ttiklik blog naiz

Zakukada bat pazientzia

Oparipuin bat oparitu nahi? Ezer ordaindu gabe?

¿Quieres regalar un cuento? ¿Gratis?


www.ttiklik.com webgunearen 1. urtemugako zozketan irabazle suertatu zen Erandioko Aizpeari Maite Frankok idatzitako ipuina

 

Ipuintxo bat idatziko diot, di-da, lehenbailehen jasotzea beharrezko duen Aizpeari; itxoiten ez dakien gure panpoxari; hilabete gutxitan, bere ahizpa txikiaren etorrerarekin, txikia izatetik handira izatera pasa denari; arrapaladan, zirt-zart, gertatu den kategoria aldaketa hau onartzeko denborarik izan ez duen neskato maitagarriari. Zuretzat, beraz, ipuintxo hau, Aizpea, amak bere erara kontatzeko eta belarrira astiro-astiro xuxurlatzeko egina.

  

Ipuintxo bat idatziko diot, di-da, lehenbailehen jasotzea beharrezko duen Aizpeari; itxoiten ez dakien gure panpoxari; hilabete gutxitan, bere ahizpa txikiaren etorrerarekin, txikia izatetik handira izatera pasa denari; arrapaladan, zirt-zart, gertatu den kategoria aldaketa hau onartzeko denborarik izan ez duen neskato maitagarriari. Zuretzat, beraz, ipuintxo hau, Aizpea, amak bere erara kontatzeko eta belarrira astiro-astiro xuxurlatzeko egina.


 

Bazen behin neskato bat, Aizpea izenekoa, Olentzerori zakukada bat pazientzia eskatzea bururatu zitzaiona. Zer ote zen oso argi ez zuen arren, arazo gutxiago izateko balio zuen zerbait zela intuitu zuen, izan ere zerbait txarra egin eta gurasoek errieta egiten ziotenean, (adibidez, eraikitako dorreak erortzean, haserre bizian, piezak jaurtikitzen hasten zenean) beti esaten zioten: “Pazientzia, Aizpea, horixe da falta zaizuna!”. Hau da, bazirudien pazientzia ez izatearen ondorio zirela bere hanka-sartze guztiak.


Baina pazientziak botere magiko gehiago ere ba omen zituen. Adibidez, gurasoek errieta txikiagoa egiteko ere balio omen zuen. Behin baino gehiagotan, ama kopetilun jarri, ukabilak estutu eta hipopotamo-orroa botatzekotan zela, bere buruari “Pazientzia, Garbiñe, pazientzia …” esan eta akabo errieta!

Zoragarria zirudien, dudarik gabe, pazientzia delako horrek. Eta gainera azkenaldi hartan Lierni, ahizpa txikia, jaio zenetik, botere magiko horien behar handiagoa sentitzen zuen Aizpeak, amarekin etengabeko sesioan baitzebilen, zergatik oso ondo ez zekien arren. Beno, batzuetan oso arrazoi argiengatik izaten zen: “Ama, Liernik marrazkia hondatu egin dit!” “Ama, Liernik kartak hautsi dizkit”, “Ama, Liernik ez dit jolasten uzten!” “Pazientzia izan, Aizpea – erantzuten zion amak- Lierni pixka bat handitzen denean, elkarrekin jolastu eta oso ondo pasatuko duzu berarekin. Pazientzia, Aizpea, pazientzia.” Baina Aizpeak pazientziarik ez zuen. Horregatik, horixe izango zen Olentzerori eskatuko zion bakarra.

Hasieran, zalantza txiki bat izan zuen: zenbat pazientzia eskatu? Kilo bat? Bi? Jakin bazekien gastatzen zen gauza bat zela, esnea edo ogia bezala, askotan entzun baitzien gurasoei: “Aizpea, pazientzia bukatzen ari zait!” Eta hau errieta potoloa etor zitekeen seinalea izaten zen. Beraz, badaezpada ere, zakukada handi bat eskatuko zion bera eta etxeko guztien artean partitzeko adina izateko.

Kaleko Gabon argiak piztu zituzten egunean bertan idatzi zion Olentzerori gutuna, eta harrez geroztik  “Noiz etorriko da Olentzero?” etengabe galdetzen zuen, gurasoak aspertu arte. “Asko falta da oraindik, laztana”, erantzuten zioten; “pazientzia behar duzu, maitea”. “Horregatik, horregatik behar dut, bada, lehenbailehen etortzea!”, Aizpeak.

Aitak ideia bikaina izan zuen alaba zaharrenaren itxaronaldia arintzeko: egutegi handi bat hartu eta Aizpeari abenduko egunak pasa ahala ezabatzea proposatu.

Eta iritsi zen, azkenean, Gabon gaua. Osaba, izebak, lehengusuak, aitona-amonak, denak zeuden han. Eta denak Lierni txiki xelebreari begira. Aizpea ikusezin sentitzen zen. Inoiz baino isilago eta haserreago zegoen, alde batetik bestera, aulkian eserita egon ezinean, apenas afaldu gabe, tarteka amarenera hurbildu eta belarrira galdetuz: “Olentzero, noiz etorriko da, ama?”. “Lotara joaten garenean”, amak. “Eta noiz joango gara lotara?”. “Osaba-izebak bere etxera joaten direnean.” Eta gure Aizpea, etsiturik, sumindurik, urduri, nekatuta, oihuka: “ETA NOIZ JOANGO DIRA OSABA-IZEBAK BERE ETXERA? ESAIEZU JOATEKO, AMA!!”. Kanposantuko isiltasuna egin zen orduan. Denek serio-serio begiratu zioten, inoiz egindako bihurrikeriarik handiena egin izan balu bezala. “Ai, ama – pentsatu zuen Aizpeak - pasatu naizela uste dut. Mesedez, izan dezala amatxok oraindik pazientzia puska txiki bat poltsikoan.”Aizpea, pazientzia bukatzen ari zait!” “Bai, ama? Orduan, horrek esan nahi du oraindik ere baduzula puska txiki bat! Lasai egon, oraintxe ekarriko du Olentzerok pazientzia zakukada, ama. Pazientzia izan bitartean, berehala iritsiko da eta.” Hau entzunda, lehendabizi ama, gero aita, eta azkenean beste guztiak ere barrez lehertu ziren Aizpearen ateraldiarekin, Lierni barne. Eta Aizpea oso ondo sentitu zen, milaka lagunen aurrean kontzertua eman berri duen abeslari famatu baten gisa. Horren ondorengoa azkarrago pasatu zitzaion, eta lotarako ordua iritsi arte ez zuen ditxosozko galderarik egin.

Noiz etorriko da Olentzero, ama?”, zioen aho zabalka.  “Lo hartzen duzunean, laztana”, amak. “Eta ez badut lorik hartzen, etorriko al da?”. “Orduan, ez.” “Baina, nola jakingo ote du Olentzerok lo ote nagoen ala ez, ez bada nire gelan sartzen?”. “Galdera ona egin duzu. Zu, badaezpada ere, ohean gelditu eta begiak itxi. Horrela, lo zaudela pentsatu eta opariak utzi egingo dizkizu.”

Aizpeak begiak itxi, amak alde egin, eta lo egiten saiatu zen etxea isiltasunez betea zela aprobetxatuta. Ezin, ordea. Eta orduan, entzun zuen. Aizpeak oso belarri fina zuen. Adibidez, bazekien etxera nor zetorren atea irekitzean ateratzen zuen soinuaren arabera.

Entzun zuena berriz, ez zen ate soinua, leihoarena baizik. Eta nork ireki lezake leihoa horren berandu, Olentzero bera ez bazen? Aspaldi zuen Olentzero ikusteko ametsa, baina pazientzia zakukadaren premia larria zuen, eta seguru Olentzerok ohetik kanpo harrapatuz gero, eskatutako oparirik gabe geldituko zela.

Berdin da”, pentsatu zuen. “Aurten ekartzen ez badit, datorren urterako eskatuko diot eta kito.” Ohetik altxatu, eta oin puntetan ibiliz salarantz abiatu zen, astiro-astiro, batere soinurik atera gabe. Korridorean barrena pipan erretzen den tabakoaren usaina nabaritu zuen, eta familiako inork ez zuen horrelakorik erabiltzen. Lurrean, aztarna beltzak, ikatzaren kolorekoak. Eta salan, Olentzero jauna, …marmarka!

-       Zer duzu, Olentzero? – galdetu zion, harrituta.

-       Eta gainera neskato batek ikusi nau! Hau gabon gau traketsa, dedioooo!!

-       Zer gertatu zaizu, bada?

-       Zer gertatu zaidan? Denetarik. Hasteko, astoa galdu eta bilaketan denbora pila bat galdu dut, eta azkenean aurkitu ez. Gero, bizkarrean garraiatu behar izan ditut opari guztiak. Eta okerrena, ikusten dudanez, fardeltxoekin zure leiho honetako kristala hautsi eta esnatu egin zaitudala! Eta oraindik badut zaku handi bat igo beharra. Horrek bai zama! Hau pazientzia! Eta gaua hasi besterik ez da egin!

-       Aizu, Olentzero- erantzun zion Aizpeak- hobe pentsatuta, ez igo zaku hori. Zuk gehiago behar duzula uste dut.

-       Seguru?

-       Seguru. Datorren urtean beste bat ekarri eta kito. Ordura arte itxoingo dut, lasai. Zer axola du beste urtebete bat emateak pazientziarik gabe?

-       Eskerrik asko, Aizpea. Eta orain banoa, oraindik etxe askotatik pasa behar dut eta. Datorren urtera arte, txiki – agurtu zen Olentzero, aurpegian musu bat emanez.

Biharamunean, “Olentzero etorri da! Esnatu, Aizpea esnatu!” entzutean iratzarri zen gure neskatoa. Olentzerorekin izandako elkarrizketa egia ala ametsa izan ote zen zalantza izan zuen. Ohetik altxatu eta korridorera joan zen korrika: ikatz aztarnak hor zeuden. Piparako tabakoaren usaina ere oraindik nabari zitekeen. Leiho hartako kristalak, hautsita jarraitzen zuen. Eta Aizpearen masailean, ezpain beltz batzuk utzitako musua, ikatza bezain beltza.

Gabon izeiaren azpian, pazientzia zakukadarik ez. Baina Aizpearen barruan, lasaitasun zirrara berri bat zegoen, pazientziarekin antza handia zuena. Bai, zalantzarik gabe pazientzia zen bere baitan nabaritzen hasia zena. Izan ere, ziur zegoen hurrengo urtean Olentzerok zakukada hori ekarri egingo ziola.


 

Hondarribian, 2012ko abenduaren 6ko gauean, herrian Gabon usaina zabaltzen hasia zela di-da idatzitako ipuina.


Category: OparipuinakTTiKLiK!
Tags:  >  >  >