Oihana Llorente NAIZ

Umeekin egindako rol esperimentua

Goazen esperimentu bat egitea. Bost eta zazpi urte arteko haurrak ikasgela batean sartu, koloretako margoak mahai gainean ipini eta marrazkiak egitera gonbidatuko ditugu. Suhiltzaile bat, mediku bat eta hegazkin pilotu bat margotzeko eskatuko diegu. Hortik aurrera, libre! Nahi dituzten moduan irudikatu ahal dituzte.

Itxaron marrazkiak bukatu arte eta aztertu. Hara sorpresa! Upworthy-k YouTuben duen kanalean aurkitu dugun bideo honetan umeek egin dituzten 66 marrazkietatik 5 emakume ageri dira bakarrik lan horietan!

Esperimentuaren bigarren zatian, umeei emango diegu sorpresa eta atearen beste aldean dauden suhiltzailea, medikua eta hegazkin pilotua gelara sartuko dira. Hara! hiruak emakumeak dira! Ikusi bideoan neska mutilen harridura aurpegia!

Jendarteak transmititzen dituen genero estereotipoak 5 eta 7 urteen artean barneratzen dituzte haurrek, hala dio bideoak, eta, beraz, adin horretan eredu aniztasuna lantzeak bere biziko garrantzia du.

Euskara sexista al da?

Hari honi tiraka ‘Tribuaren berbak’ saioan aspaldi, Kike Amonarrizek plazaratutako asmakizuna etorri zait burura. Horrela zioen asmakizunak: «Aita-semeek istripua izan dute eta aita hil egin da. Semea ospitalera eraman eta zirujaua oihuka hasi da: Ezin diot ebakuntzarik egin, nire semea da!». Zuk, irakurle, zer erantzungo zenuke?

Amonarriz kalera atera eta harridura eta ezjakintasuna erakusten zuten herritarren erantzunak bildu ditu: «Adarrak egon dira hortik edo?», «Oraingo familia ezberdinak izango dira»…

Erantzuna errazagoa da, pentsatu!