Surflari ernegatua blog naiz+

Oheak sutan

Lagun batek gomendatu dit Midnight Oil talde australiarra. Horien musika taupaka hastearekin batera aste honetan zertaz jardungo naizen pentsatzen hasi naiz, sofan eserita, lasai, surf aldizkarietako azken berriak irakurtzen ditudan bitartean. Halakoetan izan ohi den moduan, nire amaren hauts xurgagailua, nigandik metro eskas batera, hegazkin batek baino zarata handiagoa ateratzen hasi den arte. Normalean bazkalostean telebista aurrean lo hartzen hasten naizen momentuan pizteko programatua dago 600 zaldiko motorra duen Vorwerk aspiradora santua, baina gaur, justu gaur, antza, jai du bazkalosteko siesta orduan. Adio, nire inspirazio ernegatua! Nire etxepeko 600 taberna horietako batera joan naiz, argialdi bila. Sarreran kea dariola izaten diren 600 mendizaleak eta tabernek dituzten legezko bi ate blindatuak igaro ostean, barra gurutzatu eta atzealdean «la eskoria al fondo» dioen komun ondoko txarteltxoaren azpian eseri naiz eta te berdea hartzeko prestatu duten mahai berezian garagardo bat hartu dut. «Nola dantza egin dezakegu gure mundua biraka ari den artean?» dio «Beds are burning» abestiak, «Nola lo egin dezakegu gure oheak sutan dauden artean?». Kasualitatea, bozgoragailuetan Midnight Oil taldea ari da, berriz ere. Aldizkaria ireki eta irakurtzeari ekin diot, berriz ere. Baina oraingo honetan, ez nau inork gogaitu, berriz ere. Taylor Knox surflari mitikoak goi mailako lehiaketa alde batera utziko du; surf egiten duten panpinak asmatu dituzte; Dane Reynolds, Lewis Crathern, Andre Paskowski eta Sammy Morretino 2012ko atletak izendatu ditu «Surfer Today» aldizkariak; «Sandy» urakanak iraun zuen artean bederatzi pertsonaren bizia salbatu zuen Dylan Smith «People Magazine» aldizkariko heroia Puerto Ricon hil da surfean ari zela; Daniela Hantuchova tenis jokalari eslovakiarra surf egiten izan da Australian Julian Wilson surflari profesionalarekin, eta abar, eta abar, eta abar. Berriz ere, abestiko errepika leloa; Nola dantza egin eta lo egin dezakegun galdetzen duena. «Oheak sutan», irudia burura datorkit. Su hartzen duen olatu bat ere irudikatzen dut. Ez nekien olatuek su har zezaketenik! Eta bitartean, albiste bat aukeratu behar dut, zuei, irakurleoi haren berri emateko. Nola dantza egin munduak biraka jarraitzen duen artean? Nola lo egin oheak sutan direnean? Nola aukeratu surf albiste bat, munduak biraka jarraitzen badu eta gurean 600 ohe huts sutan badira? Nola surf egin olatuek ere su hartzen dutenean? Albistea gaurkoan, olatu erraldoi bat da. Datorren larunbatean Bilboko kaleak zeharkatuko dituena, hain zuzen ere. Han izango gara, gure taulekin, urteko olatu handiena hartzeko prest. Suzko olatu kolosala.