Maddi Txintxurreta
CHEMA MADOZ ARGAZKILARIA

Bizar labanak, erlojuak eta mundu bat

Artearen ertz guztiak ukitzen ditu Chema Madozek (Madril, 1958). Zizelkaria da objektuak enkoadraketaren barruan eszenaratzeko orduan, argazkilaria une aproposean, eta poeta irudiaren zentzu aldeaniztuna ikuslearen begietan sartzean. Argazkilariaren «Ars Combinatoria» erakusketa azaroak 5era bitarte egongo da ikusgai Donostiako Tabakalera zentroko Kutxaren Artegunean.

Artista surrealisten ahaide, objektuak manipulatzen ditu, horrela errealitatea infinituraino tenkatzen eskaintzen dituen aukera guztiei probetxua ateratzeko, fantasiaren atarian baina fikziorako atea gurutzatu gabe. Chema Madoz egungo arte eszenako protagonistetako bat da. Espainiako Argazkigintzako Sari Nazionala irabazi zuen 2000n, beste sari askoren artean. Dali, Man Ray eta Magritte bezalako artista surrealistek ereindakoa jaso eta bere bidea egin du, begirada propioa eraikiz.

Madozek gizakiak erretratatzen abiatu zuen argazkigintzako karrera, baina, 90eko hamarkadatik aurrera, krisi sakon batek jota, ordu arteko joerak utzi eta objektuetan jarri zuen begirada. Berak esanda, irudietan agertzen ziren lagunek ez baitzuten «ezer propiorik gaineratzen». Alegia, objektuak ziruditen.

Geroztik, objektuekin jolasean ibili da argazkilaria. Egunerokotasunari oharkabe ihes egiten dioten elementuak harrapatu eta giza imajinarioak ezinezkotzat jotzen dituen esanahiak esleitzen dizkie, zerbaiti dagokion funtzioa erantzi eta beste bat inposatuz, edo itxuraz guztiz antagonikoak diruditen horiek harremanduz. Konposaketa horretan lortzen ditu elementuen alderdi aniztasuna, kontrastea eta ahaidetasuna. Eta, horrela, egunerokotasunaren kaos sotila argitara ateratzen du.

Tabakalerako erakusketan artistaren atzera begirako bilduma jaso dutela dio Oliva Maria Rubio komisarioak, Chema Madozen hastapenetatik, 80eko hamarkadan gizakiak erretratatzen hasi zenetik, gaurdaino, pertsonen argazkiak alde batera utzita objektuak protagonista bihurtu dituen garaiotaraino.

Hilkor, hilezkor. Erraza da egunerokoan bizirautea, ezagun egiten zaizkigun objektu, pertsona eta ibilbideen sostenguarekin. Ez, ordea, ezaguna den hori gure begien aurrean asaldatzen denean, eta ez daukagunean bera bezatzeko ohiturarik. Argazkilari madrildarrak darabilen sinbolismo ironikoak eta metafora bisualak deseroso sentiarazten du, indargabe, klaustrofobiko zenbaitetan. Desertuko lur lehorreko estoldak edo alde banatan sarraila eta sarraila hori irekitzeko hortzak dituen giltza zurrunak tentsioa eragiten dute. Bestetan, aldiz, lasaitasuna transmitituko du, irribarre bat: mundua maleta batean kabitzen da.

Ohikoak diren objektuak erabiltzeak gertutasuna iradokitzen du, eta segituan lortzen du ikuslea obraren lagun egitea, ezagunak baititu begien bistako elementu guztiak. Horregatik, Madozek arrakasta du munduko edozein herrialdetan.

Lehenengo kolpeak ez ditu Madozen argazki baten sekretu guztiak kontatzen, lan bakoitza geruzaz geruza biluztu behar du ikuslearen begiradak, eta gutxika-gutxika ulertu irudi bakoitzak atzean gordetzen duen esanahia. Esanahi hori, noski, ez da bat eta bakarra. Horretaz kontziente da Madoz, ez baitu lanik izenpetzen, komisarioak dioen bezala, ez duelako nahi «ikuslearen begirada orientatzerik».

Objektuak ez ezik, naturaren elementuak baliatzen ditu; hala nola, ur-tantak, hostoak eta landareak. Hilkorrak dira guztiak, hauskorrak eta iragankorrak, gizakia bezala. Erlojuak eta trenbideak gogorarazten dute gizakion oinazeak aise ezabatzen direla bizitzaren errailetik. Era berean, artearen heriotza irudikatu du, arkatzak pospoloak balira bezala erretzen, baina, badaki, norbaitek artearen heriotza irudikatzen duen bitartean artea ez dela inoiz hilko.

Madozen obra hilezkorra da, eta horregatik darabil zuri-beltza argazki guztietan. Berak dio zuri-beltzak ez duela salatzen argazkia zein momentutan egin den, «atenporala» dela. Argazkilariak urrunetik begiratzen ditu denbora eta errealitatea, eta berauen perspektiba zabala erdiesten du, etengabe tenka daitekeena eta dimentsio ugariz erditzen dena. Zenbaitetan, mundu errealaren eta birtualaren artean aritzen da orekari.

Konbinazioak. Digitalizazioarekiko iheskor, Madozek era tradizionalean inprimatzen ditu argazkiak. «Era analogikoan egiten dut lan, kimikoekin, uste baitut koherenteagoa dela irudien diskurtsoarekin», dio artistak. Metodo analogikoak errealago bihurtzen du Madozen lana, digitalean edozer gauza pasa baitaiteke. Horrela, argazkietako objektu eta naturako elementuak manipulatu egiten ditu argazkia atera aurretik, eskultore batek egingo lukeen gisara. Horrela, ikuslea nahasten du tranpa bisualen bitartez, koilaratxo baten pean sardexka baten gerizpea sortuz, adibidez. «Madoz artista egiten duena zera da: gainontzeko pertsonei aurrea hartzen die begien bistara dagoenetik harago ikusten duelako», dio “Ars Combinatoria” erakusketaren komisarioak. Bere ustez, argazkilaria bainoago, poeta bisuala da Madoz, eta konbinazio infinituak egiteko irudimena dauka, laino bat kaiola batean preso sartzeko, edo bizar laban bat biolinaren zubiaren tokian jartzeko.

Ez da Chema Madozen asmoa artearen bidez kritika soziala egitea, baina, komisarioaren hitzetan, «egia da lan batzuek badutela kritika karga txiki bat, egungo arazoei buruz ari direla». Horrela, izotzez egindako podium bat urtzen ari da, ospearen iragankortasuna irudikatuz, perla-iduneko bat urkatzeko soka bilakatzen da kodiziari erreferentzia eginez, eta puntan xiringa duen lurrin-flaskoak drogari egiten dio kritika.

2003an, “S’acaba” argazki eta poema liburua argitaratu zuen Joan Brossa poeta bisualarekin batera. Madozek argazkiak egin zituen eta Brossak testuak idatzi. Tabakalerako “Ars Combinatoria” erakusketan daude liburuko orrialde batzuk, eta horietako batean, Brossak honakoa idatzi du: «Enpresa metalurgiko bateko tailerrak kiroldegi bihurtu dira». Hori da, hain zuzen ere, artista onek egiten duena: funtzioak, esanahiak eta objektuak nahastu. Urkila bat sol giltza izatera igarotzen da, eta edalontzi batek kopa bat giltzaperatzen du.