Karlos Zurutuza
Inorenak ez diren ezlekuetan

Inorena ez den lurraren amets, ameskeria eta fantasiak

Makina bat dira ohiko mapen puzzlean egokitzen ez diren pieza solteak. Askotan, toki huts bezain ederrak dira, baina euren izaera asko aldatzen da jendea bertan bizi denean. Lur planetan nahiz espazioan «kondominio» izena ematen zaie soberania partitua duten eremuei. Hauexek dituzue batzuk.

Nazien planen artean egon omen zen: Europa eta Asiako zati handi bat mendean hartu ostean, hegoaldera jo eta kontinente oso bat bereganatuko zuen Reichak. «Suabia Berria» zen, hain zuzen Antartikarako pentsatu zuten izena. Zorionez, amesgaiztoak ez zuen denona den izotza urtu. Eta «denona» azpimarratu nahi dugu: zazpi herrialdek haren gaineko subiranotasuna eskatu arren, Antartikak inorena ez izaten jarraitzen du. De facto bada ere, munduko kondominiorik handiena dugu.

Naziena, baina, ez zen izan haren estatusa hausteko saiakera bakarra. Reicharen gainbehera eta hamar urtera, Therezinha de Castro eta Carlos Delgado de Carvalho geopolitikari brasildarrek Defrontazioaren Teoria jarri zuten mahai gainean. Uruguai, Peru, Ekuador eta Brasilen artean banatuko zen kontinente izoztua; horretarako, herrialde bakoitzaren meridianoak hartuko ziren muga-lerroak zehazteko. Berlindik marraztea baino logika handiagoa bazuen ere, egitasmoak porrot egin zuen.

Hamaika dira partitutako subiranotasunaren adibideak gure planetan. Mosela ibaitik eta bere ibaiadarretatik has gintezke, lote berean 15 irlatxo txiki ere badaudela ahaztu gabe. Ez da inor bizi haietan, baina sastrakak garbitzea eta bestelako mantenu lanak erdi bana kudeatzen dituzte Berlinek eta Luxenburgok. Konstantzako aintziraren kasuan antzeko zerbait espero genezake, baina ez da hain samurra. Austria, Alemania eta Suitzaren artean banatzen da, baina Bernak dio muga-lerroa lakuaren erditik igarotzen dela. Ez dago quorumik. Nolanahi, ez da lakukoa bizilagunen elkarbizitza irensten duen faila geopolitikorik. Aipatu dugu kasu andana dagoela. Ozeano Barearen uretan, esaterako, El Salvador, Honduras eta Nikaraguaren arteko kondominioa da Fonsecako golkoa. Toki ederra da oso, baina ur-kondominioez ari garela, nekez topatuko dugu Iguazuko ur-jauziak (Brasil-Paraguai) bezain ederra den adibiderik.

Ezin dezakegu pentsatu jabetza Lur planetan baino ez dela partitzen. Itun politiko eta ekonomiko anitzen sare batek sostengatzen du Nazioarteko Espazio Estazioa han goian. Dagoeneko, 18 herrialdetako 230 lagun igaro dira handik. Misio ezberdinetan iritsi dira, jakina, sei logela eta bi bainugela besterik ez baitaude espazioko kondominioan.

«Terra nullius». Astronautak ala pinguinoak biztanle bakarrak direnean, kondominioak toki lasaiak izan ohi dira. Baina zer gertatzen da inorena ez den muga batek norbaiten baratzea zeharkatzen duenean? Nola kudeatu eskualdea mapak sortu aurretiko biztanleria dagoenean bertan? Portzierto, nongoak dira bertakoak? Erromatarrek Terra nullius esamoldea erabili zuten «inorena ez den lurra» izendatzeko. Kontzeptua hobekien irudikatzen duena Afrikan topa dezakegu, Egipto eta Sudan artean, hain zuzen. Gipuzkoako zabalera duen Bir Tawil eskualdeak arazoak izan ohi ditu mapetan egokitzeko: Egiptok ontzat ematen du 1899ko marraketa, baina 1902koa Sudanek. Kondominioaren konponbidea bidezkoena dirudien arren, bizilagun biak ez dira ados jartzen; ezin da banderarik paratu Bir Tawilen.

Askotan, absurdoak gaindi egiten du Bir Tawil bezalako lur eremuetan. Amerikar batek «Sudan Iparreko Erresuma» izena eman zion 2014an (bere alaba printzesa bilakatzea omen zuen helburu), eta krisi askoz larriago bat piztu zen 20 urte lehenago, Sudanek Bir Tawilen petrolioa ustiatzeko baimenak sinatu zituenean. Zulatzen hasi bezain laster, Egiptok aurrea hartu eta enklabea okupatu zuen, onartezina bailitzateke bizilaguna, etsaia oraingoan, berea ez den aberastasunaz aprobetxatzea. Ez dugu esan jendea egon badela desertu ahaztu honetan. 2010ean, Sudanek hauteskundeetan parte hartzeko gonbita eman zien bertako ababda tribukoei, baina ekimenak ez zuen Bir Tawil inongo mapetan sartu. Azken finean, lehorteak baino ez du agintzen Terra nullius honetan. Diotenez, bere azken biztanleak kanporatu ditu berriki.

Ametsak. Populatutako kondominio arrakastatsurik ba ote? Moresnet datorkigu burura. 1816 eta 1919 artean sortutako anomalia kartografiko bat izan zen; hiru km² baino ez, Belgika eta Alemania artean. «Lurralde neutralaren» kategoria egokitu zitzaion, baina hura bereganatzeko armak hartzeko prest zeuden oraindik Brusela eta Berlin. Azkenean, erabaki salomoniko batek askatu zuen korapiloa: herrialde bakoitzak komisario bana izendatu eta bien artean gobernatuko zuten lur esparrua. Erabakia hartu eta gutxira, zink mineralaren erreserba erraldoiak deskubritu zituzten inorena ez den lurraren azpian. Hori batetik, eta linbo geopolitikoaren izatearen abantailak bestetik (muga-zergarik eza, batik bat), biztanleria 20 aldiz hazi zen oso epe laburrean. Bertakoek soldaduska egin behar ez izateak (gogoan izan Moresnet lurralde «neutrala» zela) zerikusia izan zuen ere migrazio masibo hartan. Eskualde ttipi hartako apatridek himno bat zuten, esperanto hizkuntzaz (“Neutrala Moresneto”), bai eta eskolak, ospitale bat eta, egun, kolekzionisten artean oso preziatua den tinbrea. Destileriak eta kasino bat ere bidean zeuden, baina Belgika eta Alemania artean zapuztu zen Las Vegas-en aitzindari izango zen amets europarra.

Moresnetek munduko lehen herrialde esperantofonoa izatearekin amesten zuen (Esperantoaren Munduko Kongresuak hizkuntzaren hiriburu izendatu zuen 1908an). Tamalez, Lehen Mundu Gerraren osteko itunek amatatu zuten 20 urteko esperimentua. Belgikak hartu zuen mendean orduan, nahiz eta Alemaniak berriz bereganatuko zuen Bigarren Mundu Gerran. Gero Bruselaren ardurapera bueltatu berriz, eta gaurdaino.

Ameskeriak. Ez da denboran zehar bidaiatu beharrik kondominio bateko bizimodua ezagutu ahal izateko. Nahikoa da bertaratzea, Bosnia-Herzegovinan, Brcko eskualdean («Berxko» ahoskatzen da). Enkarterriren zabalera duen honetan, bosniarra izan ohi da biztanleriaren gehiengoa. 1992ko Balkanetako gerra piztean, alabaina, kroaziar eta serbiarrek ere erreklamatzen zuten. Kroaziar, bosniar eta serbiarren arteko bidegurutze erdian egonik, nekez aurki daiteke eskualde estrategikoagorik. Espero bezala, Brckok desplazatu eta hildako ugari jasan zituen gerra garaian, baina inork ezin zuen berdinketa hautsi. Besteak beste, Bosnian su-etena lortu zuen 1995eko Daytongo Akordioak kondominioaren konponbidea zekarren eskualderako: Bosnia-Herzegovina izeneko herrialde berriak bi entitate autonomo izango zituen (serbiarra eta bosniarra), eta bien artean gobernatuko zuten hirugarren bat: Brcko.

Europako «hiri aske bakarra» dela entzuteak Moresnet ekartzen du gogora, bai eta bi gerra handien artean autonomoa izan zen Gdansk ere (Danzig alemanez). Kroaziako Rijeka zaku berean sar genezake, agian, sasoi batean Hungaria eta Kroazia-Eslavonia erresumek kontrolatutako portua baitzen. Brckon bueltan, gerraosteko arrakastaren erakusleiho bilakatu nahi izan zuen nazioarteko komunitateak. Diru inbertsio itzelek kaleak garbitu, peatonalizatu eta liraindu egin zituzten, eta «Bosnia-Herzegovinako hiririk kosmopolitena» titulua eman zioten. Egun ere maiz entzuten da serbiar, bosniar eta kroaziar umeak gela berean aurkitu daitezkeela hango eskoletan. Baina ameskeria bat besterik ez da, herrien arteko tentsio historikoak bizirik baitirau. Hori gutxi ez, eta neurrigabeko diru sarrera itzel haiek ustelkeria puztu dute, biziki. Oraindik ez da Arkadiarik aurkitu Balkanetan.

Fantasia bat. Aipatu dugu Antartika dugula Lur planetako kondominiorik handiena, eta gauza jakina da txikiena gurean dela. 1659ko azaroaren 7an, frantziar eta espainiar monarkien ordezkariak Euskal Herrian elkartu ziren, Irun eta Hendaia artean dagoen Faisaien irlan. Helburua zera zuten bi agintariek: hamarkada luzeko gerrari amaiera ematea. Pirinioetako Ituna deiturikoa ezkontza batekin itxi zen (frantziar erregea eta Espainiakoaren alaba). Aldi berean, kondominiopean gelditu zen Bidaso erdiko lur zati hura: urte erdiz «frantziarra» izango zen, eta «espainiarra» beste erdiz.

Bi herrialdeetako langileak txandakatzen ditu mantenu lanak; funtsean, ibaiak ekarritako zaborra edo baso hondarrak jasotzea, eta bertako monolitoa irentsi nahi duten belar txarrak moztea. Huraxe irlaren biztanle bakarra. Erromatarrek «pausu» deitu zioten lur gutizia honi, hemendik igarotzen baitzen Akitania eta Hispania arteko giza trafikoa gurean. Fonetikaren kapritxoak direla eta, «p» hura «f» bilakatu zen, eta horrela sortu ziren «faisaiak». Paradoxa bada ere, ez da haietakorik inoiz ikusi Bidasoan. Fantasia hutsa dira, ibai, laku, zelai eta basamortuak zeharkatzen dituzten muga-lerroak bezalaxe.