Lander Unzueta

‘Jokoteknia’ Euskal Bideojoko Jardunaldien hitzaldiak liburu batean bilduta

Game Erauntsiak eta Azkue Fundazioak, 2018an martxan jarritako ‘Jokoteknia’ jardunaldiak bildu egin dira liburu batean. Aurrera eramandako hiru edizioetan, euskal bideojokoen historia, diseinua eta animazioa, itzulpengintza zein feminismoa landu dira.

Audio_placeholder

‘Jokoteknia’ Euskal Bideojoko Jardunaldien hitzaldiak liburu batean bilduta

Loading player...
Game Erauntsiaren twitch emanaldiako irudia
Game Erauntsiaren twitch emanaldiako irudia (NAIZ irratia)

Game Erauntsia Euskal Bideojokozaleen Elkarteak urtero burutzen dituen lanen artean, zalantzarik gabe, bereziena eta kuttunena Azkue Fundazioarekin elkarlanean egiten duen ´Jokotenia´ da. Euskal Bideojoko Jardunaldietan hitzaldiak eta mahainguruak eskaintzen ditugu; Orain, hauek guztiak ezagutzera emateko liburuxka argitaratu berri dugu!

Autoreen artean nazioarteko enpresa handietan lan egiten duten profesionalak daude, hala nola Euskal Herrian lan egiten dutenak eta kanpoko gonbidatu bereziak. Liburuxka Euskal Herri osoko liburutegietan banatuko dugu; hala eta guztiz ere, doako kopia digitala deskarga daiteke esteka Jokotekniaren webgunetik. Irratsaioan egin dugun lanari buruz hitz egiteko aprobetxatu dugu, noski.

Beti bezala, bideojokoak izan dira nagusi Game Erauntsia saioan. Ekaineko aurkezpen handiak hasi dira dagoeneko, eta horien egutegiari errepaso txiki bat eman diogu; zaila izaten da horrenbeste webgunerekin eta zerbitzurekin jarraipena egitea, beraz ondo dator ekimen horien guztien zerrenda eskura izatea. Lehen aurkezpena, ordea, eginda zegoen irratsaioa grabatzerako unean; izan ere, PlayStation-ekoek errealitate birtualari zuzendutako State of Play ekimena burutu zuten orain egun batzuk. Bertan titulu benetan interesgarriak ezagutzeko aukera eduki genuen: Resident Evil 4-ren berregitea ikusi dugu azkenik!, Final Fantasy XVI ikusgarriaren trailer berria jaso, Street Fighter 6-ren borroka koloretsuez gozatu eta Spider-Man superheroia PC-ra iritsiko dela jakin.

Ikuskizun kutsua alboratuta, The Pokémon Company-koek ere aprobetxatu dute ekaineko berotasuna beren hurrengo tituluaren berri emateko: orain hilabete batzuk ezagutu genituen Pokémon Scarlet eta Violet, eta sekulako itxura dutela aitortu behar dugu. Mundu irekiaz gain, berritasun benetan interesgarriak dakartza sakelako munstroen frankiziaren zaleentzat, eta horiei buruz eztabaidatzen ibili gara.

Albisteekin bukatzeko, Rocket League dibertigarriaren binakako txapelketa antolatu dugula aipatu dugu irratsaioan. Edonork parte har dezake, bideojokoa doakoa da eta joko gurutzatua dauka; hortaz, ez dago aitzakiarik. Lagun bati deitu, anima zaitezte eta etorri
gurekin ekainaren 24an egingo dugun lehiaketara.

Ohi bezala, analisientzako tartetxoa ere izan dugu. Resident Evil 4ren remakea aipatu dugu ehen; Capcom-en beldurrezko eta akziozko jokoaren zale amorratuak izanik, 2005eko klasikoari buruz aritu gara. Saga ezagunarentzat atal garrantzitsua izan zen: zonbiei, kamera finkoei eta puzzle kolapiratsuei agur esan zioten japoniarrek Leon S. Kennedy agentearen abenturekin. Horien ordez, tiroketak ziren Gamecube kontsolan kaleratu zen—eta ondoren, merkaturatutako ia gailu guztietan— estreinatutako lanaren ardatza.