J.S.

Innobasque, merkatu eta ideia berriak garaiz identifikatzen

Berrikuntzaren Euskal Agentziaren hogeita hamar bat bazkidek beren esperientzia praktikoak aurkeztu dituzte «Zaintzatik prospektibara» programaren hirugarren zikloan.

Leire Bilbao, Innobasqueko zuzendari nagusia.  (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Leire Bilbao, Innobasqueko zuzendari nagusia. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Etorkizunean gizartean, teknologian eta ekonomian eragin handia izan dezaketen alderdiak garaiz identifikatzea funtsezkoa da erakundeen eta lurraldeen lehiakortasunerako. Hausnarketa estrategiko horrekin, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak “Zaintzatik prospektibara” izeneko programa jarri du abian aurten hirugarren aldiz.

“Zaintzatik prospektibara” ekimena Innobasqueren jarduera-ildo estrategikoaren parte da, euskal enpresak etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta negozioak sendotzeko aukera berriak bilatzeko gai izan daitezen.

Informazio eta sentsibilizazio jardunaldi hauek interesa duten pertsona guztientzat irekita daude, enpresek prospektibaren aldeko apustuan nabarmentzen diren erakundeen esperientzia praktikoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten. Lehendabiziko hitzordua apirilaren 16an izan zen eta bertan Eraikunek, Eraikuntzaren Euskal Klusterrak, egiten duen lana aurkeztu zuen.

Behin erakunde bakoitzaren errealitatea ezagututa, prestakuntza-fasera igarotzen da, erakunde bazkideentzat bakarrik, beren beharretara egokitutako prestakuntza-ibilbide bat jasotzen baitute. Innobasqueko 14 erakunde bazkidek ematen dute prestakuntza, gai honetan adituak direnak eta sektore bakoitzaren errealitatea ezagutzen dutenak; izan ere, zaintza-lana zein esparrutan zentratu behar den finkatzen ere laguntzen dute.

Prestakuntza lanetan Innobasquerekin elkarlanean aritu dira Azaro Fundazioa, Azterlan, BEAZ, CDE, Herrero & Asociados, Innguma, Lortek, Sakona, Prospektiker, Sonder Consulting, Tecnalia, Tekniker, Deustuko Unibertsitatea eta UPV/EHU. Azken helburua enpresak ekintzara pasatzeko prestatzea da. Horretarako, prestatzaileek atzemandako potentzialtasunak garatzen laguntzeko zerbitzua eskaintzen dute.

«Seinaleak identifikatu»

Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiaren hitzetan, «kontua ez da etorkizuna nolakoa izango den galdetzea, baizik eta nolakoa izatea nahi dugun, subjektu pasibo izatetik subjektu aktibo izatera pasatuz. Horretarako, gure ingurunea behatu, seinaleak identifikatu eta itzuli egin behar ditugu. Zaintza  eta prospektiba jarduerak ezarri behar ditugu».

Ildo horretan, Innobasquek euskal enpresetan ezarri nahi duen «prospektibaren kulturak» ebaluazioa, sentsibilizazioa, prestakuntza eta arlo horretako ekintzen ezarpena uztartzen ditu.