BIZIGOGOZ&c15=&cv=2.0&cj=1&cs_ucfr=1" />
Beltza
BIZIGOGOZ
Gure lurreko plan interesgarriak Bizigogoz webgunean
Furgonetaz bidaiak
Nafarroa, gazteluz gaztelu
BIZIGOGOZ|16/09/2013 11:23
Olite

Mendeetan atzera bidaiatzeko ibilbidea proposatzen dizugu, furgonetaz gaua igaro eta atseden hartzeko leku egokiekin. Donibane Garazin hasi, Baztan zeharkatu, Zangotzaldea, Erribibera eta Lizarraraino. Bakoitzaren neurrira eta gustuen arabera antola daitezke irteerak, lauzpabost egunetan jarraian edo egun solteetan egiteko moduko ibilbidea da honakoa.

DONIBANE GARAZITIK
XII. mendean eratu zen hiria da Donibane Garazi, Baxe Nafarroako eta Garazi kantonamenduko hiriburua. Errobi ibaiaren eskuineko aldean kokatzen den Alde Zaharrak gordetzen ditu gaur arte iraun duten altxorretako batzuk. Mendiguren Gaztelua hiriaren sorrerarekin batera eraikia izan zen. Fernando Katolikoa buru zutela 1512an Gaztelako Erresumako armadak Pirinioak igaro eta Garazi bereganatu zuten.  Labriteko Joanes eta Katalina erregeek Bearnora alde egin behar izan zuten. Urrengo urteetan eskuz esku, gaztelarren eta nafarren artean ibili zen hiria.

Donibane Garazitik D-15 errepidetik Baigorrira egingo dugu salto. Baxe Nafarroako herri ederrenetako bat da Baigorrikoa. Bertan dago Etxauzko gaztelua, ipuinetatik aterea dirudiena. XVI. mendean eraikia da eta gaur egun monumentu historiko izendatua dago.

Baigorritik, Izpegiko portuan barrena iristen da Erratzura (Baztan). Baztanen historia luzeko hainbat eraikin bisita daitezke. Entzutetsuena eta Nafarroaren erresistentziaren ikur bilakatu dena Amaiurko gaztelua. Orduko aztarnak eta gertaturikoa gogoratzen duen monolitoa ikus daitezke bertan. Kondairak dioenez 150 bat nafarrek gaztelarrez osatutako 30.000 laguneko ejerzitoari tutsi zioten Amaiurren 10 egunez.

XIV eta XV. mendeetan sarri eraiki zituzten oinetxe erako jauregietako bat dago Iruritan, Irurita Jauregia edo Jauregizuria ere esaten zaiona. Kale Nagusian bertan kokatua dago eta bertako jabeak bisitak egiten ditu eraikina barrutik erakutsiz. Aukera paregabea da mendeetan atzera egin eta baztandarren bizimodua ezagutzeko.

Handik gertu dago Donamariako Dorretxea, Doneztebetik hartzen da bertara daraman errepidea. Egitura angeluzuzena duen XV. mendeko eraikina da, “mendi leinuko dorretxe tipikoa”. Herri sarreran dago harlanduz egindako dorretxea; goiko aldean egurrezko kadalsoa mantentzen du. Garaiko Nafarroako leinuen izaera eta esentzia gordetzen ditu. Bertiz Partzuergo Turistikoak bisita gidatuak antolatzen ditu Dorretxearen historia eta arkitektura berezia ezagutzeko.

Oronoz Mugairen, Bertizerako Nartur Parkeko aparkalekua leku egokia da furgonetekin atseden hartu eta lehenengo gaua igarotzeko. Doanekoa da eta iturri bat dago, parkea irekita dagoen artean komunak ere erabilgarri egoten dira. Ingurune naturalean gaua igarotzeko leku ederra da. Merezi du parkea bisitatzeak ere (2€ pertsonako), ibilbide ugari daude parke botanikoan zehar eta jauregia ere bai.

Urrengo goizean Iruñearaino joango gara. Gotorleku eta harresi ugari gordetzen dituen hiria da Iruñea. Errotxapeako parking publiko batean utz daiteke furgoneta, bertatik 10 minutu eskasean irits daiteke oinez hiri erdira. Gainera, igogailua ere badago malda ekidin nahi dutenentzat. Hain zuzen ere, Alde Zaharra inguratzen duen 5km harresi mantentzen dira eta XVI. Zitadela ere bai. Gipuzkoako Etorbideak eta Larrugainen Aldapa kaleak bat egiten duten puntuan dago Ate Berria izenez ezagutzen den hirirako sarreretako bat. Frantziako Atea deitzen zaiona berriz, harresiaren iparraldean dago.

Arratsaldean Tiebaseko gaztelua bisitatu daiteke. Iruñeatik hegoldera dago Tiebas, Tafallara doazen A-15 edo N-121 errepideak jarraituta. Champañako Teobaldo I-ak XIII. mendean eraikitako gotorlekuaren aztarnak daude bertan. Tiebasetik gertu dago Biurrun-Olkotz herria, bertan Erdi Aroko leinuetako batzuen Dorretxe Jauregia dago, XIV eta XV. mendean eraikia.

Iluntzerako Zangotzara inguratuko gara. Zangotzan Nafarroa eta Aragoiren arteko mugan egonda defentsarako gotorleku ugari eraiki zen. Vianako Printzea Jauregia guztiz eraberritua dago gaur egun. Bi pisuko eraikina da eta gezilehiodun bi torre ditu alde banatan aurrealdeko hormak. Errege eta jauntxoen joan-etorriko leku, herriko kale harritsuek Nafarroako gudetako ezpata hotsen oihartzunak gordetzen ditu.

Xabiergo gazteluko kanpoaldeko aparkalekuan pasako dugu bigarren gaua. Iturria dago bertan eta komunak ere badaude. Hotel bat eta jatetxea daude bertan, eta aisialdirako gunea ere bai.

Hirugarren egunean Xabiergo gaztelua bisitatuz emango diogu hasiera egunari. Guztiz berritua dagoen X. mendeko gaztelua da eta barrutik ikus daiteke. San Frantzisko Xabier erlijio gizon eta misiolariaren bizitzako pasarteak jasotzen dira gazteluaren barnealdean dagoen museoan.  

Zangotza aldera itzuli eta NA-132 errepidetik iritsiko gara Tafallara. Bertatik Artaxoaraino joan daiteke. Hainbat kilometrotako desbideratzea den arren merezi du harresiz inguratutako gortorlekua bisitatzea. Bederatzi dorre eta bi atari mantentzen dira, ikusgarriak dira.

Handik Uxuera egingo dugu salto, Tafallara itzuli eta NA-132 errepidetik San Martin Unxera iristen da, handik Uxuera. Bertakoa eliza-gotorlekua da, X. mendekoak dira lehen ezaguerak. Dorreak ditu eta kontrahorma sendoak.

Uxuetik gertu dago Erriberri edo Olite. Nafarroako Erregeen gaztelu – jauregia dago bertan. Aurrez zegoen gotorleku baten gainean Carlos IIIan agindu zuen XV. mendean hango gaztelua eraikitzea. Gazteluak hainbat galeria ditu, lorategiak eta dorre bereziak. Esperientzia ederra da gaztelu hau barrutik bisitatzea; inguruetara ere ikuspegi onak daude bertako dorreetatik.  

Gazteluaren oinetan, Doña Leonor Etorbidean furgonetaz hirugarren gaua igarotzeko aparkaleku egokia dago, herri sarrera bada beste aparkaleku bat ere. Komun publikoak daude, baina gauez itxi egiten dituzte.

Erriberako gaztelu eta gotorlekuetara joango gara hurrengo egunean. Berezia da Rada herrian egin dituzten indusketetan aurkitu dutena. Erdi Aroko kaleen eta 50en bat etxeen aztarnak atera dituzte, hilerria eta uharka. Gotorlekuan nagusitzen den dorrea dago eta beste bi dorre dituen harresia. XII. mendean eraikitako eliza erronamikoan XIV eta XV mendeetako aztarnak gordetzen dira. Martzillan berriz adreiluzko hormak dituen jauregia dago, dorre, lubaki eta sarrerako zubi eta guzti. Bertako lubakian herriko jaietako hainbat ekintza egiten dira, aitzurren jaurtiketarena, esate baterako.  

Iluntzerako Arguedasetik Bardeak ezagutzera joango gara, gaua bertan igarotzeko leku ona da. Ingurune berezia da Bardeetakoa. Furgonetaz base militarra ingura daiteke, bide ugari bertakoek soilik erabil ditzakete. Oinez nahiz bizikletaz egiteko ibilbideak daude Bardeetan.
Furgonetarekin parkearen kanpoaldeko aparkalekuan igaro daiteke gaua; ez dago iturri edo komunik, baina inguruak merezi du.

Vianaraino joango gara hurrengo goizean hango monumentuak bisitatzeko. Muino batean eraikia, muga eremuan egonda harresiz eta dorrez babestu zuten gotorlekua. Gaztelaren aurrean defentsarako gunea zen Viana, bere kale, atari eta dorreek oroitzen dituzte oraindik orduko gudak.  

Bertatik azken geltokira, Erdi Aroko Lizarrara. Enparantza gotortua du Lizarrak. Gaztelu sendo bat izan zuen Lizarrak, bi eliza-gotorleku eta dorredun harresia. Urtero, uztailean, Erdi Aroko azoka egiten da bertan.

LINKS