MAY. 25 2025 Tsitsi Dangarembga, zinegile eta idazlea Interview Tsitsi Dangarembga Zinegile eta idazle zimbabwetarra «Afrikak kultur iraultza bat behar du, desjabetze modu guztiak zalantzan jarriko dituena» Zer da Afrika? Mendebaldea deritzanak ikuskera zehatz batetik begiratzen dio kontinente beltzari, boteretik (eta kapitalismotik) eraikitako premisa zalantzagarrietatik. Tsitsi Dangarembgak bestelako errealitate bat erakusten du bere lanetan, eta irakurketa distortsionatu hori iraultzeko beharraz mintzo da: irauli, iraultza kultural baten bitartez. (Oriol Clavera) Àlex Romaguera Literaturan eta zineman egin dituen lanengatik aintzatetsia, Tsitsi Dangarembga (Bulawayo, Zimbabwe, 1959), Afrikako feminismo arloan dagoen intelektualik garrantzitsuenetakotzat jotzen da. Bere konpromisoa gaztarotik elikatzen joan da, Britainia Handian harrera familia batean bizi zelarik, Cambridgeko Unibertsitatean Medikuntza ikasketak abiatu zituenean. Berlinen egin zituen zinema ikasketek eta Hararen, Zimbabweko hiriburuan, ondutako Psikologia espezializazioak Afrikan bizi diren errealitate sozial desberdinak batzen dituen obra bat osatzen lagundu zuten, kolonialismoak eremu desberdinetan utzi dituen orbanez gaindi. Dangarembgak argitaratutako lanen artean aipatzekoak dira “Nervous conditions” (gazteleraz “Condiciones nerviosas”, Icaria, 2010), kolonialismotik eratorritako patriarkatuak emakume beltzengan sortutako suntsidurari buruzko sagako lehen alea, edo berriki argitaratu duen “Black and Female” (gazteleraz “Mujer y negra”, Plankton Press, 2024). Zinemarako, halaber, baditu lan azpimarragarri zenbait. Hala nola “Neria” (1993) eta “Everyone´s Child” (1996). Lan horri esker, idazle zimbabwetarrak Frankfurteko Liburu Azokako Bakearen Saria eskuratu zuen 2021ean, eta horren ondotik iritsi zen ere Yale Unibertsitateak ematen duen Windham-Campbell saria, 2022an jaso zuena. Kapitalismoak ezarritako ereduekin oso kritikoa, hezkuntza eta heziketa sortzaileago eta estimulatzaileago baten beharraz mintzo da bere narratiba. Feminismoa eta gazteriaren ahalduntzea ere bere ardatzen artean daude, Afrikak botere kolonialak utzitako arrastoen aurka borroka egin, eta etorkizun duin, justu eta demokratikoago batera iritsi ahal izateko. Zerk bultzatu zintuen emakume afrikarrek izan duten rolari buruz idaztera? Europan izandako bizipenengatik izan zen, kolektibo horrekiko erakusten ziren aurreiritziak ezagutu ondoren? Nire lehenengo sorkuntzak denbora tarte horren fruitu dira. Izan ere, bertan konturatu nintzen kolonialismoak metropoliak aberastu bazituen ere, jendea ez zela ohartzen bere menpe zeuden gizarteetan izan zuen eraginaz. Egoera horrek nire herrialdera itzultzera eraman ninduen, hausnartzera, feminista gisa, aro berri baten zabaltzeak ze neurritan erraztuko zigun emakumeoi antolatzea eta ahots propio bat izatea. Kolonialismoak zure eskubideak mugatu zituela uste duzu? Subjektu bezala ezabatu egiten gintuen. Pentsa, Afrikari buruzko kontakizunetan gizonezkoak soilik agertzen ziren, emakumeak subjektibitatearen objektu hutsal bat ginen bitartean. “Ni” bat baino, “Ni-Ez” bat ginela esaten dut nik. Hau da, metropoliaren eta bere balio merkantilisten zerbitzura baino ez geunden norbanakoak besterik ez ginen. Zure narrazioetan hauxe baieztatzen duzu: independentziaren ondoren begirada hori errepikatu izanak sortzen duen dezepzioa... Hori da. Erromantizatu genuen egoera aldaketa horretatik urrun, boterea borrokalari zaharren esku geratu da eta herriaren aspirazioetatik oso aldenduta dagoen eredu bat inposatzen dute. Eta ez hori bakarrik. Gizartea desmilitarizatu eta aldaketa sakonak bultzatu beharrean, instituzioei eraso aurretik ikasi zuten eskema koloniala errepikatu dute. Eta eskema horrek bereziki eragin du negatiboki emakumeengan... Bai, beraien lana jabetza pribatuaren, irabazien maximazioaren eta oraindik jasaten ditugun patriarkatu toxikoaren efektuen menpe geratu delako: ikusezinak izaten jarraitzen dugu eta ez daukagu erabakitzeko marjinarik kolektibotasunari lotutako aferetan. Hauxe diozu zure azken lanean: «Sorkuntzak eta pentsamendu analitikoak irakaskuntza memoristikoagatik eta errepikapenagatik ezabatu ziren». Zein neurritan izan da hori garrantzitsua? Horren oinarrian dago pertsonen askatasun kontzeptua kapitalaren interes neokolonialen arabera sortzeko borondatea. Eta horri gehitu behar zaizkio agintariek gauzatzen duten errepresio eta autoritarismoa, eta horrek guztiak Afrika hegoaldeko hainbat herrialdetan, Zimbabwe barne, ustelkeria ekarri du. Agintari politikoak ustelkeriaren jokoan sartu dira Iparraldeko herrialdeek haien baliabide naturalak ustiatzearen truke? Hori gertatzen zen David Livingstone XIX. mendean kristautasuna, merkataritza eta zibilizazioa Afrikan inposatzeko helburuz iritsi aurretik ere. Lehen aurkikuntzetatik beti erabili da merkataritza interesak eta helburu ekonomikoak ezkutatzeko asmoa duen estrategia gisa. Baina gertakari horien aurrean ezin dugu etsi: sistema totalizatzaile hau eraldatzeko zirrikituak aurkitu behar dira eta horrek eskatzen du, beste gauza batzuen artean, influentzia zirkulu horren barruan gure ordezkariak ausartak izatea eta ez uztea datozen belaunaldi berrien bizkar gainean ardura osoa. Eta nola inplikatzen da Iparraldeak zoriontasuna ekarriko dion diskurtsoarekin txundituta dagoen gazteria? Hemen bataila kultural bat dago: duela bostehun urte esklabotzarekin abiatu zen erauzte globalizatzailearen aurka egitea. Ez da kasualitatea, gainera, mundu mailan lehenengo potentzia erauztailea dena izatea mito hori lortzea oinarri duten filmen esportatzailerik handiena, beste ezer planteatzeko beharrik gabe. Horregatik, gazteria ikusi behar dugu balore batzuekin biktimizatzen ari zaizkiola jabetu ere egiten ez den biktima gisa; hau da, zinemaren eta beste erreminta sozialen bidez, potentzia handienek mundu osoan inposatu nahi dituzten balore horiekin. Narratiba horrek barne hartzen du, halaber, nortasun afrikarraren kulturaren jabetza eta bere jatorrizko esanahia disolbatu nahi dela beste kontsumo iturri batean bihurtzeko. Ados zaude horrekin? Hori horrela da, eta horrek erakusten du ze galera eragin dituen kolonizazioak Afrikan. Nire aitaren garaian, esaterako, ingeles berri bat erabiltzera behartzen zituzten haurrak eskolara joan ahal izateko. Asmo jakin bat zegoen kultura propioa kultura inportatuarengatik ordezkatzeko, edo berau suntsitzeko. Eta agintariek hartutako okerreko neurriak ere hor daude: Indian eta Asiako hego-ekialdeko hainbat lurraldetan, kultur ezaugarriak ez dira kontuan hartu, ez dituzte bereganatu. Azken batean, ekintzagatik edo, aitzitik, ez-egiteagatik, biztanleria kultura hegemonikoaren azpian mantentzeko borondatea da azpitik sortzen dena? Helburua da nortasuna berreskuratzea ekiditea, hori emantzipaziorako motorra izan ez dadin. Urrutira joan gabe, Zimbabweko Konstituzio postkolonialak dio askapenerako lehenengo bataila 1980an hasi zela Robert Mugabe presidente bihurtu zenean, gogoratu beharrean momentu fundazionala 1607an gertatu zela lehen aldiz, Monomotapa inperioko monarkak lurrazpiko baliabideak ustiatzeko baimena eman zienean portugaldarrei eta, bigarren aldiz, XIX. mendean, Cecil Rhodesen gidaritzapean, britainiarrek herrialdea okupatu zutenean mehategiak ustiatu eta esklabotzaren merkatua ezartzeko Indiako Ozeanoaren kostaldean. Zein beste eragin sumatzen dira oraindik garai hartatik? Herrialdea eraikitzen zuen egitura deuseztatu zuen, ekoizpen eredua gazteek egiten zuten esfortzuaren araberakoa zelako. Eta, gorputz hauen jabetzearekin batera, lanaren feminizazioa iritsi zen, emakumeak jarri zirenean lan horiek egiten. Eta ezin dira ahaztu lurren gaineko kontrola eta adimenaren kolonizazioa. Horregatik botere postkolonialak narratiba horiek isilarazi nahi ditu, gazteei sinetsaraziz oparotasuna lortzeko irtenbide bakarra Iparraldera joatea dela. Patrice Lumumba, Thomas Sankara eta beste lider antikolonialistak berreskuratu beharko liratekeela uste duzu, panafrikanismoak aldarrikatzen duen moduan? Panafrikanismoa esperantza iturri bat da, baina bereziki kontinentetik kanpo ematen da, Afrikak oraindik ez baitu ez baliabide, ez sustraitze intelektual nahikorik. Zenbait bozgorailu eta gune isolatuz harago, agenda propioa txertatzeko beharrezkoak diren baldintza ekonomikoak izatetik urrun dago. Gaur egun, adierazpen horiek oinarrizko ekintza txikietan gertatzen dira, baina ez dute gizartearengan txertatzea lortzen. Posible da, orduan, eredu koloniala suntsitu gabe aurrera egitea? Zalantzarik gabe, gaur egungo ereduaren aurka borrokatu behar da, baina jakitun izanik ez dela egun batetik bestera desagertuko. Eta, hori gertatzen ez den bitartean, alternatiba bat sortzea eta esku hartzea ezinbestekoa da, Afrikako estatu guztietan, eredu hori ezaugarritzen duen jabetza pribatuaren erokeria herritarren kontzientzietan txertatu ez dadin. Hori da benetako erronka. Uste duzu beste kontintente batzuetan indar handiz azaleratu den mugimendu feminista proiektu alternatibo bat gauzaraz dezakeen ernamuin berria izan daitekeela? Feminismoak alde asko ditu eta, gainera, Afrikan bazeuden sistema patriarkalari aurre egiten zioten mugimenduak kolonizazioa gertatu aurretik ere. Afera da, pentsamenduaren eta ekintza globalaren arloan, gehiago egin dela emakumeek sufritzen duten menperatzearen aurka jabetza pribatuaren kontra baino. Eta, era berean, lider politiko batzuek parekidetasuna erabili dute jendeari ulertarazteko horrekin emakumeen eskubideak bermatuta daudela, nahiz eta, egiazki, haien interes partidistak defendatzen aritu. Orduan, zein da aldaketa sistemiko bat ekarriko duen estrategia? Desjabetze guztiak zalantzan jarriko dituen iraultza kultural batetik etorriko da. Ez soilik emakumeen gorputzak ugalketa objektu gisa; baita natura bera ere. Kontraesan horretatik abiatuta sistema desberdin bat sor daiteke, eta bertan ezinbestekoa izango da lurralde desberdinetan eraikitzen diren agenda progresista guztiak batera jartzea. Eta lan hori modu saretuan egiten bada, inpaktu eta kapazitate handiagoa izango du desio dugun gizarte hori lortzeko. Oraindik ez dago nahikoa koordinaziorik hori guztia gerta dadin?Arazo nagusia da estatu totalitaristek ez dutela informazio hau guztia jariatzen uzten. Hori gertatuko balitz, gazte zimbabwetarrek jakingo lukete beren bizilagun senegaldarrak ortzi-muga horretarantz doazela. Ni neu saiatu naiz kontinente osora zabalduko den zinema formakuntza sustatzen, baina zailtasun handiekin topo egiten dut. Izan ere, gaur egungo agintariek, bai maila orokorrean, bai lokalean, badakite ekoizpen artistikoa oso eraginkorra dela gizartearen gehiengoak jasaten duen kolonialismo mentalaren aurka egiteko. Afrika desestigmatizatzeak eta bere aniztasuna erakusteak begirada hegemonikoa desegiten lagun dezake? Praktika eta bizipen burujabeez aritzen den edozein ekinbide oso positiboa da. Era berean, komeni da gogoraraztea kolonialismoaren aurretik emakumearen rola erabat desberdina zela Afrikako gizartean. Emakumeek lurrak zituzten eta, jabetzan izan ez arren, haien beharrak asetzeko erabil zitzateketen. Familiari dagokionez, emakumeek paper erabakigarria zeukaten zaintzari eta gatazken konponbideari dagokienez. Nire helburuetako bat, hain zuzen, horixe da, Mendebaldeak eskaintzen digun begiradatik hain urrun dagoen errealitate hori erakustea. Azken batean, etika berri bat eraikitzen laguntzea, gizartearen gehiengoak konpartitzen badu, horrek ekarriko baitu berandu baino lehen Afrikara aldaketak iristea. «Emakumeen lana jabetza pribatuaren, irabazien maximizazioaren eta oraindik jasaten ditugun patriarkatu toxikoaren efektuen menpe geratu da: ikusezinak izaten jarraitzen dugu» «Kolonialismoak subjektu bezala ezabatu egiten gintuen. Hau da, metropoliaren eta bere balore merkantilisten zerbitzura baino ez geunden norbanakoak besterik ez ginen»