amagoia mujika
IRITZIA

Traste hori

Whatsapp, Facebook eta Instagram erortzen direnean –ordu pare batean itzaltzen direnean– batzuei mundua erortzen zaie gainera. Pausoa geldotu eta arnasa estutzen zaie, eta noraez mingarri batean murgiltzen dira, tristura urdurian, inor ez balira bezala. Hilabeteko epean bitan gertatu omen da katastrofea. Ez dakit, ni ez bainaiz enteratu. Ez noa tresna horien kontrako ezer esatera, denontzat baitira probetxugarri. Baina, erabiltzetik erabiltzera badago koska eta hor jarri beharko genuke arreta.

Alegia, zerbaiten falta duenari izerdia hozten zaionean, begirada lainotzen zaionean, umorea txartu eta pausoa txoratu, horrek izen bat du, beste kasu batzuetan garbi samar ikusten dena eta teknologiaren kasuan, lausoago. Burua makurtuta ibiltzen gara, farolekin muturrekoak hartuz, zebra-bideak itsu-itsuan zeharkatuz, parekoaren agurra igarri gabe, belarriak kaskoekin tapatuta, beti pantailan zer begiratua izan beharraren larriarekin, beti estu bezala.

Aspalditik iruditzen zait isiluneei, geldiuneei, hutsuneei beldurra diegula, sekulako ikara. Izan ere, isilune, geldiune, hutsune horietan geure buruarekin hizketan hasteko arriskua daukagu. Eta nahiago tarte horiek guztiak bete, txepelkeriaz bete, badaezpada, gure buruak esan diezagukeen hori akaso ez zaigulako gustatuko. Igual ez da ‘atsegin dut’ bat, justu kontrakoa baizik.

Teknologia enpresa erraldoiak jendearen ongizatearekin kezkatuta daudela sinistuko banu, seguru esango nuke tartekako eten horiek, ordu pare bateko itzalaldi horiek, intentzio ona dutela. Alegia, eten osasuntsuak direla, telefonoari begiratu gabe bizirauteko gai garela konturatzeko edo kontrakoa, mendekotasunaren zuloan gaudela ohartzeko. Burua altxatu eta arnasa benetan hartzeko tarteak izan daitezke. Baina uste dut hipotesi inuzente horrek ez duela pulamenturik, diru asko galtzen omen baitute.

Joxek 80 urte ditu eta astero esaten dio semeari bere telefonoa begiratzeko, ez dabilela ondo. Ez dauka ez Whatsapp, ez Facebook, ez Instagram. Deiak egin eta jaso, horixe bere telefonoaren egitekoa. Eta dei motzak, azalpen gutxikoak. «Aber?», erantzuten du beti telefonoa. «Hamabitan soziedadean». «Bale». Lau hitz. Ez dute gehiago behar izaten. Gero, noski, parez pare jarrita daudela hitzak eta orduak aise joaten dira. Aste honetan ere esan dio semeari etortzeko, «telefonoa begiratu behar didak». Joan da semea eta telefonoari ez dio ezer igarri. «Baina, zergatik diozu gaizki dabilela?», semeak. «Ez didalako inork deitzen soziedadera joateko». «Aita, zure lagun asko hil egin dira eta besteak ez daude inora joateko». «Isildu hadi eta begiratu ezak traste hori!».