GALDER PEREZ
IRITZIA

Postal(eko)ak eta inertziak

Uda sasoian ohikoa zen lehen postalak bidaltzea. Obligazioz edo inertziaz egiten genuen. Ez zegoen guaxapik, ezta emailik ere. Non geunden esan, bertako argazkirik ederrena zeukana aukeratu, sinatu eta gertuen aurkitzen genuen postontzian botatzen genuen postala. Inertziaz. Posta-txartelak, beste hainbeste gauzarekin batera, gure ohiko egunetatik desagertzen joan diren arte. Eta pena da, benetan ederra baitzen kapeladun ahuntz, uharte liluragarri edota dantzari aldrebesen argazkien atzeko lerro maitagarriak etxean jasotzea. Postalak bidaltzeari uzten joan, eta postaleko bihurtzen joan ginen. Egia da, bai, postalekoak izan, beti izan direla, baita lehenengo sardineren postalen garaietan ere.

Postalik bidaltzen ez den garaietan postalekoak biderkatu egiten dira. Funtsean, argazkia xede nagusi duten sare sozialak, zer dira bada, ez bada unean uneko postal digitala. Postaleko pertsona diogunean, ordea, pose bati buruz ari gara, noski. Mugimendu sozialetan edo mobilizazioetan, esate baterako, hedatuak eta ezagunak dira. Latza da benetan, mugimenduez edo mobilizazioez ari garenean postalak perretxikoak lez aurkitzea. Postala estatikoa baita. Mobilizazioak, berriz, hitzak berak dioen moduan, mugimendua behar du. Baina inertziak, ordea, mugitzea kostatzen zaion horrek mugimendua baldintzatzen badu, postala bihurtzearen arriskua agerian geratzen da. Inertziak lo hartzera eramaten gaitu eta mugimenduak, ordea, beti erne ibiltzea eskatzen du.

Uda honetan gure jai ereduez eta hauek sortu, bultzatu eta dinamizatzen duten lekuan lekuko mugimenduez asko hitz egiten edo idazten ari da. Esan beharrik ez dago, tokiaren arabera gauzak oso ezberdinak direla. Denboraren poderioz, eta sormen faltak eraginda beharbada, ondoriozko inertziek bultzatuta bizirauten dute jaietako askok. Beste batzuk, berriz, hasi berrien ilusioz eta grinaz, dena eraikitzeko daukanaren ilusio eta garraz uda sasoi guztietan pizten doaz. Piztutako dena bihar itzaliko dela jakin nahi gabe piztuz gainera. Eta horrela hobe, bestela, inertziari entregatuko bailiokete bere izena eta izana. Nori eta inertziari. Zeri eta inertziari. Zer eta pausa egoera, amaierarik gabeko atseden aspergarria bezala. Erresistentzia soziala egiteko sortua zenak, inertziaren poderioz, mugimenduari traba jartzen dionean, pizgarri berrien falta duela dirudi.

Zientzian bada energia biltzeko asmakizun mekanikoa, inertzia-bolantea deiturikoa. Ez dut uste automobilaren bolanteaz ari denik. Objektu hegalari ezezagun baten antz handiagoa hartzen diot. Baina ez nuke gaurkoan ere, beste askotan bezala, planeta honetatik kanpo behar dugun soluzioa aurkituko. Egia da, bai, Marte eta Saturnoko postalak oso politak izan behar direla. Baina gure herrietan ere badugu inertziak hegan bidaltzeko aukerarik. Badira soka batetik gora eta behera gomazko hegaztia harrapatzeko, portuko uretan gainean sokasaltoan ibiliko direnak, adibidez. Itsasoan barrena Pinotxok balea batetik hegaz ateratzea lortu zuen. Berarekin postal asko egin izan badira ere, egurrezko umea ez zen sekula inertziatan erori. Halako eredua hartuta, hortaz, gezurrak salbatuko ote gaitu berriz ere?