Amaia Ereñaga
kongoko errepublika

Ahaztuen artean ahaztuenak

Shabundako ikasleek adi-adi entzun dituzte ingeniarien azalpenak. Hil edo biziko kontua da beraientzat, Kongoko Errepublikako txoko galdu honetako eskolatik metro eskasetara atera berri dutelako eztanda egin ez duen lehergailu multzo bat. 1997tik dago bertan, gerrillarien eta Gobernuko indarren arteko borroken lekuko. John Wessels hegoafrikar argazkilariak islatu du krisi humanitario ahaztu honetako eguneroko bizitza; esaterako, ebolaren hedapena. Izurritearen jarraipenagatik fotokazetaritzako World Press Photo lehiaketarako izendatua izan da.

Gatazkaren gordintasuna izugarria da, eta nazioarteko nahiz bertako agintarien utzikeria erabat amorragarria». Jan Egelandek, Errefuxiatuen Norvegiar Batzordeko (NRC) zuzendariak, Kongoko Errepublikaren egoera hitz mindu hauekin definitu du. Erdialdeko Afrikako lurralde honek pairatzen duen egoera ez da nolanahikoa, eta hori esateko arrazoi asko ditu Egelandek. Kontuan hartu Thomson Reuters fundazioak, urtero kaleratzen duen txostenean –nazioarteko 21 GKEren artean osatutako galdeketa baten ondoren–, Kongoko Errepublika 2018an munduan izan diren krisi humanitarioen zerrendaren buru izendatu duela... berriz ere, bigarren urtez eskuratu baitu ohore zalantzagarri hori.

Thomson Reuters fundazioaren zerrendan krisi latzenak eta, era berean, ahaztuenak jasotzen dira. Ahaztuenak dira, tamalez, hedabideetako lehen orrialdetik eta fokutik erabat kanpo gelditzen direlako gehienak. Asko adierazten du horrek gure “lehen mundu” honi buruz, ez baitiegu inolako jaramonik egiten etxetik alde egitera behartuta eta jakirik eta edateko urik gabe bizi diren milaka gizakiei, hala nola Kongoko Errepublikan –82 milioi biztanleetatik 13 premia gorrian daude, txostenaren arabera–, Afrika Erdiko Errepublikan –2018ko zerrendan bigarrena–, Txad aintziran, Yemenen, Afganistanen, Hego Sudanen, Burundin eta Nigerian bizirik irauten ahalegintzen diren lagunei.

Kongoko Errepublikan, gainera, ebola izurritearen hamargarren agerraldiaren aurka borrokatzen ari dira abuztutik. 1976an ebola aurkitu zenetik izurrite honek izan duen munduko bigarren hedapen handienaren aurrean omen gaude, GKE-en esanetan, eta horri gehitu behar diogu ekialdean pairatzen ari diren indarkeriaren hazkundea –130 bat gerrilla talde bertako aberastasunengatik borroka etengabean ari dira 2003tik gaurdaino–. Benetan tamalgarria da, Kongoko Errepublika Afrikako bigarren herrialde handiena baita –Estatu espainola, frantsesa, Alemania, Italia eta Polonia batuta adinako azalera dauka– eta aberatsena, lurpean 24 bilioi dolar gordetzen dituelako bere baitan oraindik ustiatu ez diren mineral hobietan. Eta noren eskuetan daude? Ez da zaila asmatzea.