Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Interview
pirritx, porrotx eta marimotots

«Hau amets bat da. Egunero esnatzen gara eta esaten dugu: ‘Sudurgorriak gara’»

Korrikaren omenaldia berezia izan da Lasarte-Oriako pailazoentzat, atzera begira jarri dituelako aurrenekoz. Abenduan 35 urte beteko dituzte eta garai onak eta zailak errepasatzen hasi dira. Aunitz partekatu dute eta elkarrekin ikusten dute euren burua etorkizunean ere. Euskaragatik dira pailazo, AEKtik datoz, eta haien aitortza jasotzeak ibilbidea biribiltzen du. Bi ekimenek, pailazo taldeak eta Korrikak, antza dute gainera: ameslariak eta eroak dira, elkarlanaren ikurrak, eta ez dute parekorik.

Argazkiak: Jon Urbe | Foku
Argazkiak: Jon Urbe | Foku

Hilabeteak daramatza amak Lezo aipatzen. Ez dakit zer den, baina begiak nola pizten zaizkion ikusita badakit zerbait hagitz ona izan behar duela. Porrotxen ahotsa ezagutu dut telefonoan, noiz elkartu adosten ari dira. Irria atera zait. Hitzorduaren bezperan harrotuak gaude eta lo gutxi eta amets aunitz eginda ailegatu gara kiroldegira. Atarian dago koloretako furgoneta, Panpoxa. Bertatik, maletei tiraka, hiru pertsona handi atera dira. Ez daude bakarrik, lagun pila bat dute inguruan: jendea, balea, ilargia, hontza…

Unaxen lehendabiziko pailazo ikuskizuna eta lana uztartzeko aukera dugu; Aiora Zulaika Soroa, Joxe Mari Agirretxe Kerexeta eta Mertxe Rodriguez Serranorekin aldagelara sartu eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin ateratzekoa. “Kuikui”-ren emanaldirako prestatzeaz gain, bideotxo batzuk grabatu behar dituzte, bat Batten sindromea duten bi haurrentzat, bertzea Herri Urratsentzat. Aranzadi elkartearekin batera, habia kutxak banatzen ari dira gure herri eta hirietan txoriei bizilekuak emateko eta gaurkoan, martxoak 6, Lezoko AEKri emanen diote oparia.

Partekatutako saria. Heldu den ostegunean, martxoaren 31n, Amurrion hasi eta apirilaren 10ean Donostian amaituko den 22. Korrikak egin dien aitortza partekatu nahiko lukete. Hiru pailazoez gain, Oihana Sanchez eta Izaskun Forcada aktore eta dantzariak aritzen dira oholtzan. Garikoitz Aranzabal da teknikaria, Aitziber Ugartemendia bulegoko lemazaina, eta Xabier Zabalak sortzen du musika. Beti dauzkate ondoan musikari, kantari, idazle, bertsolari zein ilustratzaileak eta haiena ere bada sariaren puska bat.

Taldetik harago ere kontziente dira haien indarrak eragiteko balio baldin badu erabili egin behar dutela. Proiektu ugaritan ari dira lagun pila batekin: Irrien Lagunak, Bizipoza, Oinherri, Lur eta Amets… Omenaldi hau denentzat dela iruditzen zaie. «Herri txikia izanik, elkarrekin lan egin behar dugu. Horretan sinesten dugu eta Korrika ere horren sinboloa da».

Kokaleku magikoa izan zuen omenaldiak: Gure Zirkua. Bertan bizi izan zutena hunkigarria izan zen. «Gu AEKtik gatoz», kontatu du Porrotxek. «Ni beraiekin hasi nintzen euskara ikasten eta halako omenaldi bat jasotzea, ezin da azaldu», erantsi du Marimototsek.

Porrotx: Argia saria jaso genuen, Bilboko Konpartsen eta Minbiziadun Haurren Elkartearen aitortza… Esaten genuen: ‘Oso ondo, eskerrik asko, baina gu ez gaude sarietarako, egurra emateko gaude’. Oraingo honek, ordea, atzera begira jarri gaitu.

Marimotots: Denetarik egin dugu elkarrekin.

Porrotx: Oso lagunak gara, familiakoak. Batera aldatzen gara, denetaz hitz egiten dugu… Gure taldean, Gari teknikoak eskola publikora eramaten ditu umeak; Aiorak ikastolara, eta bera lehendakari izan da bertan; Mertxek harreran izan ditu umeak bi aldiz, bat eskola publikoan eta bestea ikastola publifikatuan; Aitziberrek eskola txikian… Baina denok bat gatoz gai nagusietan.

Pirritx: Norberak egokiena aukeratu duela iruditzen zaigu. Eta elkar ulertze hori gizartera eramatea gustatzen zaigu.

Ostadarra.

Porrotx: Gutako bakoitzak kolore bat daukagu eta gure koloretik ematen dugu, horrek aberasten du, eta gure artean ostadarra osatzen dugu.

Pirritx: Eman dezake oso berdinak garela, baina izugarrizko ñabardura ezberdinak dauzkagu. Inuiten txuriaren hogei koloreen antzera.

Porrotx [irriz]: Aiorak Arte Ederrak ikasi zituen. Musika eta Plastika irakasten ditu. Magisteritza ere egin du. Taldeko “crack”-a da!

Ametsak egin eta bete. Marimotots antzerkigintzatik dator. Ametsak egin eta betetzetik.

Marimotots: Orain trikia jotzen hasi naiz. Gabonetako kanpaina egin eta urtarrilean bi aste hartzen ditugu libre. Hortik bueltan, bat-batean esan nuen: ‘Gustura joko nuke trikitixa’. Ez galdetu zergatik, baina hala esnatu nintzen eta goiz hartan Joseba Tapiarekin topo egin nuen. Hurrengo astean hasi ginen, gaur arte.

Pirritx: Euskalduntzea ez da bakarrik hizkuntza. Aurrena ulertzea da, gero hitz egitea, amestea, bertsolaritzaz gozatzea, eta orain trikitixa. Euskaldun berri izatetik ‘super euskaldun’ izatera pasa da!

Porrotx: Joan den urtean gereziondo bat landatu genuen Donostiako Ospitalearen kanpoaldean, joan zaizkigun pirata txikiak omentzeko. Marimototsek eskusoinua jo zuen. Ez zuen euririk egin. Denok emozionatu ginen: familiak, medikuak...

Marimotots: ‘Maite zaitut’ jotzen hasi eta trabatu nintzen. Esan nien: ‘Kontxoli demontri, Porrotxek botoiak lekuz aldatu dizkit!’ [barre algaraka]. Azkenean, predikatzen dugun horretatik jasotzen dugu. Nire kasuan, haurrak harreran izan ditut. Bat hilabete bat zeukala hartu genuen eta familia biologikoarekin bueltatu zen gero. Bi anai-arreba ere izan genituen, batek zortzi hilabete zituen eta besteak bi urte. Haiek ere familia biologikoarekin itzuli ziren.

Pirritx: Orain denak etortzen zaizkigu saioetara.

Nola ikusten duzue etorkizuna?

Porrotx: Gu hiltzen garenean hilkutxan bi zulo egingo dituzte zapatak ateratzeko.

Marimotots: Batera ikusten gara.

Ez dute uste eurek utzitakoan segidarik izango denik talde gisa. Beste batzuek segituko dute, beste modu batera.

Porrotx: Saran Pontx pailazoa dago, Joanes Etxebeste. Gure umea da. Bilbon Erli pailazoa dago, Erlantz Artigue. Harremana daukagu pailazo gaztetxoekin. Nik 58 urte beteko ditut maiatzean, Mertxek ez du ematen baina 54 ditu [3, zuzendu dio berak]. Aiorak, 46. Aurrera begira erritmoa jaitsiko dugu. Batzuetan formatu txikia egingo dugu, besteetan bakarrik joango naiz…

Marimotots: Ni trikiarekin joango naiz…

Porrotx: Hau amets bat da. Marimotots esnatu zen eta esan zuen: ‘Euskaraz amestu dut’. Gu egunero esnatzen gara eta esaten dugu: ‘Sudurgorriak gara’.

Pirritx: Nik 11 urte neuzkan euskararen lehen maratoia ospatu zenean Lasarte-Orian. Kalejira bat egin genuen, txistularia nintzen. Gero, herriko pailazoak zeuden, Takolo, Pirrutx eta Porrotx. Ikusi nituenean esan nuen: ‘Handitan pailazo izan nahi nuke’.

Marimotots: Pribilegio bat da afizio zena ofizio bihurtzea. Honetaz bizitzea, eta horrela.

Porrotx: Batzuek esaten dute: ‘Ez dut profesional izan nahi, gustura egin nahi dudalako’. Ez diot hori txarra denik, baina gu profesionalak gara, eta guretzat hau amets bat da, e! Kulturgileak eta profesionalak gara.

Marimotots: Hau bizi dugu eta egunero disfrutatzen dugu egiten dugunarekin.

Haien ibilbidean jasan izan dituzte erasoak ere. Azkena, Iruñeko Udalarena eta Enrique Maya bertako alkatearena. Horien aurrean taldearen erantzuna lanean jarraitzea izan da, irriz, alaitasunez, kantari.

«Kuikui» eta «Zorionak, Marimotots!».

Bi ikuskizun dituzte martxan eta egoera berriarekin bultzada nabaritu dute. Pandemian formatu txikia jarri zuten martxan, “Zorionak, Marimotots!”. Horrekin herri txikietara eta ikastetxeetara joaten hasi dira.

Porrotx: Handitasun honetatik ia-ia titia ematera pasatzea da guretzat. Oso polita. Gure saio berezienak ospitaleko gela batean izan dira ume batentzat.

Erlazio hagitz estua dute haur eta familiekin. Izurritean 600 bideo grabatu zituzten. Hasi zirenetik saioaren amaieran musuak banatu dituzte beti. Horren barrenean, harreman bereziak dituzte: hil diren umeak, larriki eritu direnak, motxiladun umeak…

Harreman bereziak. Onditz Euskal Herrira plataforma sortu zuten beste talde batzuekin. Onditzek 22 urte ditu orain, baina jaiotzear zela Maitane Sagastume bere ama Martutenen preso zegoen eta ama-umeentzat modulurik ez zegoela-eta Euskal Herritik urrundu zituzten. Besteak beste, Onditzek urtebete bete zuenean, tarta bat egin zuten urtebetetze festarako eta Donostiako Udalean erregistratu zuten, alkateak mokadu bat jaten zuen bakoitzean gogora zezan haur donostiar bat urrun zegoela.

«Kartzeletan egon diren umeei urtero prestatu diegu oparia, bisitan joaten gara… Gu ume guztientzako gara, baina kartzelan daudenek edo bidaia luzeak egin behar dituztenek ezin dute etorri gu ikustera eta orduan gu joaten gara». Haien telefonoa jende ugarik dauka. Frogatu dugunez, Porrotxek behintzat segituan erantzuten du. «Jende askorekin daukagu harremana eta, bai, ohitura daukagu erantzutekoa, gertu egotekoa, jendeak zerbait eskatzen digunean hor egotekoa».

Marimotots: Ezaguna izan edo ez izan.

Porrotx: Herrietan egin ditugun harremanak ez ditugu bezero bezala ikusten; lagunak dira.

Marimotots: Hainbat herri fijoak dira. Urtero joaten gara data berean. Lezo da bat.

Panpoxa furgoneta. 400.000 kilometrotik gora ditu Panpoxa furgonetak.

Pirritx: Badauka istorio bat oso polita. Juan Gorritiren diseinuekin Irizarren pintatu ziguten. Kontua da Araitzeko artistak txikitan klarionak hartu eta errepidea pintatzen zuela. Oroitzapen horiei jarraituz, duela urte batzuk baimena eskatu zuen Nafarroako Gobernuan errepidea pintatzeko, baina ez zioten eman. Ikusi zuenean gure furgoneta, Panpoxa, txuri-txuria, esan zuen: ‘Badaukat irtenbidea. Furgoneta margotuko dugu eta hala Euskal Herri osoko errepideak margotuko ditu bere koloreekin’.

35 urteotan guztiotan aldaketarik sumatu duzue haurrengan?

Porrotx: Guk haurrak berdin ikusten ditugu. Irekiak eta ameslariak dira, inozentzia dute.

Pirritx: Gai guztiez hitz egin daiteke beraiekin, sormena dute, irudimentsuak dira, alaiak. Sekulako enpatia daukate eta zer ikasi asko daukagu beraiengandik. Taldean zerbait goratu baldin badugu haurraren kultura izan da. Haurra berez ez da aldatzen; ingurua aldatu zaio hamarkada hauetan, asko gainera.

Porrotx: Txikiak ginenean kaleak gureak ziren, eta zaintza denona. Mendira bakarrik joaten ginen, gure jolas eremua etxetik oso urruti zegoen. Urte hauetan naturaz deskonektatu dugu. Kotxeak dira nagusi. Lehenago jolastokiak zirenak aparkalekuak dira. Umeari jolaserako, irudimenerako, harremantzeko eta askatasunean bizitzeko eremu hori txikitu zaio. Espazio fisikoaz gain, sare sozialak dauzkagu, eskaintzak, merkataritza-zentroak… Saturazio bat dago eta hortik datozen mezuek egiten dute lehen zeukan irudimen eta inozentzia hori ustez galtzen joatea. Ematen du adinean murrizten doan zerbait dela. Aldiz, azalean aztarrika hasten zarenean ez da hala: inozentziak hor jarraitzen du.

Borobilean. Orain hamar urte Oinherri mugimendua jaio zen. «Oarsora joan ginen, sortze eskaintza bat egin nahi genuen familientzat, bertako baliabideekin, herriek beraiek dauzkatelako baliabideak. Denok daukagu zer erakutsi eta zer jaso. Klabea denok parte izatea da, ardura eta eskubidea izatea, proposatzea. Ondorioz, ez da ‘edozein gauza nahi dut’. Bide batzuk egin behar dira, ideia partekatu, segur aski baimena eskatu…», azaldu du Porrotxek.

Pirritx: Haurra ez da geroa, oraina da. Askotan esaten da babestu eta zaindu behar dugula, baina ez dugu erdigunean jartzen. Haurraren inguruko lanketak gutxiesten ditugu. Antzerkia egiten baduzu oso ondo, baina haurrentzat egiten baduzu bigarren mailakoa dirudi. Gertatu izan zaigu jaialdi handietan kontzertua herriko plazan izatea eta pailazoak patata sorora bidaltzea.

Porrotx: Horretara dator atzo [martxoak 5] Diman aurkeztu zen biribilgunea. ‘Borobilean’ lana egin genuenean bizikidetzaz ari ginen. Munduak arazo oso potoloak ditu, baina guk mundua txikitik konponduko dugu, txikiak garelako. Etxetik, eskolatik, kuadrillatik eta herritik. Uxue Alberdirekin lau ipuin egin genituen: ‘Nork agintzen du?’. Gu borobila gara, cromlecha, besarkada, gure minak eta pozak partekatzen ditugu eta hortik eztabaida bat abiatzen dugu adostasunetara iristeko.

Duela 35 urteko Lasarte-Orian. Eguberrietan 35 urte beteko dira Lasarte-Orian bidea hasi zutenetik. Ikastola bazegoen, baina haurren %80k A ereduan ikasten zuten. Pirritxek etxetik eta ikastolatik ekarri du euskara. Porrotxek etxean bazuen euskara, baina ez eskolan. Galdu egin zuen eta AEKn alfabetatu zen.

Marimotots: Nire gurasoak Caceresekoak dira eta Lasarte-Oriara etorri ziren bizitzera. Hiru anai-arreba gara, bertan jaio ginen, baina eskola nazionalean ikasitakoak gara. Nire harremana euskararekin seigarren mailan hasi zen ikasgai bezala. Buruz ikasi behar genituen gauzak, ulertu gabe.

Porrotx: Kontatu nolakoa zen klasea.

Marimotots: Arbel handi bat zegoen laukitxoekin, komiki baten modukoa. Magnetofoia jartzen zuten: ‘Ama, atea’. ‘Nor da?’. ‘Ireki ezazu ba’. ‘Ene!’… Oraindik gogoratzen dut lehenengo atal hori. Harremana lehenengo euskaldunekin institutuan izan zen, usurbildarrak Lasarte-Oriara etortzen zirelako ikastera...

Pirritx: …euskaldunon gela osatzera. Lasarte-Oriako euskaldunok ez genuen gela bat osatzen.

Marimotots: Hor ezagutu nituen euskaldunak. Lagunak egin nituen eta pasilloetan beraiek euskaraz egiten zuten. Ez nien ulertzen. Gero, Usurbilera, Oriora joaten hasi nintzen, festetara, jende asko zuzentzen zitzaidan euskaraz eta lagunek erantzuten zuten nire partez. Orduan jada erabaki nuen: ‘Hau ezin da’. Kristoren lotsa ematen zidan, eta inbidia. AEKn hasi nintzen, lehenengo Lasarten, euskaltegian, eta gero barnetegira joan nintzen, Errigoitira. Ulermen dexente hartu nuen; egia da ez nintzela hitz egiteko gai, baina lagun asko neuzkan euskaldunak. Orduan aldaketa egin genuen: eurek euskaraz egiten zidaten, nahiz eta nik erdaraz erantzun. Egun bat ailegatu zen buelta eman niona: euskaraz jarraitzen hasi nintzen. Goiz batean esnatu eta konturatu nintzen euskaraz amestu nuela. Sekulako poza izan zen. Hor bukatu ziren itzulpenak.

Autobiografia linguistikoa. Azken urteetan Huezira joaten dira Aiora Zulaika eta Mertxe Rodriguez, hizkuntzaren ikuspuntutik zer errealitatetatik datozen azaltzera. Hirurenaz hitz egin lezakete, errealitate ezberdinak direlako herri berekoak izan arren.

Gurpilek batzen dituzte, hiruren aitek Michelinen lan egin baitzuten. Duela 60 urte Extremaduratik etorri ziren Mertxeren gurasoak, eta familia osatu zuten Lasarte-Orian. Porrotxen aita, errezildarra, gaizki moldatzen zen gaztelaniaz. Fabrikan gaizki pasa zuen horregatik eta semeek gaztelaniaz egitea komeni zela pentsatzen zuen. Hortaz, Joxe Marik nazionaletan ikasi zuen. Aiorarena ikastolako umearen testigantza da. Ikastolako umea, baina minorian.

Duela urte batzuk euskal giroko ikasleak joaten ziren Huezira Irakasle Ikasketak egitera; orain denetarik dago eta hizkuntz ohiturak gaztelaniazkoak dira sarri. Huezin kezka handia da hizkuntzaren kontzientzia hartzea, norbere hizkuntz ibilbidetik abiatuta hezkuntza ikasketak egiteko.

Pirritx: Lehenengo proiektuetako bat da hizkuntza biografiarena: ‘Kontaguzu nondik zatozen, nola zatozen, zer erronkarekin, baina kontaguzu hizkuntzaren ikuspuntutik’. Gurea abiapuntu bat izaten da eta gero beraiek egin behar dute beraiena. Iristen zaien gauza bat da.

Porrotx: Euskaragatik gara pailazoak. Duela 40 urte Lasarte-Orian ez zegoen Ttakun-ik, ez zegoen poesiarik, Lasarte-Oria Berreuskaldundu Dezagun euskara taldea baizik. Aktibismoa, egurra. Hala hasi ginen umeentzat Olentzero antolatzen. Eta jaialdiaren barruan pailazoz pintatu ginen, euskara eta alaitasuna batuz. Gero konturatu ginen eredu ginela eta orduan balioak lantzen hasi ginen.

«Korrika zer da? Ez dago munduan besterik», jarraitu du Porrotxek. «Kolektibotasun hori, indar hori, hizkuntza bat, kultura bat, nortasun bat, amets bat. Disko bat egin genion, ikuskizun bat, Korrika Txikiaren abestia. Huezikoarekin lotuz, iruditzen zaigu euskaraz aritzeko kontziente egin behar duzula; hautu bat da. Ikastetxeetan, kalean eta familian maitasunez, kulturatik transmititu behar dugu euskarak zer historia izan duen, nola izan den zapaldua eta gaur ere nola den bigarren mailakoa. Egurra eman behar dugu, baina musuka».

Behatz erakuslea dantzan dabilkit: ilargia, mendiak, inguruko haur guztiak… Hontzaren soinua egiten hasi naiz. Dena izendatu nahi dut, dena kontatu. Ze ilusioa Pirritx oholtzara igo eta gitarra hartuta abesten hasi denean: ‘Txoria nintzela, txoria nintzela…’. Ze zirrara kideak batu eta indarra handitzean: ‘Sinistu nuen sinistu…’. Prest nago, bagoaz: ‘Zabaldu besoak, astindu hegoak, eta saltoooo!’.