Alba Cabrera

Ugandako oihanean barrena gorilen bila

Emozioak biderkatuta, Zanzibarko ur gardenetan eta Ugandako oihan berdeetan ibili da Idoia Gereñu. Indiako Ozeanoan kokatutako uhartedia eta Victoria lakuaren alboko Parke Nazionalak ezagutu ditu Gereñu bidaiariak berriki egin duen abenturan. Aspaldiko ametsa bete zuen: gorilak ikustea.

Audio_placeholder

Ugandako oihanean barrena gorilen bila

Loading player...
Ugandan gorilak ikusten izan zen Idoia Gereñu
Ugandan gorilak ikusten izan zen Idoia Gereñu (Idoia Gereñu)

Aski ezaguna zaio Idoia Gereñu bidaiariari Zanzibar uhartedia, lauzpabost urtean, hamar bider egon baita bertan. Aldiz, lehenengoz ezagutu du Uganda, «aspalditik buruan» zebilkion «ametsa» betetzeko asmoz: besteak beste, gorilak ikusi zituen Bwindiko Parke Nazionalean. Horiek horrela, bi jauzi, bi helmuga ditugu hizpide saio honetan.

Oso gustuko du bidaiatzea elkarrizketatuak eta, ez beti, baina, bai, askotan, bakarrik egiten ditu toki batetik besterako jauziak, inprobisazioa oinarri: «Antolakuntzan txarra naizela esango nuke. Ez dago gaizki nolabaiteko bidexka pentsatzea, baina gustuko dut ezer ez jakin, bertara iritsi eta sorpresa eramatea». Aldiro, bizipenak pilatzen ditu, baita ate berriak ireki ere...

Ia-ia buruz jakiteko adina bider bisitatu du Zanzibar Gereñuk, eta, zehatz-mehatz, Nungwi herria. Irlaren iparraldean dagoen parajearekin maitemindu zen eta, azken boladan bertara joan ohi da, haren esanetan, hemengo estresak utzita, beste erritmo batean bizitzera: «Herri txiki bezain bizia da. Bainua hartzeko toki aproposa eta iluntze ederrarekin, gainera».

Jendez josita dagoela aitortu du elkarrizketatuak, turismoa «bete-betean» sartzen ari delako, gutxi batzuen mesedetan: «Hondartza famatuetan hotelak eta diskotekak daude, baina bertako herritarrek ez dute beren egunerokoa turismoarekin asko partekatzen». Hori horrela, argindarraren joan-etorria bada banaketa horren erakusle: premia dagoenean, gune turistikoek argindarra bide pribatutik nola ekarri daukate; aldiz, herritarrak «argindarra noiz etorriko zain bizi dira, eta ekosistema guztia bizimodu horretara bideratuta daukate. Izozkailuak, esaterako, ez dauzkate guk bezain beteta eta epe luzerako».

Oihanaren bihotzean

Bi astez, kuttuneko irlan gozatu ederra hartu ondoren, kontinente barnealdera egin zuen, Uganda autoan zeharkatzeko. Iritsi bezain azkar Ruanda eta Kongoko Errepublika Demokratikoarekin herrialdeak duen mugara gerturatu zen zuzenean, Bwindiko Parke Nazionalera: «Zanzibarren, jendearekin izan nintzen gehiago; aldiz, Ugandan, naturari eskaini diot denbora».

Mendialdeko gorilen erreinura iritsi zen, horrela, eta bidaiariaren kontraesanerako, garesti samarra omen da esperientzia. Hala, herrixka asko biltzen dira paisaia berdearen bueltan, bada bertako herrikideek, urtetan, gorilak bizilagun izan badituzte ere, askok ezin izan dituzte ikusi, bisitaldiak duen kostuagatik.

«Egunero, zortzi pertsona sar daitezke gorila-familia bakoitzeko», azaldu du Gereñuk, «horretarako, izena eman behar da aldez aurretik». Inguru horietan, gizakiengandik gertu bizi dira gorila batzuk; galtzeko arriskuan egon den espeziea denez, «kontrol handia» eta gertuko jarraipena egin behar izaten diete langileek: «Haien bila sartzen zara oihanean».

Ikertzaileek, gutxi gorabehera badakite non dauden, eta lehen aldiz, gorila ikusi bezain pronto, ordularia kontatzen hasten da, ordubetez bakarrik egon baitaiteke egunean gizariarekin hartu-emanean». Zorte ona izan zuen elkarrizketatuak, ordu-erdian, erraz egin baitzuten topo gorila-familiarekin. Beste batzuk, ostera, lau ordu ere ibili behar izaten dira, eta ez da lan makala, izan ere, «bizitza bere horretan» sumatu zuen Gereñuk oihanean murgiltzean, 2000 metroko altueran dagoen txoko itxi bezain malkartsuan.Txangoan, berebizikoa izan zen zarata handirik ez egitea: «Sortzen zaizun sentsazioak isilarazten zaitu. Oso txiki sentitu nintzen une batzuetan, baina ez nengoen batere deseroso; aitzitik, lasai egon nintzen, gozatu egin nuen eta oso emozionatua nengoen». Hori gutxi balitz bezala, modu ezin hobean borobildu zuen, azkenik, bidaia: zirrarari tira egin eta txinpantzeak ikustera gerturatu zen Kibale Parke Nazionalera, safaria egin ondoren.

«Bihotza beteta» itzuli zen Euskal Herrira, ezin zuen beste modu batean izan etxeratzea: «Emozioak hirukoiztu egiten zaizkit Ekialdeko Afrika bisitatzen dudanean». Denbora behar al da, horrelakoetan bizitakoak digeritzeko? Elkarrizketatuak argi dauka: «Ez zait gustatzen bertan bizitako berehala ahaztea. Ez dago ikasteko modu hoberik bidaiatzea baino».