amagoia mujika
IRITZIA

Aniztasuna?

Daudenei baino ez daudenei erreparatzen zaienean, malo. Jendetzaren zirrikituen artetik hutsik dauden aulkiak baino ikusten ez direnean, malo. Astelehen goizez, artean irribarre formako ajea erantzi ezinda, Gure Esku Dago ekimenaren inguruko zenbait iritzi entzutea eta editorial irakurtzea ariketa harrigarria gertatu zitzaidan. Hauek zein film ikusi dute? Eta berdin harritzeko modukoa iruditzen zait filma ez ikustearren beste aldera begiratu dutenen kasketa. Tortikoli latza etorriko zaie.

Eta harriduratik haserrera pasatzen naiz hainbeste ilusio piztu duen ekimenaren aurka egiteko «aniztasuna» hitza erabiltzen dutenean. Mingainari punta atera eta zizta eta zizta, puxika sastatuz. Ez omen da anitza, independentziaren aldekoak baino ez omen ditu pozten eta pizten, gainontzekoek ez omen dute erabakitzeko inongo beharrik sentitzen, ederki omen daude dauden bezala. Beste gauza askoren artean, batez ere tristea iruditzen zait jarrera hori. Beltzak ez direnek arrazismoarekin ez dute kezkatu behar? Aberatsak direnek pobreziarekin ez dute arduratu behar? Emakume ez direnei matxismoak ez die kalterik egiten? Ba, nonbait, independentziaren kontra daudenei, erabakitzeko eskubideak, bost.

Eta hori defendatzeko, aniztasunaren bandera astintzen dute. «Gu ere hemen gaude, ez gara independentziaren aldekoak eta hemen gaude. Espainolak gara eta hemen gaude». Badakigu hor zaudetela, badakigu zer zareten eta zer izan nahi duzuen. Badituzue bozgorailuak eta erakusleihoak zer zareten builaka esateko. Arazoa da zer izan nahi duen erabaki nahi duen herriari ez zaionean galdetu ere egiten. Noizbait ulertuko al duzue.

Eta grazia, negargura ez esatearren, batzuen aniztasuna ulertzeko moduak ematen dit. «Gure gizartea anitza da, kolore politiko asko ditu, denak hartu behar dira kontuan, inor baztertu gabe...». Baina, errealitatean, aniztasun selektiboa da defendatzen dutena: hartu ortzadarra eta borratu gustatzen ez zaizkizun koloreak. Horra, zure neurriko aniztasuna, kontraesanik sortzen ez dizuna. Ba Gure Esku Dago ekimenaren kolorea gustuko ez dutenek horixe egiten dute. Aniztasuna kamustu aniztasunaren izenean.

Sinisten dut Gure Esku Dago deituriko olatu horrek gure herriko kolore desberdinak hartzen dituela kontuan. Sinisten dut espektro politiko eta sozial zabala, ahalik zabalena, gure jendarteko norbanako guztiak bere baitan hartzen dituena, marrazten duela jokorako zelai bezala. Eta badakit Gure Esku Dago ekimena gustuko ez duten horiek ere aintzat hartzen dituela. Jendarte bat eraikitzera bagoaz, hala behar du derrigorrez. Lagunen eta lagun ez direnen artean bizitzera kondenatuta gaude denok. Noizbait enteratuko ote zarete.