Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

«‘Black Album’ guztiz iraultzailea izan zen»: Euskal Herriko musika taldeak mintzo

Metallicaren ‘Black Abum’-aren 30. urteurrenari buruzko erreportajearen karira –disko horrek musika mundura ekarri zuenaz–, artikulu honetan zenbait euskal talde dira estatubatuarren lanaz hitz egiten dutenak: Su Ta Gar, Auritz, Asgarth, Hira eta Hilotz taldeetako musikariak hain zuzen ere.

Irudian, 1991an «Black Album» kaleratu zuten Metallicako lau taldekideak. (METALLICA)
Irudian, 1991an «Black Album» kaleratu zuten Metallicako lau taldekideak. (METALLICA)

Euskal taldeek hartu dute hitza:

Urteurren berezi honen karira, Euskal Herrian dauden zenbait euskal talderen iritzia jaso nahi izan dugu ‘Black Album’-ak, beste ikuspuntu batetik, zer eskaini zuen jakiteko. Adibidez, Su Ta Gar taldeak ‘Jaiotze Basatia’ bere lehen diskoa kaleratu zuen urte berean, 1991an. Bestalde, aste honetan bertan bosgarren diskoa grabatzeko Haritz Harreguyren estudioetara sartu den Asgarth taldeko taldekide batzuk oraindik jaio gabe zeuden; edota beste talde batzuetakoak gazteegiak ziren. Horretarako, hiru galdera egin zaie. Batzuek denak erantzun dituzte; beste batzuek, laburpen gisa egin dute. Hauek dira hiru galderak:

1. Zer iruditu zitzaizuen Metallicaren ‘Black Album’ 1991an atera zenean? Zein izan zen zuen erreakzioa lehenengo aldiz entzun zenutenean?

2. 30 urte geroago, zer iruditzen zaizue orain disko hura?

3. Zer uste duzue aportatu duela disko honek heavy metalaren eboluzioan?

Su ta Gar taldeko laukotea. (SU TA GAR)

Xabi Bastida (Su Ta Gar taldeko gitarrista)

1. Talde osoaren balorazioa: Metal musikaren historian iraultza handi bat izan zen, bai soinu ekoizpenari eta bai kantei zegokienez. Ordurarteko beraien kanta gehienen abiadura jaistearekin batera, bateria eta gitarra soinu indartsu eta erritmo pisutsuagoetara beste pauso bat eman zuten. Lehen aldia da metal gogor eta ilunean mugitzen zen talde bat gizarte zabalera hedatzen dela (irrati eta telebista komertzialetan, tabernetan eta beste edozein lekutan etengabe entzun zitekeen). Handik aurrera, heavy musikaren zale ez zen edozein pertsona beraien kontzertuetara joaten eta hauen kamisetak erabiltzen hasi zen. Gailurra jo zuten, eta estiloetatik at, mundu mailan dagoen talde esanguratsuenetariko bat bihurtu zen. 30 urte beranduago gailurrean diraute eta aipatzen ari garen diskoak ez dio harritzeari uzten.

Auritz taldeko boskotea, argazki sesioan. (UNAI ENDEMAÑO)

Mikel Bizar (Auritz taldeko abeslaria)

1. Kristona izan zen. Metallicaren doinu berriak entzuteko irrikitan geunden. Gainera Bob Rockekin lehena. ‘And Justice for all’-ek markatu ninduen ekoizpen munduan. Beti nahi izan dut jakin zelan sonatuko zuen disko horrek baxuarekin (kar kar kar). ‘Black Album’ ildo bihurtu zen, kaxaren soinua lortu nahi genuen estudio guztietan, eta d-drum garaia zenez, sampleatu egiten zen eta listo. Ez zen Lars Ulrichen kaxa, Metallicarena izan ezik. Kantuei dagokienez, zer esanik ez. Ez dago betetzeko kantu bakar bat ere ez, eta gainera Michael Kamenek ere hartu zuen parte. Esandakoa, ildotzat izateko diskoa.

2. Freskura hori ez dute galdu azalean ditugun kantu horiek. Ekoizpen lanak gaur egun, oraindik, ezinbestekoa da. Viniloan izateak magia dauka.

3. Thrash metala entzun eta ikusteko beste modu bat, garbia bezain zikina. Disko horrek Metallica talde handia bihurtu zuen. Pop eta rockaren gainean, lehendabiziko postuan eta medio guztien ahotan. Kontzertuak ikuskizun itzela ziren. Heavy metala modan jarri zuela esan genezake. Gaur egun, nahiz ta musika latindarra edota reggetona beste estiloak estali, Metallicaren kantu horiek irratietan entzuteak iluntzen du beste guztia.

Añorgako taldea estudioetan sartu da aste honetan bere bosgarren diskoa grabatzeko. (ASGARTH)

Axier Enbil (Asgarth taldeko abeslaria)

1. Nahiko gazte harrapatu gintuen disko honek, 12-14 urte baikenituen. Orduan hasi ginen gustoko musika aukeratzen. Nire kasuan, oroitzen dut lagun baten etxean elkartzen ginela ordenagailuan jolastera eta behin lagun honek, lehengusu zaharrago batek pasata, kasete bat ekarri zuen. Jolasten genuen bitartean jarri zuen eta laster hasi ziren galderak: Zein da talde hau? Nongoak dira? Guay dago! Joaten ginen bakoitzean jartzeko eskatzen genion, eta laster kasete birjin bat erosi (zer zaharrak garen, kar kar kar) eta grabatuta etxera eraman nuen. Etengabe entzuten nuen eta segituan piztu zitzaidan Metallicaren beste diskoak entzuteko gogoa.

Unairen kasuan, amak ekarri zion diska berri hori. Bera ez zen oso Metallica zalea, beste diskoak entzunda, baina disko honek gauzak aldatu zituen zale bihurtzeraino. Anderrek ez du Metallica gustoko, baina bat aukeratzekotan, dudarik gabe, disko hau aukeratuko luke. Mikel eta Etxahun jaio gabe zeuden (kar kar kar).

2. 30 urte eta gero, urtean hainbat aldiz entzuten dugun disko bat dela onartu dugu taldekide guztiek. Erreferente bat, abesti zuzenak eta erraz gogoratzen diren horietakoak. Asgarthen ere formula hori bilatu izan dugu... Boom bat izan zen baina urte askoz iraun duen booma. Heavy metalak asko zor dio Metallicari.

3.- Hemen Mikel Yarzak hartzen du hitza: Inflexio puntu bat suposatu zuen heavy metalaren historian. Zale andanak leporatu izan dio Metallicari une horretan beren burua saldu zuela, baina metal musika publiko orokorrera zabaldu zuten lan honekin eta 30 urte geroago, oraindik ere, genero honetako disko ezagun eta salduena da. Konposaketa aldetik iraultza handia ekarri zuen, kanta motz eta zuzenak, entzuteko eta gogoratzeko errazagoak... metal zale ez ziren horiek erakartzeko modukoa. Ekoizpenak ere eragin handia izan du ondorengo belaundiengan. Gitarra eta baxu astunak, bateria soinu ikonikoa... Metal modernoaren soinua definitu duen disko garrantzitsuenetako bat da.

Ibai Marin da Hira taldeko abeslari eta liderra. (HIRA TALDEA)

Ibai Marin (Hira taldeko abeslaria eta gitarrista)

1. Disko guztiz iraultzailea izan zela iruditzen zait. Metallicak ordura arte zuen estetika, soinua eta estiloaren aldaketa izan zen ‘Black Album’. Frudisc-en erosi nuen. Sekulako mugimendua sortu zuen diskoa izan zen. Metallica gehiago komertzializatu zen, publiko zabalago batetara iritsi zelako.

2. Badago zaharkitua gelditu den musika, baina ‘Black Album’ ez da kasua. Historian zehar freskotasun berdinarekin mantenduko den diskoa izango da. Bob Rock produktorearen lan garrantzitsuenetariko bat hauxe izan zela pentsatzen dut. Behintzat bere lorpena, nire ustetan, horixe izan da, disko hilezkorra bihurtzea.

3. Lehen aipatu dudan bezala, ‘Black Album’ Metallicako jarraitzaileek espero ez zuten diskoa izan zen, momentu hortara arte jorratzen zuten trash metalarekin zerikusi gutxi zuen diskoa izan zelako. Oraina eta geroa batzen duen kalitatezko diskoa da. Albumeko riff eta melodiak ez dira beste Metallicako diskoetan aurkituko.

Pablo Cabases, eskuinean, Hilotz taldeko gitarrista da. (HILOTZ)

Pablo Cabases (Hilotz taldeko gitarrista)

1. ‘Black Album’ kaleratu zenean, bost urte besterik ez nituen eta interesa gehiago nuen Michael Jackson eta Aerosmithekin. Entzun nuen lehen aldia haurtzaroko lagun baten etxean izan zenaren oroitzapena dut. «Sugearen diskoa» entzun behar nuela esaten zidan. Ez genekien norena zen, zein estilokoa zen ezta zer esaten zuen ere, baina transmititzen zuen indarrak liluratzen gintuen. Nerabezaroan ‘Master of Puppets’ entzun nuen. Honek nire musika estiloa goitik behera aldatu zuen, eta ‘Black Album’ erosi nuen. Ez zen jada umeetan mugiarazten zidan sugearen diskoa soilik, baizik eta ezagutzen ez nuen mundu bat ireki zidan, heavy metalarena. Ni punketik nentorren, eta hori entzuteak ordurarte entzundako guztia zalantzan jarri zidan. Konposizioak askoz ere konplexuagoak ziren eta soloak zeuden. Amua irentsi nuen eta urte hauetan ezin dut gainetik kendu.

2. Disko sinestezina dela pentsatzen dut oraindik ere gaur egun. Duela egun batzuk berriro entzun nuen eta abesti guztiek zoratzen naute, soinu banda honen nire bizitzako etapa ezberdinetara eramaten naute. Eta uste dut ez naizela bakarra.

3. ‘Black Album’ Metallicak lehenagotik ateratako edozein disko baino samurragoa da. Bandak zuen indarra mantentzen zuen, baina abestiak motelagoak ziren eta gantxoekin gehiago markatutako melodiak zituen. Kaleratu zen garaiko egoera bat da. Pentsatu behar dugu, jendeak eskuartean izan zuela disko hau Nirvanaren ‘Nevermind’ famatuarena baino hilabete bat lehenago. Musika panorama erabat aldatu zen eta bazirudien publikoak dagoeneko ez zituela soloak eta abesti luzeak nahi. Badirudi Metallicak bihozkada bat izan zuela eta lehenago egin zela egoera berrira. Egia da beste talde askok gauza bera egiten hasi zirela eta euren musika leundu zutela, baina inork ez zuen Metallicak izan zuen arrakastarekin egin.