Khalil Jalil
emakumezkoen halterofilia taldea

Markak eta aurreiritziak gainditu nahi dituzte Iraken

Aurreiritziak eta baliabide aldetik zituzten zailtasunak gainditu dituzte. Ez dute erraz izan, baina Irakeko halterofilia taldea osatzen duten zortzi emakumeak pisua ez ezik dominak eta garaikurrak altxatzen ari dira orain. Egunero-egunero hiru bat orduz entrenatuta, kirol helburu handiak dituzte, baina ez hori bakarrik: jasotzen duten soldatarekin maila ekonomikoan euren familiek dituzten premiak ere asetzen dituzte.

Sadr hiriko auzune bateko gela zahar batean hainbat emakumek eurak baino astunagoak diren pisuak altxatzen dituzte. Irakeko halterofilia taldea osatzen duten zortzi emakumeak euren besoen indarrari esker bizi dira. Egunero hiru orduz entrenatzen dira hormetako batean Irakeko bandera margotua duen aretoan; harekin saiatzen dira denborak eta mantenu faltak eragindako kaleak ezkutatzen.

2011. urtean jaso zuen Abbas Ahmedek federazioaren proposamena emakume altxatzaileen talde bat osatzeko, eta azaldu duen moduan, «zaila ez, oso zaila izan zen». «Ideia hori alboratzen zuen gizarte baten kontra» borroka egitea egokitu zitzaien, batez ere, euren auzoan bertan, Bagdadeko ekialdean kokatutako eremu xiitan. Gainera, aurretik ez zen emakumezko talderik herrialdean eta horri ere aurre egin behar izan zioten, iraganean mutilak entrenatzen zituen 54 urteko irakiarrak azaldu duen moduan.

Azpiegitura falta. Aurreiritziak ez ezik, bitarteko eta azpiegituren falta ere gainditu behar izan zuten, erakundeek ez zuten-eta diruz lagundu emakumezkoen halterofilia talde hau. Osatu ahal izateko hainbat familiarengana gerturatu zen Ahmed. Lehenik eta behin kirola maite zutenengana jo zuen, haiek helburua errazago ulertuko zutela pentsatuta. Hori izan zen Huda Salimen kasua. Proposamenari baiezkoa ematen lehena izan zen 8 urte zituenetik taekwondo egiten zuen 21 urteko irakiar hau. «Halterofilia ez dela emakumezkoentzat esaten duten horiei, guk gizonek egin dezaketen hori egin dezakegula esaten diet, ez dagoela desberdintasunik», dio gazteak. «Nik pisuekin gizonei erronka botatzen diet», dio irribarretsu eskuak magnesioz estalita dituela.

Huda Sadr hiriko lehena eta etorkizun handikoa, taldeko oinarria da. Gainera 14 urte dituen Hadeel ahizpa txikia entrenatzen du. Pasa den urtean Asian barrena egin ziren hainbat txapelketatara joan ziren biak, eta hainbat dominarekin itzuli ziren etxera. Hudak brontzezko domina eskuratu zuen Turkmenistanen jokatutako Asiako Halterofilia Txapelketan. Hadeelek hainbat domina eskuratu zituen Asia Mendebaldeko Txapelketetan junior kategorian eta laugarren izan zen Nepalen izandako Asiako Txapelketan.

Baina ospea baino gehiago Hudak lan segurtasuna eskuratu nahi du. «Halterofiliari esker hilabetero nire familiaren beharrak asetzeko lagungarri den soldata bat daukat», azaldu du. Taldearen babesle den Al Chorta klubak 400 eta 800 dolar arteko saria ematen die haltera guztiei. «Hori oso lagungarria da neskek kirola egiten jarraitzeko, familien beharrak asetzen dituzten bitartean», gaineratu du Ahmedek. Huda eta Hadeelen soldatarik gabe, izan ere, oso zaila izango litzateke hilabetean ordaindu behar duten 330 dolarreko alokairua ordaintzea, Noama Salim aitak aitortu duenez.

Loujain Hazemek ikasketak utzi zituen kirolean buru-belarri aritzeko. Pasa den urtean hasi zen bere hautua fruituak ematen; izan ere, 15 urteko neska honek, Asia Mendebaldeko &dcFour;Txapelketan zilarrezko domina lortu zuen. «Gure entrenatzaileak ausardiaren eta pertseberantziaren garrantzia irakatsi zigun; ziur nago egin dugun esfortzu guztiak saria jasoko dutela, bai kirol mailan, bai maila ekonomikoan», aipatu du.

Baina mundu mailan errekorrak eta arrakasta lortu baino lehen, halterofilia talde honek Sadr hiria irabazi du, Hudaren eta Hadeelen aitak nabarmendu duenez. Burdinazko eserleku batean eserita, bere alaben lana txalokatzen du. «Azkenean jende guztiak babesten ditu, eta txapelketetatik itzultzen direnean heroi gisa hartzen dituzte», dio.

Ondoren datozenei bidea zabaldu diete, Roquiya Ahmedi kasu. 12 urte ditu eta aitarekin motoan etortzen da entrenamenduetara. Amets egiten du: «Egunen batean espero dut Olinpiar Jokoetan parte hartuko dudala».