Mertxe Aizpurua
kontakizun unibertsala zinema aretoetan

Dantzaren unibertso estetikoa film bihurtu zenekoa

Zazpi jauzi izan balira bezala, zazpi urte behar izan ditu «Dantza» proiektuak zinema aretoetara iristeko. Telmo Esnalek zuzendu eta Koldobika Jauregi eskultorearen burutazioetakik sortutako ideia ikusgai dago jada 250 dantzari baino gehiagok agertoki desberdinetan dantzatu ondoren. Ziklo baten historiaren kontakizuna egiten du «Dantza» filmak, desertuan hasi eta XX. mendeko eraikin batean amaituz, apustu estetiko ausarta eta erakargarria aurkezten duena.

Euskal dantzak oinarritzat hartuta ehundu da “Dantza” filmaren kontakizuna, baina edozein tokitakoak izan zitezkeen. Koldobika Jauregik irudikatu, Juan Antonio Urbeltzek taxutu eta Telmo Esnalek josi duen filmaren estetikan sartu gara, eta irudimentsu eta berritzaile bezain erakargarri eta ikusgarria den unibertsoa aurkitu dugu. Hasierako harria Koldobika Jauregik bota zion Telmo Esnal lagunari: «Dantzaren inguruan eta euskal estetikaren inguruan zerbait egin daiteke», esan zion eskultoreak. Eta dantzari izandako zinemagileak baietz; bi pasio horiek, dantza eta zinema, uztartzeak erakartzen zuela. Horrela hasi zen istorio hau. Hitz gutxi behar ziren abiapuntuarentzat, nahiz eta ibilbidea konplexua eta korapilatsua izan den. Proiektu hura kontakizun filmikoa izateaz aparte, artelan bihurtu da. Motibazio ezberdinak zeuden atzean: dantzarekiko ikuspegi berria ematea, euskal dantzak merezi duen lekua ematea modu berritzaile batean planteatuz, eta Juan Antonio Urbeltzek urteetan zehar landu duen dantza tradizionalaren atzean dagoen sinbologia plazaratzea. Era horretara laburbildu du filmaren zioa Telmo Esnal zuzendariak, beste bat gaineratuz: «Berriz ere gure jendea dantza mundura ekartzea».

Hirukoa osatu eta “Dantza” pelikulari gorputza emanez, hiru buruak dantzan jarri ziren batera. «Urbeltzek bere bizitza osoa eman dio pelikulari –azaldu du zuzendariak–. Bizitza osoan zehar ikertutako eta landutako gehiena hor dago, ezpata dantzari buruzko hipotesi berriak, taula gimnastiko koreografikoa, dantzan trebatzeko ariketak eta sortutako dantza berriak». Telmo Esnalen hitzak dira eta ezbairik gabe adierazten du filma ez litzatekeela posible izango Koldobika Jauregi tartean izan ez balitz. «Bera gabe beste zerbait egin genezakeen, baina hau ez. Bere ikuspegiak eta lanak garaikidetasuna ematen dio filmari».

Edonola ere, Esnalek ez du film hau irudikatzen Jauregi gabe. Eskultorearen eskutik etorri da dantza tradizionalari garaikidetasuna emate hori, eta horretarako hainbat bitarteko erabili ditu. Jantzitegia, atre-zzoa eta sinbolismoz betetako keinu eta gakoak haren emaitza dira. Bitarteko ezberdinak filma deslokalizatu eta unibertsal bihurtzeko, dantzaren esentziarekin bat eginez. «Baita ere –erantsi du Telmo Esnalek– atenporalitate hori lortzeko eta, era berean, garai ezberdinak erakusteko».

Herri baten historia dakar “Dantza” filmak, lurrak emandako zuhaitzetik abiatuz, bizitzaren zikloa azalduz. Zinemaldiko publikoaren miresmen eta txaloak ez ezik, Greenpeace erakundearen Lurra saria jaso zuen, filmaren unibertsaltasuna eta kontakizunaren edertasuna azpimarratu nahian. Eta hari honetatik tira eginda, filmak berarekin dakarren berritasun estetikoa da ikuslea liluratzen duena. 25 dantza inguru sartu dira filmean, eta horiek markatzen duten katebegian Jauregiren esku-hartzea erabakigarria izan da.

Alde positiboa aurkitu nahian edo, eskultoreak aitortu du proiektu honetan pasa diren zazpi urteak, neurri batean bederen, onuragarriak suertatu zaizkiola bere eguneroko lanetik aldentzen den diziplina berriari ekiteko. Agian ez da hain aldenduta, bestalde. Jauregik ezagunak zituen Urbeltzek landutako ikerketa batzuk, dantza jakin batzuen jatorria intsektuekin lotzen zuenekoak. Estetikoki ere indarra zuten irudiak ziren, eta Jauregiren lana, azken finean, dantzaren atzean ezkutatzen zen iruditeriari forma ematea zen. Burdinatik oihalera egin beharreko jauzia, aldiz, berria zen. Ehun desberdinak, olanetatik zetara eta zakuzko telatik arrantzaleen sareetara… jantziak eta atrezzo lanak bere gain hartuta, kasualitatez harrapatu zuen eremu berrian baliotsua gertatuko zitzaion aholkua: «Duela bost bat urteko Gabon egun haietan –gogoratu du– etxean oparitu zidaten liburu bat, Ingalaterrako eskola bateko moda edo arropa jostunentzat hainbat kontseilu ematen zituen liburua, alegia. Kontseiluen artean hau zioenarekin geratu nintzen: Zuk materiala kontrolatzen ez baduzu, oihalak eta teknikak ez badituzu ezagutzen, beste batzuek egingo dute zure ordez, eta hauek egin behar dutela uste dutena egingo dute eta ez ez zuk egin behar dela pentsatzen duzuna».

Horrela, irudimenetik marrazkira eta marrazkitik oihalera pasa ziren jantziak, zinemagintzako jantzietan eskarmentua duen lantaldearen laguntzarekin. Baldintza batzuk ezinbestekoak ziren. Dantzariek libre sentitu behar zuten bere gorputza eta arropak inolako enbarazurik ez zuen sortu behar mugimenduetan; kamerak protagonisten artean sartzeko oztoporik ez zuten suposatu behar eta nolabaiteko lotura behar zuten pelikulan agertzen diren sinboloekin.

«Mundu sinboliko horretan dantzak nondik zetozen erakutsi behar zen. Dantzaren bidez egin behar zen hori eta hortik abiatu nintzen buruan nuenari forma emateko. Batzuk nire ametsezko fantasiarekin lotuta daude, intsektuen kasuan bezala, edota gaur egun ikusi ditugun edo ikusten ditun elementuekin ere bai, mozorroak eta burkak, kasu». Hasieratik sinbolismoz beteta agertzen den zuhaitza ere sortu behar izan zuen; baita loreak ere, sendoak eta era berean malguak izan behar zirenak. Arbolak okertzeko gaitasuna behar zuen bezala, loreak irudikatzen dituzten jantziak erabat ireki behar ziren petaloak bere jatorrizko forma galdu gabe.

Iturri eta herrialde desberdinetatik bildu ditu eraginak Koldobika Jauregik bere lana osatzeko. Japoniar erreferentziak aurki daitezke jantzien estetikan, jostun desberdinenak, nekazaritzari lotutako lanabesak edo-ta errusiar konstruktibismoarenak, artearekin zerikusi handia duten aipamen bisualak. Agian, ikusgarrienen artean, Hendaiako frontoian grabatutako sokadantzarena da, filmaren promoziorako erabili den irudia: 35 dantzari jarri zituzten ur gainean dantzan, pilotalekua igerileku bihurtuta, historiaurrea eta zientzia fikzioa bateratuta irudikatu dezaketen arropekin jantzita. «Bai –dio Jauregik–, orokorrean guk beti lotu izan dugu ezpata dantza gerrarekin, ezpatarekin. Baina Urbeltzen proposamenean ezpatak ez ziren ezpatak; tabanoak baizik, intsektuak. Intsektuen aurkako errituala bailitzan, nolabait lurra exorzizatzeko sortutako dantza zen ezpatarena». Gakoa dantzari bat intsektu bihurtzea zen eta horretarako aurpegia galdu behar, arropetan ere sorbaldak eta izterrak deformatzeko eranskinak sartu zituen eta intsektuen hegalekin zerikusia duten elementuak gehitu. «Ondo fijatuz gero –gaineratu du–, eskuetan daramatzaten puñalak matxinsaltoen hankaren antza dutela ohartuko zara».

Tankera honetako mila detaile daude pelikulan zehar. Batzuk mitologiarekin lotuta, esaterako, erregina hil eta gero soinean duen estolatik ateratzen diren sokak Ariadnaren hariarekin lotzen dira, edo Juan Antonio Urbeltz bera dantzan agertzen den eszenan, Leitzako plazan filmatuan: helduta daraman makilaren puntan aurreko Bardeako eta Belchiteko eszenetan ageri den arbolaren irudi bera darama. Honen barruan, harritxo batzuk mihura aleak irudikatuz, irradaka dantzatzen duten emakumeek daramaten harritxo berdinak. Arantzazun filmatutako dantzan, berriz, erabilitako oinetako guztiak burdinazkoak dira. Oso hedatuta dagoen ipuin zahar batetik dator hau, gauza bat lortzeko burdinazko zazpi zapata pare gastatu behar dituzula zioena.

Koldobika Jauregik etengabe lotu dituen jarraipenezko hari horiek askatu nahi duenak badu, beraz, non bilatu. Horrekin batera, edozein herriren historiaz diharduen sinbolismo eta estetikaz gainezka ageri den film hau ikusteko aukera dauka. Hitzak erabili ordez, dantzen bidez egiten den kontakizun unibertsala baita “Dantza”.