Iñaki Landa Landa

C´est la vie

Bigarren etapa honetan, natura da nagusi. Frantziako zelai zabal eta horitsuetan barneratu gara, erabat. Eta herriak ikustea ere, zaila da. Erremolatxa, garia eta eguzkiloreen erreinua da hau. Herrien arteko bide asko daude, bidegurutze andana eta, galtzea erraza da. Eskerrak gps-ak bidea ongi markatzen digula...

Dena dela, etapa gogorra benetan izan dugu. Arpajon – Etampes zatia zeharo maldatsua da eta beroak ez du batere laguntzen. Eguna sargori eta urik ez. Lotsagarria. Kontatu digutenaren arabera, Frantziako gobernuak iturri publiko guztietako ura mozteko agindua eman du eta ezinezkoa da lortzea. Apaingarri hutsa diren horietan ostera, ura dago. Horietan bai, ur publikoa mantendu dute. Baina guri, ur eskale izatea tokatzen ari zaigu. Etxeetako tinbrea jo eta, ura eskatu.

Ehizarako gune aproposa da Frantziako zati hau ere. Untxiak, oreinak eta usoak ikusteaz gain, basurdeen aztarnak topatu ditugu. Animaliak bai baina pertsona gutxi ikusten da. Nekazariak gehienak. Horien traktore eta kosetxadoreen joan etorria etengabekoa da. San Ferminetarako landatutakoa jaso ezin eta orain ari dira dena batzen. Paisai horia, apenas industriarik gabekoa. Eta zergatik ez esan, tabernarik gabekoa ere. C´est la vie.