Arnaitz Gorriti
KONTXAKO BANDERA 2020

Profesionalekin berbetan

Lau arraunlari eta lau langintza: garraioa, irakasletza, erizaintza eta baita suhiltzaile bat ere. Covid-19aren pandemiaren erdian, konfinamendu sasoi betean entrenamenduak eta beren ogibideak uztartu behar izan zituzten lau profesionalok. Azkenean, zorionez, zalantzen, kezken eta birusaren gorabeheren gainetik, egindako ahaleginaren ordaina jaso ahal izan dute, denboraldia nolabait osatzea lortu baitute.

Jakina da 2020. urte hau martxotik aurrera beste bat izan dela. Txinako Wuhan hiria eta XXI. mendearen hasieran Asia astindu zuen SARS edo MERS gaitz familiako koronabirus ezezagun bat kolpera ezagun egin zitzaizkigun; ezagun eta bertako. Eta oraindik ere puska baterako gure artean dugu.

Pasai Donibaneko “Batelerak” ontzi mitikoko kide izan zen Ane Pescador. Egun, Donostiako Ospitale Onkologikoan erizaintzan egiten du lan eta arrauna bertan behera lagata du, konfinamendua eta gero ergometro bat erosi bazuen ere. «Arrauna faltan botatzen dut eta arantza txiki bat daukat behar bezala utzi ez nuelako. Gustatuko litzaidake urteren batean arraunera itzultzea eta, orduan bai, dena eman dudan sentsazioarekin agur esatea». Baina uneotan, «babes neurri guztiekin, denbora eta lan askoz gehiago eskatzen dizkigute. Orain momentuan, eskerrak ez nagoen entrenatzen, ez nukeelako emaitza onik emango!».

«Hasieran umorez ere hartzen genuen egoera nolabait. Baina oso bizkor etorri zitzaigun guztia gainera, eta gauzak serio jartzen ari zirela ikusi genuen. Guk oro har zortea izan dugu eta covid-19az garbi mantendu gara, batez ere protokoloak ezartzen hasi ginenetik aurrera. Hori bai, bilera mordo bat egin genituen protokolo berriak martxan jartzeko eta informazio berria izan ahala moldatzeko. Berehala ikusi genuen kontu oso serioa zela eta berandu baino lehen itxiko gintuztela. Gainera, beti dauzkazu lagunak beste zerbitzu batzuetan, unitate intentsiboetan eta abar, eta haiek kontatzen zuten gaitza zein neurritan zen serioa», gogoratu du Errenteriakoak.

«Pandemiarik gurean ez dugu ezagutu, ez behintzat egun hartzen diren neurriak hartzera behartu gaituenik. Hainbeste gauza aldatu dira gure lanean, nondik hasi ere ez dakidala», dio, bestalde, Imanol Iradik. Donostiarrako arraunlaria suhiltzailea da Donostiako parkean 2019ko apirilaz geroztik.

«Erraz ulertzeko. Badugu hemen errelebo gela bat, non, lan txanda aldatzen zen bakoitzean, 14.00etan, irteten ari zen txandak eta sartzen ari zenak bat egiten zuten eguneko gorabeheren berri elkar emateko. Covid-19a gugana iristean, brigada biek elkarrekin inolako kontakturik izatea debekatu lehen momentutik bertatik. Horrez gain, ukitzen dugun guztia garbitu eta desinfektatu behar dugu, beti musukoa jantzi... Kamioian joatea tokatzen zaigunean, sei pertsona kamioi baten oso estu joan ordez, bi kamioitan joan behar dugu orain... . Gainera, protokoloak moldatzen joan behar izan dugu», azaldu du.

Bikendi Alza, Hondarribiko arraunlaria, Lehen Hezkuntzako irakaslea da Irungo Eguskitza ikastetxean. «Aurten sekula baino lan karga handiagoa izan dugu eta, egian esan, ez dakit ikasleek zenbaterainoko etekina atera dioten... Beraiekin nuen harremana eta elkarren artean zutena hotzagoa zen konfinamendu garaian. Ikasleek kristoren jarrera izan dute, baina ez da gauza bera. Nik nahiago dut gertuko kontaktua. Ikasleek asko eskertzen dute, emozionalki batez ere. Askotan ‘umeak dira’ diogu besterik gabe, baina ikasleek beren galderak dituzte, beren ardurak, zalantzak... On line klaseak ematea eskertu dugu, baina ez da berdina. Gelan berotasun handiagoa senti dezakete», dio.

Garazi Oliden, Orioko arraunlaria, berriz, uneotan ez da lanean ari, baina bai aritu zen konfinamendu sasoian, Garraio eta Logistikako Hezkuntza Zikloa Irunen amaitu ostean Oiartzungo enpresa batean praktikak eginez. «Klase presentzialak amaitu zitzaizkigun eta etxetik egiten nuen lan. Bilera bat edo beste izan genuen sasoi hartan eta bistakoa zen negozio bolumena asko ari zela jaisten. Automozioari lotutako enpresa baten egin ditut praktikak, oso gustura gainera, eta batez ere Alemaniarekin genuen erlazio handia. Koronabirusaren krisiak jo gintuenean, errotik moztu zen ia negozio bolumen dena, batez ere apiriletik aurrera. Orduan, nire kasuan, ikusten nuen praktikak amaitzean ezingo nuela momentuz lanean segi. Euskotren Liga egongo zela baieztatu zigutenez, nire kasuan nahiago izan dut arraunean zentratzea», gogoratu du.

Diziplina eta talde lana. «Lehen hilabetea berehala pasa zitzaidan. Dena zen berria niretzat: etxetik lan egitea, etxean entrenatzea... aspertzeko astirik ere ez nuen izan. Apiriletik aurrera, baina, eguraldia hobetu ahala eta behin errutina hartuta, atera ezina gogorra egin zitzaidan. Azkenean egiten duzu, noski. Arraroa izan da, itsasoan egiten dugun denbora gehiena etxean eman dugulako, baina konpetizioa egongo zela ziurtatu zigutenean, lasaiago ibili gara, nahiz eta jakin ez nola moldatuko ginen», gogoan du Garazi Olidenek.

Entrenamenduak ekainaren 8an hasi ziren arraun taldeentzat. Ordura arte, «ergometroa, kore ariketak eta etxean dauzkagun pesak izan ziren nagusi», gogoratu du Olidenek, baita «taldekide batzuek partekatzen dugun garagea ere korrika egiteko».

Ia hiru hilabete luze izan ziren, eta diziplina eta taldekideekiko leialtasuna izan ziren arraunlarion gidari. «Arraunak zerbait ematen badu, diziplina da, eta baita taldeko lana ere», ziurtatu du Bikendi Alzak. «Gizartean talde lana beharrezkoa dela beti aipatzen diet ikasleei eta bistan da: bakoitzak ‘nahi duena’ egin duenean, gauzak okertu egin dira. Nik uste badela galtzen ari den balio bat: talde lana. Bakoitzak bere ardura izan du konfinamenduan zehar: etxeko lana egin, ahalik eta jende gutxienarekin egon eta norbere burua zaintzea. Entrenatzea, hala ere, ez da beti erraza izan, luzaroan Ligarik izango ote zen jakin gabe izan baikinen. Aste batzuetan esaten zenuen: ‘ergometroa jango dut’. Aldiz, hurrengoan, ‘ergometroak jan behar nau’ pentsatzen zenuen. Baina, azkenean, zerk egiten dizu tira? Bada, talde lanak. Nik taldea behar dut eta taldeak ni», ziurtatu du, konfinamenduan izandako irakasgai nagusia aipatuz.

Etxean lan egitea edo etxetik kanpo, hor ere badaude ezberdintasunak. «Lanera joatea ia liberazio bat zen niretzat konfinamendu garaian», gogoratu du Imanol Iradik. «Etxetik ateratzea, lanera joateko autoa hartzea, lantokiko gimnasioan pesak egin ahal izatea... Guztia ergometroa ez izatea behintzat! Pesak egin, korrika egin, ibili... Desiratzen izaten nintzen lanera joateko: zahar etxeak desinfektatu, etxekoez gain beste norbaitekin ere hitz egin...».

«Lankide batzuk arraunlari izandakoak dira eta galdetzen zidaten ea denboraldirik izango ote zen. ‘Tourra bertan behera geratu bada, Liga ere bai’... esaten zidaten. Zentzu horretan zalantzak izan ditugu ea zertarako ari ote ginen entrenatzen», onartu du suhiltzaile donostiarrak. Are, Donostiarra klubaren barruan, baita talde gehiagotan ere, zalantzak izan zirela onartu du Iradik. «Zahar etxeetan egoera oso zailak ikusi ditugu; bistan da hau ez dela broma bat. Taldean batek baino gehiagok galdetu zuen ea derrigorrezkoa zen Eusko Label eta Euskotren ligak jokatzea. Ez gara ezinbesteko zerbitzu bat eta traineru barruan hamalau pertsona nahitaez elkarren oso hurbil daude. Baina positibo kopurua jaisten ikustean, arraunean egitea ahalbideratu digun protokolo bat ezarri zen eta, egia esan, Eusko Label Ligan gauzak ondo egin dira. Horri esker, estropadak jokatzea posible izan da», nabarmendu du.

«Talde lanak izugarrizko garrantzia dauka. Hemen ospitalean ere familia handi bat gara; elkar zaindu, mimatu, ondokoaz kezkatu eta deskonektatu ere egin behar izaten da», dio Ane Pescadorrek. «San Juanen kide izan nituen lagun batzuekin harreman estua daukat: Donostiarran, Orion, Hondarribian eta Deustun ere badaude sakabanatuta, eta badakit zenbat eta nolako buruhausteak pasa dituzten Liga jokatu ahal izateko. Beti laguntzen du ondoan norbait edukitzeak eta pena ematen dit kontaktu fisikoak zein mugatuta dauzkagun ikusteak. Nik neuk, nire lanean, gaixoekin, zenbat gehiago emango nukeen! Eta neurri baten beldurra ematen du, harreman pertsonalak galtzen baditugu akabatuta gaudelako nire ustez. Baina, tamalez, momentuz harreman sozialak murriztu eta kontuz jokatu behar dugu. Denok lehenago ikusi ditugu ondokoen akatsak guk geuk egindakoak baino. Baina pertsonak gara eta kristoren gogoa eta beharra daukagu jendearekin egoteko», onartu du.

Txaloen oihartzuna eta gero. Arratsaldero 20.00ak puntuak osasun langileen omenez txaloak jotzeko ohitura ere izan zen konfinamendu sasoian. Baina txalo horien oihartzuna isiltzean, dena ez da arrosa kolorekoa. «Tarteka ni ere irteten nintzen txaloak jotzera. Hori bai, batzuetan asko hunkitu nintzen bezala, haserretu ere egiten nintzen beste batzuetan», gogoratu du Ane Pescadorrek. «Oso keinu polita delako asko hunkitzen nintzen, zoriontsu egiten ninduen une horietan. Parte hartzen nuen beste lankideekiko errespetuz. Baina haserretu ere egiten nintzen gero beste gauza batzuk ikusita: erizain baten heriotza beharrezko segurtasun neurriak eskura ez izateagatik, beste bat etxetik botatzea bizilagunei covid-19a kutsatuko zien beldurrez.. Gainera, txaloen oihartzuna itzaltzean, jendeak ulertuko al du 15 minutuko atzerapenarekin heltzen garenean hitzordu batera lanez goraino gaudelako dela? Orduan, kexatu beharrean, pazientziaz itxarongo al dute?», galdetu Ospitale Onkologikoko erizainak.

«Irakasleei ez ziguten txalorik jotzen, baina kontua ez da txaloak jasotzea», hausnartu du Bikendi Alzak. Eguskitza ikastetxeko irakasle eta Hondarribiko arraunlariaren aburuz, «sanitarioek kristoren lana egin dute eta merezi dituzte txaloak. Baina bada zerbait garrantzitsuagoa: jendeak ezin du besterik gabe nahi duena egin». Hori bai, gehiengoak izandako jarrera txalotzekoa izan dela uste du. «Azken batean, gutxiengo bat da jarrera desegokia izaten duena, nahiz eta zaratarik handiena haiek egin. Azpimarratuko nuke ere ikasleek neurri batean orain ikasi dutela baloratzen aske izatea zer den; lagunekin egoteak, gauza handiegirik egin gabe bada ere, zenbat balio duen ikusi dute. Era berean, familiak, galtzen ari den esparrua izanda, nolako garrantzia hartu duen ikustea ere positiboa izan da. Horregatik, kurtso bukaeran nik gurasoei eskerrak eman besterik ezin nuen egin».

«Gure lana oso esker onekoa da», dio, bere aldetik, Imanol Iradik. «Ni neu ez nintzen txaloekin horren identifikatua sentitzen. Keinu polit bat izan zen, baina keinu hori oraingo ekintzetan islatu behar da; esaterako, tabernetan ikusten den horrekin. Ez diet gazteei bakarrik ezer leporatu nahi, baina egunotan taberna eta dantzalekuetan berandura arte ikusten diren egoerak ezin dira errepikatu», dio.

«Jendearen alde oso ona ikusi dugu bai konfinamenduan eta baita gero ere. Baina baita alde oso txarra ere. Bestetik, nik uste orain hartzen ari garen zenbait neurri gurekin izango ditugula hurrengo urteetan ere. Musukoak agian ez ditugu jantziko, baina desinfekzio eta asepsia lanak ziur egingo ditugula, covid-19 honen aurka ez ezik, gripearen aurka ere balio dezaketelako», nabarmendu du Iradik.

«Aurtengo Liga amaitu dugu behintzat, baina beste konfinamendu bat izatearen aukera pentsatze hutsa oso gogorra egiten zait», esan digu agurtzeko Garazi Olidenek. Ea ez dugun horrelakorik bizi beharrik.