Ion Telleria
Eugenio Gorroño

Arotz hemen, artzain han eta soldadu Normandian

Beharrak, edo bizkaierazko adieran behar faltak, eraman zuen 1931n Eugenio Gorroño AEBetara. Arotz ibilia zen hemen, artzain aritu behar izan zuen Coloradoko mendietan bakardadean. Han harrapatu zuen, besteak beste, Gernikako bonbardaketak. 1944an itzuli zen Europara, AEBetako soldadu gisa Normandiatik sartu eta nazismoaren amaiera ekarriko zuen borroka historikoan parte hartzera.

Nazismoaren gainbeheraren abiapuntu gisa pasatu da historiara 1944ko ekainaren 6a. Egun horretan hasi zuten aliatuek Normandiako lehorreratzea. Ia hiru hilabetez luzatu zen bertako bataila eta borroka luzeen ondoren aliatuak Berlinera iritsi ziren, Adolf Hitler eta bere ‘Hirugarren Inperioa’ amaiaraziz. Eugenio Gorroño Lezarzaburu (Ea, 1915- Lekeitio, 2015) bizkaitarra da AEBetako armadarekin Normandian barrena sartu zen euskal herritarretako bat.

Mundu Gerrak bateko eta besteko milioika herritar harrapatu zituen, borrokan edo gatazkaren biktima gisa. Francok «boluntarioez» osatu zuen Dibisio Urdinean, frantziar erresistentzian, herritik urrun ihesean harrapatu zituztenak, zeuden lekutik gudura batu zirenak, baita AEBetako euskal diasporako kideak ere. Azken kasu honetan, euskal etorkinen ondorengo dezentek parte hartu zuten gerran, ez ziren horrenbeste lehen belaunaldiko etorkinak.

Nola liteke Bizkaian, Ean, jaiotako arotz batek AEBetako armadako sarjentu gisa Normandiako lehorreratzean parte hartzea? Bere egoerak eraman zuen hautu hori egitera, artzaintzaren bakardadeak eta bizian aurrera egiteko ezinak, baina baita nazismoak mundura zabaldu zuen izuak ere. Horren adierazle gorenetako bat 1937ko Gernikaren bonbardaketa izan zen, Euskal Herrian eta munduan betiko iltzatuta geratuko zen sarraskia. Hilario Gorroñok, Eugenioren semeak, gogoan du aitaren ahotik entzunda «Gernikako bonbardaketak izugarri» eragin ziola.

1931n, 16 urteak beteta joan zen AEBtara Gorroño; «hemengo egoera latza zen, hitz batean goseak eraman ninduen hara». Coloradon topatu zuen egoera ere ez zen espero zitekeenaren neurrikoa. Aurrez bertara joanak ziren aita eta osaba laguntzen hasi zen lehenbizi, bere kasa gero, denboraldi luzeak igarotzen zituen mendian, ia 4.000 metrora ardiekin bakardadean, gogoan du Eugeniok egoeraren gordina; «udaran lekurik garaienetara igotzen ginen, zuhaitzik ere ez da hazten han!».

Artzain lanetarako kuadrillatxoa osatu zuen bertan, «lau ziren eta bat ‘amerikanoa’, eurak kontrolatzeko, ez zekiten-eta berbetan», dio Antoni Unamunzaga emazteak orduan oraindik ingelesez ez zekitela gogoratuz. Abokatu baten ardiak zaintzeko lanak hartzekotan zen Eugenio gerrara joateko momentua iritsi zitzaionean, honek bueltarako itxarongo ziola esan omen zion eta Gorroñok, bizirik etorriz gero hartuko zizkiola.

Baziren urte batzuk, jada, Gorroñok armadara lehen aldiz boluntario aurkeztu zuenetik bere burua; «ez ninduten hartu! ‘Honek amerikanoak!’», pentsatu omen zuen. Etorkina zen, artean legezko paperik gabea. Hawaiira joan eta bertan egin zuen hiritartasuna lortzeko eskaria. Hori bideratuta sartu zen AEBetako armadan. 1942ko urtarrilaren 16an bilakatu zen AEBetako soldadu, bi urte eta erdiko entrenamenduen ostean 1944ko maiatzean itzuli zen Europara, ‘Santa Fe’ 35. infanteria dibisioaren 137. erregimentuaren baitan, K konpainian.

Normandia eta Ardenak. 1944ko ekainaren 6a da “E egun” edo ”D-Day” gisa historiara pasatu dena. Egun horretan hasi zen Normandiako lehorreratze gisa ezagutu zena, 3.000.000 soldadu inguruk igaro zuten Mantxako kanala hurrengo bi hilabeteetan. Abuztuaren amaiera arte luzatu zen Normandiako borroka eta ia urtebetez, 1945ko maiatzaren 8a arte nazismoaren amaiera ekarri zuen Europako kanpaina.

‘E egun’ hori baino bi aste lehenago iritsi zen Bristolgo portura “SS Thomas Berry” ontzi estatubatuarra eta bertan 13 urte lehenago Ean arotz lanak utzita bizitza hobe baten bila ihes egin zuen Eugenio Gorroño soldadua ere.

Bodmin hirian izan ziren hilabete eta erdian 137. erregimentuko kideak. Normandiako borrokak hilabetea betetzearekin batera mobilizatu zituzten eta uztailaren 9an lehorreratu zen K konpainia, orduan Omahako hondartza izena hartu zuen 8 kilometroko hareatzan, Sainte Honorine des Pertes eta Vierville sur Mer herrien artean.

Milaka zenbatu zitezkeen ordurako aliatuen artean hildakoak. Lehen egunean 160.000 soldadu inguru sartu zen Normandiatik eta horietako 10.000 bat hil ziren. Kontinentean pixkanaka egin zuten aurrera Ingalaterratik sartutako tropek. Abuztuaren 1ean Sainte-Suzanne herriaren inguruan zirela egokitu zitzaion Gorroñoren konpainiari lehenbizikoz aurrez aurreko gerran sartzea.

Bizkaitarrak soldadu lanak uztean jasotako agirian markatua dago 1944ko abuztuaren lehen hori, egun horretan zauritu eta ‘Purple heart’ domina sonatua jaso baitzuen. Bi hilabete eskasean 225.000 soldadu aliatu inguru hil ziren Normandiako borrokan, ia milioi erdi alemaniarren aldean. Antoni Unamunzaga emazteak gogoan du, barrez orain, nola esaten zuen Eugeniok «dena hildakoak» ikusten zituztela eta bere buruari «aurrera beti» esaten ziola. Beldurra eta ezina inguruan izan zituen, ordea. Hilario semeak gogoan du aitak nola kontatzen zion kide dezente izuak jota geratzen zela, ez aurrera ez atzera. Horiek sukaldeko lanetan, patatak zuritzen eta halakoetan jarri ohi zituzten.

Luze joko zuen, oraindik, gerrak Gorroñorentzat. Normandian bidea egin ostean, gerora sona handia hartu zuen beste borrokaldi batean ere izan zen, Ardenetakoan. 1944ko abenduaren 16tik hurrengo urteko urtarrilaren 25 arte luzatu zen bertako borrokaldia eta alemaniarren azkenetako erasoaldi indartsua izan zen. Bere dibisioaren egunerokoa jasotzen duen liburukian gurutze batekin markatuta ditu Gorroñok ‘The battle of Bulge’ (Konkorraren bataila) –AEBek hala izendatu izan dute Ardenetako bataila– eta Villers la Bonne Eau herria.

Gabonak gudutik kanpo igaro ahal izan zituztela idatzi ostean, hala dio egunerokoak: «Abenduaren 30ean, K eta L Konpainiak Villers aldera aurreratu ziren, Belgikan, herria ziurtatzeko. Kontraerasoa izan zuten, inguratu egin zituen etsaiaren gudarosteak eta denak harrapatu zituzten. Ez zen euren berririk izan gehiago». 35. dibisioaren kontakizunean ere aipatzen dute gertakari hau, «Villers La Bonne-en 137. erregimentuak K eta L konpainiak galdu zituen». Hilario semeak aitaren ahotik jaso du han jazotakoa. Egoera «zantarra» izan zela dio, alemaniarrek inguratu egin zuten bere konpainia eta airez eta lurrez aldi berean eraso egin zieten, paraxutistak tarteko. «Joan egin behar dugu, bestela denok hilko gaituzte» omen zioen aitak hura gogoratzean. Korrika, ahal zen moduan, bera eta beste hiruk soilik lortu omen zuten hartatik ihes egitea.

1945 hasi berritan zen eta oraindik ia beste bost hilabetez luzatuko zen II. Mundu Gerra. Maiatzaren 8ko gauerdia pasatu eta minutu bat beranduago amaitu zen bigarren gerra handia. Udan berriz ere AEBetara itzuli zen Eugenio Gorroño.

Artzain berriz, tabernari eta Euskal Herrira buelta. Armadaren deskargu orriaren arabera, 1945ko abuztuaren 31n utzi zuen soldadu lana; hiru urte eta zortzi hilabete egin zituen, orotara, AEBetako armadan, horietako urte bat, hiru hilabete eta 20 egun Europan, Mundu Gerran.

Gerra amaituta AEBetan zen berriz eta zain zituen ardiak. Euskal jatorriko beste batentzat aritu zen lanean lehenbizi eta azkenean honekin ondo konpondu ez eta bere kasa ardiekin tratuan hasi zen. Hamar bat urtean aritu zen langintza horretan, taberna bat hartu zuen artean.

Lekeitioko sanantolinetara etorri zen batean ezagutu zuen Antoni, gerora emazte izango zuena. 62an ezkondu ziren eta AEBetan izan zituzten haurrak. 30 bat urte lehenago Eugeniok bezala, kasu honetan Antonik bizi izan zituen etorkinaren ezinak; «tabernako barran ezin nuen lanik egin, badakizu ‘paper’ barik eta...», sukaldean aritu zen lanean.

Azkenean, hango biziaren nekeak eraginda edo, 70eko hamarkadan Euskal Herrira itzuli zen familia osoa. Euskaraz eta ingelesez zekiten semeek, «hemen eskoletan gazteleraz ikasten zen eta hori oso zaila egin zitzaien», dio Antonik. Biek zuten garbi, ordea, sorterrira itzuli behar zutela. Eugeniok dakar gogora: «40 urte baino gehiago Amerikan igaro nituen eta argi nuen Euskal Herrira etorriko nintzela, beti sentitu naiz euskaldun: non bizi hemen baino hobeto?»

Hil baino urte batzuk lehenago egindako elkarrizketa batean bera bere garaian bezala sorterria utzita orain Euskal Herrira datozenen inguruan izan ohi diren arrazakeria mezuen gainean galdetuta, bere hitzetan, «ez dago eskubiderik». «Nik ez nuen halakorik jasan, baina orduan ere mexikarren inguruan sekulakoak entzuten diren, alferrak zirela eta... bai alferrak, eta rantxo guztietako morroi lanak egiten eurak!»

Joan den abenduan, 25arekin, eta 100 urteak beteta hil da Lekeition Eugenio Gorroño Lezarzaburu, arotz lanak utzi eta Coloradoko desertuan artzain aritua, II. Mundu Gerran etorkin gisa hartu zuen armada baten izenean nazien aurka aritu ostean eta munduaren ia erdiari buelta eman eta gero, sorterrira itzulita.

*(Jokin Leniz eta Ibon Goitiak egindako ikerketa eta Amaia Orbek egindako elkarrizketa bat oinarri)