Naiz Irratia

Gaur abiatuko da 'Game Erauntsia', Naiz Irratiko bideo-jokoen inguruko saioa

Bideo-jokoak ardatz izango dituen saioa abiatuko da gaur Naiz Irratian, 'Game Erauntsia'. Ostegunetan Twitch bidez zabalduko da saioa Game Erauntsiako kanalean, eta astearteetan Naiz Irratiko FM eta streaming-ean. Ondoren, podcast plataformetan zabalduko da saioa.

Audio_placeholder

Gaur abiatuko da 'Game Erauntsia', Naiz Irratiko bideo-jokoen inguruko saioa

Loading player...
Game Erauntsia saioko aurkezle eta kolaboratzaileak
Game Erauntsia saioko aurkezle eta kolaboratzaileak

Bideo-jokoen mundua ekonomia oso garrantzitsu eta potentea da gaur egungo merkatuan, milioika euro mugitzen dira egunean eta gorantz doa gainera. Euskal Herrian ere komunitatea handia da, bideo-joko zaleak asko dira, eta industria ere badago. Horrekin jabetuta, Naiz Irratia bideo-joko zaleen etxe izango da 'Game Erauntsia' saioari esker.

'Game Erauntsia' saioa hamabosterokoa izango da. Ostegunetan, Game Erauntsia elkarteko Twich kanalean zabalduko da, 18:30etan. Eta astearteetan, 19:00etan, Naiz Irratia-ko FM eta streaming kanalean aditu ahal izango da.

Euskal Herrian bideo-jokoen sarea handia eta aberatsa dela esan badugu ere, euskarazko bideo-jokoen panorama ez da hain zabala. Hain zuzen, esparru horretan eragiteko sortu zen 2014 urtean 'Game Erauntsia' elkartea, bideo-jokoak euskaraz jorratzen dituen elkarte bakarra da gaur egun eta bideo-jokoen inguruko euskal komunitatea sustatzea du helburu. Elkarte horretako kideek gidatuko dute hamabostero izen bereko irratsaioa Naiz Irratian, 'Game Erauntsia'. Eider Zabalegi, 'Il4argi', Damian Madinabeitia, Goizane Terreros 'Oihukatu', Haritz Odriozola 'TheProdigyEh', Lander Unzueta eta Maitane Junguitu 'Andromeda' entzun eta ikusiko ditugu saioan eta atzeko lanak egiten, errealizazioan, arituko da Gari Larrañaga 'Gari Infernu'.

Euskal jokoak eta horiek sortzen dituzten garatzaileek leku berezia izango dute saioan. «Zorionez gure hizkuntzan argitaratzen diren edota euskal bideo-jokozaleen komunitateak itzultzen dituen gero eta obra gehiago ikusten ari gara azken urteetan, eta horiek ezagutzera ematea benetan garrantzitsua da» diote Game Erauntsia-ko kideek.

Nazioartera ere begiratuko da saioan, nobedade eta albisteak errepasatzeaz gain, elkarteko kideak jokatzen ari diren bideo-jokoen inguruan elkarrizketan jardungo dute, aspaldiko obra klasikoak gogoratu, eta zeharkakoak diren gaiei buruz  ere egingo dute hausnarketa.

'Game Erauntsia' saioa 3 bidetatik zabalduko da. Naiz Irratiko FM, streaming eta baita Twitch bidez ere. Azken hau, bideo-joko zaleen plataforma izaki Game Erauntsiaren kanaletik zabalduko da.