Amaia Ereñaga
udarako gida bat

Hamaika euskal museo alternatibo

Guggenheim, Artium eta Oteiza museoak bezalako «izar» handietatik at gurean badago zer ikusi, bisitatu... eta ikasi. Eta ez gara paisaiaz ari, nahiz eta, uda partean kostaldea eta mendiak bihurtu ohi diren gure desiraren objektu ilunak. Irizpide guztiz propioarekin osatutako gida antzeko honekin, beste mota bateko proposamen batzuk –interesgarri, bitxi, herritar, dibertigarriak...– azaleratu nahi ditugu. Beraz, eman diezaiegun aukera bat gure geografian sakabanatuta, eta maiz zokoratuta, dauden museo txikiei.

Zerbaitetaz ohartu gara gida antzeko honi heltzean; museo txikien proiektu gehienen atzean borondatezko lan eskerga dagoela. Lan isila beti, ekintzaile baten ametsaz elikatuta askotan, edo bestela profesionalen gogo beteaz bultzaturik. «Ateratzen bagaituzue, gu pozarren», da gehien errepikatu diguten esaldia. Gida propio honetan ez daude denak, noski, asko eta gai desberdinei buruzkoak aurki daitezkeelako; etnografikoak, artistikoak, zientifikoak, bitxiak... Zeren, ohartu garenez, Euskal Herria museoen herria ere bada. Agian, horregatik sortu dute Nafarroan museoen pasaportea?

 

1.Euskal buztingintzan barneratzeko aukera. Urkiola eta Gorbeiako parke naturalek inguraturik, Elosua (Araba) herriko Ollerieta auzoan kokatutako baserri batean 1711. urtetik buztingintza landu dute Ortiz de Zarate familiako hainbat belaunaldik. 1958an, Urrunagako urtegia egin zenean, baliatzen zuten lurra urpean geratu zitzaielako ordura arteko jarduerari agur esan behar izan zioten... orain justu 25 urte Blanka Gomez de Segura artisauak lan zahar honi bizitza berri bat eman zion arte. Euskal Buztingintza Museora egiten den bisita bakoitza atsegina da oso, bertako labetzarrean egindako piezak ikusi eta erosteaz aparte –lehen mailako sukaldarien mandatuak jasotzen dituzte era berean, Aduriz edo Atxarenak kasu–, urtegian buztina jaso eta gero tornuan lanean jartzen zaituztelako zeramikari bat izango bazina bezala, ostegun eta larunbatetan egiten dituzten tailerretan. www.euskalzeramika.com

 

2.Agoten leinua eta Santxotena. Xabier Santxotena eskultorea zurari lotuta egon da betidanik, zuraren eskulangintzan jardundako familia bateko semea baita. Egurra da, beraz, Oteizaren dizipulu honen pasio bat eta, bestea, agoten istorio ilunari argia ematea. Agoten leinu batetik baitator Santxotena. Urtean zehar Artzenagan (Araba) duen lantegia (urte osoan bisita daiteke) utzi eta uda partean Arizkuneko (Nafarroa) Bozate auzoko bere parke-museora “migratzen” du. Han, eta aurretik bisita ordua eskatuta, Santxotenak berak zizelkatutako euskal mitologiari buruzko artelanen artean pasea daiteke, naturaz eta arteaz gozatuz. Bigarren Mundu Gerrako Arabako Sarea taldeko emakumeen erretratuak ere (Teresa Lafraguak eginak) ikusi ahal izango dira. Orain, agotei buruzko proiektu ikusgarri eta sakon bati azken ukituak ematen ari da egile hau, agoten etxe prototipo bat erreproduzitzen ari baitira. www.santxotena.org

 

3. Jolas gaitezen familien jokora. Mundu osoan karta-sorta bildumen sei museo besterik ez daude, eta horietako bat Gasteizko Aiztogile kalean (“Cuchi”) dago. Arabako Fournier Karta Museoaz ari gara, noski. Klasiko bat da, baina horrek preseski ematen dio “zerbait” berezia. Bost kontinenteetako karta sortak gordetzen dituzte (20.000 alek baino gehiagok osatutako funtsa dute) eta, era berean, aldi baterako erakusketak antolatzen dituzte, oraingoa kasu. “Karta kontuak” erakusketarako 134 sorta eder aukeratu dituzte, haurren jokoak denak. Zaharrena 1710ekoa da (“Arithmetical cards”, ingelesa) eta bertan 1800eko miniatura-kartak edo 1851ean lehen aldiz argitaratu ziren “familien” jolasak aurki daitezke. Nor ez da txikitan jolastu “7 herrialdetako familietara”? www.araba.eus

 

4. Ulibarrenaren ondarea eta pasaportea. Iruñetik gertu, Ollo ibarrean, elezaharreko Teodosio Goñikoaren oinean eta Artetako iturburu ederraren itzalpean dago Iruñeko Erresumaren Museo Etnografikoa. Akaso, egokiagoa izango litzateke Joxe Ulibarrena eskultore eta etnografoaren bizi-proiektua deituko bagenio, kultur ekintzaile hau XVII. mendeko Artetako Fantikorena baserri handian gure arbasoen “entziklopedia fisikoa” osatzen joan baita urteotan; goldeak, gurdiak, sarrailak, jantziak, altzariak, laiak, jolasak... hots, baserri tradizional baten testuinguruan, erresuma zaharraren eguneroko bizitza islatzen duten atalak bildu ditu era anarkikoan. Ukitu anarkiko horrek ematen dio, gainera, berezko xarma. Nafarroako Gobernuak aurten martxan jarritako “Museatu!” ekimenaren barnean sartzen diren hamahiru museoetako bat da Artetako hau. Zentro hauetako zigilua eskuratuz gero, eta pasaporteari esker, sariak eskura daitezke (mugikor bat, tablet bat edo liburu elektroniko bat). www.museoetnograficoarteta.esy.es

 

5.Gaiarreren laringea. Hau da hau, munduko tenore handienetarikoa gurean jaio eta ezin bere ahotsa entzun, ez dagoelako haren grabazio bakar bat ere. Neurri batean, Julian Gaiarre (Erronkari 1844-Madril 1890) nafarraren bizitzari “Handia” filmean islatutako istorioaren kutsua hartzen diogu, baina Gaiarrek beste osagai batzuk zituen, noski. Erronkariko familia xume batean jaiotako seme hark artzain izatetik Milango Scalara salto egin zuen. Hain zein ederra bere ahotsa, ezen munduko antzoki nagusienean kantatu baitzuen. 46 urterekin denge gaitzak jota hil zenean, bere sendiaren baimenarekin, laringea kendu zioten aztertu ahal izateko eta ikusi zen asimetrikoa zeukala, nonbait, nota altuak kantatzeko aproposa. Erakusketa iraunkorraz gain, bisita Erronkariko (Nafarroa) hilerrian duen mausoleoa eta herritarrei emandako obrak ezagutuz osa daiteke. Bere sortetxean laringea bera ikus daiteke, baltsamatua, bere bizitzako beste oroigarri batzuekin batera, horien artean tenoreak hain gustukoa zuen Donizettiren “La favorite” operarako erabiltzen zituen jantziak. www.juliangayarre.com

 

6. Jar ezazu Porsche bat zure bizitzan. Donibane Garazitik gertu, zehazki, Bidarrai (Nafarroa Beherea) herrian dago bost izarreko Ostape ostatu dotorea. Henri Parentek, hotelaren jabeak, bere zaletasun handiena gauzatzeko eraberritu zituen XVII. mendeko eraikineko ukuiluak, eta bertan Porsche autoen museo pribatua zabaldu du. Aurretik deitu egin behar da luxuzko bisita izan daitekeen hau lotzeko. www.ostape.com

 

 

7.Arnagak istorio asko gordetzen ditu. Joan den maiatzaren 4an, nazioarteko politikagintzako ordezkaritza zabalaren aurrean, ETAren amaiera ekitaldia egin zuten Kanbo herrian (Lapurdi). Gogoan izango duzue neoklasiko estiloko jauregitxo zuri-gorrixka batean egin zela, estilo frantseseko lorategi botaniko eder batean... Edmond Rostand museoa zen. 1900. urtean, “Cyrano de Bergerac” antzezlan ospetsuaren egilea pleuresiaz jota gaixotu zenean, Kanboko bainuetxeetara etorri zen... eta Euskal Herriarekin maitemindu zitzaigun. Lur sail batzuk erosi, eta Arnaga etxaldea eraikitzeko mandatua eman zion Joseph Albert Tournaire arkitektoari. Aurten Rostanden heriotzaren 150. urteurrena eta jaio zeneko mendeurrena bete dira. Hori dela eta, erakusketa berezi bat dago zabalik arazora arte “Edmond Rostand, ezezagun ospetsua” izenpean, idazlearen bizitzaren lekukotza ematen duten hainbat objektu berezirekin. www.arnaga.com

 

8.Industria-iraultzaren hastapenak. Balmasedako (Bizkaia) La Encartada fabrika-museoa ehun urtetik gorako kokagunea da eta, 1892. urtean sortu zutenetik harik eta 1992. urtean itxi zuten arte, artilezko puntu-lanak egiten zituzten. Bere kokaguneak, langile-koloniak, pletinen eta barren sistemak eta makinek iraultza industrialaren hasierara garamatzate, bertan ezer gutxi aldatu delako. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte udari begira eta, bat aukeratzekotan, “Zer egingo zenuke zuk duela 100 urte fabrika batean?” izenekoa (abuztuak 5 eta 19) aukeratuko genuke, zeinean parte-hartzaileak antzinako arropekin jantzi eta, adina eta sexuaren arabera, lantegian lan desberdinak burutuko dituzten. Bukaeran soldata jasoko dute eta oroigarri gisa, argazki bat bidaliko zaie. Bestalde, erakusketa bat dago ikusgai, “Valca. Kadaguaren urtetan”, Valca fabrikaren inguruan. Kimikagintza, argazkilaritza eta erradiografiaren alorreko eskaintzagatik izan zen ospetsua fabrika hau. www.visitenkarterri.com

 

9.Natura, Urkiolako parkearen atarian. Hamabi urte zituenean, Enrike Huerta bost kontinenteetan aurkitutako aleak batzen, identifikatzen, ikertzen eta digitalizatzen hasi zen, egunen batean Durangaldean natur zientziei bideratutako museo bat zabalduko zen ametsarekin. Handik bost hamarkadara, etengabeko lanari helduta, ametsa egia bihurtu eta, are, 31 urte bete ditu Mañariko (Bizkaia) etxalde historiko batean martxan dagoen Hontza Museoak; hau da, Durangaldeko Natur Zientzien Museoak. Urkiolako natur parkearen “atean” dagoen Zumelaga eraikinean dago, Ebaristo Bustinza Kirikiño idazlea hil arte bizi izan zen etxean, eta Huertaren lanari esker mantentzen da. Natur zientziaren alor guztietako 37.000 alek osatzen dituzte museoaren funtsak. hontzamuseoa.eus

 

10.Joan gaitezen lurrun-trenean. Beste klasiko bat: Europako tren-bildumarik onenetarikoa duen Azpeitiko (Gipuzkoa) Burdinbidearen Euskal Museoak bisita bat merezi du... batez ere, museotik Lasaora egiten diren lurrun-trenen irteerak aprobetxa ditzakegu aitzineko garaietara ibilaldi bat egiteko. Abuztuan asteartetik larunbatera 12:30ean eta 18:00etan aterako dira eta igandeetan, 12:30ean. www.bemfundazioa.org

 

11. «Belle époque»-ra itsasontzian. Urtebete inguru darama zabalik Errenteriako alde zaharreko XVII. mendeko Kapitain etxean kokatutako Jantziaren Zentroak. Udari begira, mende hasierarako bidaia proposatzen digute, hondartzan eguzki bainua eta Bulebarreko terrazan aperitifa hartuz, belle époqueko Donostian murgil gaitezen Iraultza dantza taldekoek bildu dituzten jantziak ikusiz. Zeren museoak aita-amak baditu, Iraultzako kideak dira horiek, taldeko partaideek elikatu baitute museoa, jantzi guztien bilketa eta museoaren kudeaketaz beraiek arduratzen baitira. Errenteriatik Pasaiara joan gaitezke eguna biribiltzera, Albaolara edo Mater Itsasontzi Museora. Azken honek itsasora irteerak eskaintzen ditu. &hTab;&hTab;&hTab;kultura.errenteria.eus eta www.matermuseoa.com