Surflari ernegatua blog naiz+

Printzeak urautsian

Hawaiin surf egiten ari zela argazki bat atera zioten Edward (Eduardo) Galesko printzeari 1920an. 1978an, berriz, Charles printzea (Karlos) «Life» aldizkarian ikusi ahal izan genuen Australian windsurf egiten. Eta berriki, William printzea (Gillermo) izan da Wimbledonen beretzat espresuki gorde zioten jarlekuari muzin egin eta bere anaia Harryrekin olatu artean ibiltzera joan dena.
Antza, lagun baten ezkondu aurreko agur festa egiteko bildu zen Cornwallen Williamen kuadrilla, baina festari bete-betean heldu aurretik bodyboard bat hartu eta olatuak hartzen ibili ziren Polzeath Beacheko ur hotzetan.
Irudiak ikusita, ez dirudi printze bat denik, bainulari arrunt bat dirudi, inozo aurpegiarekin, baina inguruko arrosa koloreko aurpegien artean, beste bat baino ez da.
Hamasei estatu subiranoetako erregina Isabel II.aren iloba surfean ikusi, eta ezinbestean, Espainiako Felipe printzea eta bere emazte «leka-makila» (lekak zuzen eusteko jarri ohi den makil estu-meharra) imajinatzen ditut Zarautzen, bodyboard batekin olatu artean.
Arbasoen kultura errotzearren, haien semea euskal dantzak ikasten jarri zuten eta egun gaztetxean ibiltzen den friki hori irudikatzen dut, Isabel Tocinok Zarauzko malekoia inauguratu zuen egun hartan bezala, aurreskua dantzatzen.
Zarauzko Surf Elkarteko idazkariak, PNVko zinegotzia da bera, olatu artean ibiltzeko aholku zenbait emango lizkioke bikote xarmantari. Bilduko kultura zinegotziak, ia ikusiko ez bazitzaion ere, printzeak kaskezurra birrinduta duen marrazkidun kamiseta bat jantziko luke okasiorako. Feministek, arrazoi handiz, abortuaren aldeko pankarta aterako lukete. Eta urautsian «kanpotarrak» bidaltzen ibili ohi diren surflari harroxkoek buru-makur agurtuko lukete haien printzea.
Baina batez ere, printzea urautsira iristen den momentua imajinatzen dut. Ur jantziak lepoa urratzen diola eta ea berau apur bat askatzen lagunduko ote niokeen galdegiten didan unea... uuummm....