ZOOM

Buruz behera

Segun eta nola begiratzen den, formarik gabeko zulora daraman amildegi arraro baten aurrean gaudela esan genezake. Edo begirada bi dimentsiotara behartzea lortuz gero, bista lausotuz eta irudi bakoitzaren formak nahastuz, eraikuntzarako erabiltzen diren habeak edo grapagailu erraldoia hornitzeko grapa multzoa ikustea lortuko genuke. Hong Kong-eko etxe orratzak dira, drone bidez hartutako irudi maiestatikoan, non igerilekuek, kaleek, teilatu lauek eta errepideek nortasun berezia hartzen duten. Plazarik eta zuhaitzik gabeko oihan urbanoa osatzen duten 1.200 zeru-harraskari ditu hiriak, eta horietatik 300ek 150 metro baino gehiago neurtzen dute. Gizakiez osatutako erlauntza honek naturaren lege guztiak hausten ditu, ordea; goitik begiratuta eta zerbait ikusi nahian, zeure burua alde batera mugiarazi izanak frogatu duen bezala.