. Alderantziz, haurrak ez du edozer egiteko askatasuna, baina guk ere ez. Haurrari zer behar duen eta zertan lagun diezaiokegun galdetu behar diogu, eta helduoi zer gertatzen zaigun eta zer eskaintzeko moduan gauden azaldu. Gero, egin daitezkeen zenbait hitzarmen egingo ditugu. Horixe besterik ez.

 

Laura Gutman
Familia-terapeuta eta idazlea, Buenos Aires-ko Crianza erakundearen sortzailea

Iturria: guraso.com