Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Interview
eneka fernandez

«Itsasotik itzultzeko, norbaitek eraiki behar zuen etxea. Baina portuan gelditzen direnen historia ez da inoiz kontatzen»

(Oriol Clavera)

Carmen Entenzari (Ardán, Pontevedra, 1934) ez zitzaion inoiz burutik pasako liburu baten protagonista bihurtuko zenik. Nahiko lan zuen egunerokoa gobernatzen: etxean, zazpi seme-alaba; eta Ternuan, icebergen artean, senarra itsasoan. Arrantzale haien abenturen ondoan, portuko bizitzak lasaia eman zezakeen, baina Carmen bezalako emakumeek lehorrean bizi behar zutenarentzat ere nabigaziorako grina berezia eskatzen da, ur handitan ibiltzeko gaitasuna. Nahiz eta gizartea horretaz ez ohartu. Eneka Fernandez Entenzak, Carmenen seigarren alabak, “Gran Sol” argazki-liburuan ama fokuen aurrean jarri du, modu xumean, euskaraz eta gaztelaniaz argitaratutako edizio txikiko koaderno itxurako liburu ederrean. Madrilen egin berri den Photoespaña argazkilaritza jaialdi ospetsuak argazki-liburu onenen artean aukeratu du “Gran Sol”. Eta horrek ikusgarritasuna ekarri dio, emakume baten erretratua baino, belaunaldi oso baten aldarrikapena izan nahi duen lanari. Are gehiago, ausartuko ginateke esatera liburuaren orrialdeetan gure memoria kolektiboaren erretratu bat egiten dela: migrazioa, Pasaiako portuko urrezko urteak, langileen bizitza, frankismo garaiko urte ilunak, emakumeen lana, amatasuna eta aitatasuna...

«Istorio txikiek txikitik bezainbeste dute handitik» irakur daiteke “Gran Sol” argazki-liburuaren eskaintzan (autoedizioa, Lakuako Gobernuaren laguntzarekin argitaratua). Txikia da, ez du orrialde askorik eta tamainaren aldetik ere xumea da; artisautza lanen ukitua sumatzen zaio. 200 ale baino ez dira argitaratu eta liburu denda bakan batzuetan dago salgai, baita Eneka Fernandezen web orrialdean ere. Lan bitxia dela ere esan daiteke, familiaren artxiboko irudietatik abiatuta, amaren esaldi gordinak eta umore beltza tartekatuta, familia-liburu global bat osatu duelako. «Nahi genuen objektu bezala ere polita izatea. Hau da, ikustean ‘liburu hau eduki nahi dut edo oparitu nahi dut’ pentsatzea», azaldu du Fernandezek Bartzelonatik. Bertan egiten du lan pasaitarrak, Tabakaleran (Medialabeko koordinatzailea da) eszedentzia hartu eta argitaletxe bateko abenturan sartu baita edizio lanak egitera. Aurretik “Terranova” kaleratu zuen, aitari hil ondoren eskainitako liburua. Itsas-mekanikoa zen, eta kamerarekin icebergak “ehizatzen” zituen.

«Sole Handia» euskaraz, «Gran Sol» gaztelaniaz, «Grande Sole» frantsesez.

48 eta 60 paraleloen artean, Britainiar uharteeen albo batean kokatutako kala mitikoa da. Arrantza ugaritasunagatik nabarmentzen da, eta historikoki batik bat legatza harrapatzera bertara gerturatutako hainbat eta hainbat itsasontzi euskaldun, galego, bretoi edo portugesen lantoki izan da. Ipar Atlantikoko eremu horretatik urruti, baina era berean gertu, dago beste “Sole Handia”, Pasaiako badiari adi-adi begira. Kale argitsu bat da, Trintxerpe eta San Pedro arteko mugan kokatua, maldan gora, itsas sarrerari begira. Bertan bizi da egun Carmen Entenza, 86 urteko emakumea; kale horretan hezi ditu zazpi seme-alabak. Etxea erosi zuenean, dirutan unean ordainduta erosi ere, kala ospetsuaren izenak bihozkada ona emango zion seguruenik.

Arrantzale baten alaba, aita 4 urterekin ezagutu zuen Carmen Entenzak. «Apaizak utzi zidan jantzi batekin egin nuen jaunartzea. Ama zorua fregatzen ari zen, belauniko, bizilagun batekin elizara abiatu nintzenean. Ez zuen burua altxatu», irakur daiteke liburuan. Eskolan 9 urterekin hasi zen ama, baina 12 urterekin utzi zuen lanean hasteko. Eta gero zure aitarekin ezkondu zen, beltzez, garaiko ohitura jarraituz. Aita, Jose, itsas-mekanikoa zen. Horrelako datuak irakur daitezke liburuan. Argazki-liburu bat izateko, halere, amaren irudiak lortzea ez zen erraza izango, ezta? Garai hartan, gurean ere horrela zen, argazkiak ezkontzetan eta lehen jaunartzetan ateratzen ziren soilik.

Nire ama 1934an jaio zen. Pentsa, lehenengo urteetan argazki makinarik ez zuten eskura. Gero aitak, arrantzara itsasora joaten hastean, bazeukan teknologia horretara iristeko aukera, Alemania eta Herbehereetako portuetatik pasatzen baitziren. Aita izan zen nolabait familiara teknologia ekarri zuena: telebista, irabiagailua eta beste hainbat gauza, Espainian ez zeudenean, etxera ekarri zituen. Baita argazki kamerak ere. Icebergen argazkiak ateratzen zituen aitak eta liburu honetan agertzen diren formatu karratukoak Kodak Brownie batekin egindakoak dira; hau da, 60ko hamarkadan ia familia guztiek zeukaten kamera batekin ateratakoak. Garai haietan gizonezkoek erabiltzen zituzten soilik.

Zure aitak argazki kamera arrantzara eramaten zuen orduan. Argazkizalea zen?

Egia esan, ez nekien argazkigintzarako zaletasun berezia zeukanik. Nik uste dut asmo artistikorik ez zeukala, agian momentua harrapatzeko edo memorian gordetzeko gogoa izango zuen. Gure amaren lehenengo argazkiak, berriz, estudiokoak ziren: bere gurasoekin, eskolan egiten zituzten argazkiak, lehen jaunartzea eta ezkontza. Eta kito. Etxe guztietan horrela zen. Gero, pixkanaka, argazki kamera iritsi zen eta, etxeren batean, baita Super8ren bat ere. Horrela harrapatzen ziren irudiak, baina, gainontzean, ezer gutxi. Egia da istorioa kontatzea erabaki nuenean, materiala bilatzen hasi eta hutsuneak zeudela ohartu nintzela, baina, zorionez, amaren esaldiak ditugu eta oroimen horiek askotan irudi bezala funtzionatzen dute. Ia titularrak dira, oso potenteak direlako; esaterako, «Me casé de negro. Era la moda de la época».

Etxean behin eta berriz entzuten dituzun gauzak dira. Hor daude airean, eta, bat-batean, horiek eta irudiak elkartu eta zentzua hartzen dute; kontakizun bat sortzen delako balio dute. Adibidez, ama 20 urterekin ezkondu zen eta bi urte pasa zituen haurdun gelditu ezinik. Inguruan jendeak «agian ez du balio» eta horrelako gauzak esaten zituen. Amak, berriz, honakoa esaten zuen gerora: «Fíjate, yo tardé dos años y decían que no valía, y luego he tenido siete». Informazio pila bat dago hor.

Emakume gogorrak ziren zinez, ezta? Ez dakit gu gai izango ote ginatekeen beraien bizitza eramateko. Izaera berezi batekoa izan behar duzu hain egoera gogorretan aurrera jarraitzeko...

Igual ez zeukaten beste erremediorik ere. Pentsa, amak eskolan bizpahiru urte egin zituen, berehala lanean hasi zen, anai-arrebak zaindu zituen txikitatik... Nire amak esaten zuen: «Nik ez dut seme-alabarik eduki nahi. Anai-arrebak zaindu ditut eta nahikoa dut horrekin». Gero zazpi izan zituen! Imajina ezazu, erabakitzeko aukerarik ere ez zuen izan gaixoak! Gero horrek amatasunaren eta aitatasunaren inguruko hausnarketa ere badakar: nire amak zer-nolako hezkuntza jaso zuen gurasoen aldetik? Amaren aldetik ezer gutxi, izandako abortua ere bakarrik pasatu zuelako 20-21 urterekin; etxean bota zuen umekia, kristoren minarekin, erditzea baino askoz gogorragoa izan zelako. Eta bakarrik. Gu zazpi gara eta lehenengo bostak etxean izan zituen amak; gazteenak jaio gara ospitalean. Lana eta zaintza zen dena, azken finean, ia dena zaintzaren inguruan antolatuta zegoen emakumeen kasuan: anai-arrebak zaindu, gero senarra, gero gurasoak, gero seme-alabak... beti zaintza eta zaintza. Eta bakoitzaren nortasuna? Eta «nor naiz ni» hori, zer?

Hainbat gai uztartzen dira «Gran Sol» lanean: emakumeen papera, migrazioa, hain urruti eta aldi berean hain gertu dauden diktadura garaiko istorioak (emakumeek, esaterako, ezin zuten kontu korronte propiorik izan bankuan)... Ertz asko ditu liburuak.

Oso modu apalean egindako lana da; nik ez nuen nahi dena kontatzea. Ni ez naiz idazlea, nire lana beste bat da, baina historia kontatzea badut helburu, kasu honetan irudiak eta hitzak elkartuta. Hori bai, batzuetan irudi edo detaile batzuen azpian gauza asko daudela, esaten ez diren gauzak. Irudi batean, esaterako, hainbat gauza agertzen dira, ia konturatu gabe. Esaterako, ipini dut nire ahizpa zaharrenaren eskolako noten kartillaren argazki bat. Hor bi detaile daude. Alde batetik, data jarria dago, ez dut oroitzen [1963-64 ikasturtea da] eta, ohartzen bazara, ikasgaien artean “Espíritu Nacional” dago. Ni ikastolara joan naiz, zorionez, eta orain hori ikusten dudanean, ostras... Irudi berdinean, behean, “Irakaslearen sinadura” jartzen du alde batean, eta, bestean, “Aitaren sinadura”. Nire aita itsasoan zegoenez, sinadura nire amarena da! Hori ikustean iruditzen zait potentea, amak bizitako ahalduntzearen adierazgarria. Oso modu xumean, inkluso inkontzientean, beharrak bultzatuta, beste mota bateko emakumea izateko aukera izan zuen.

Bizitza bateko argazkiak. Carmenek Bretxako merkatuan saltzen zuen arraina,  Trintxerpetik autobusean eramaten zuen. Senarrak hilabeteak egiten zituen itsasoan. 1979an zilarrezko ezteiak ospatu zituzten. Argazkiak: Fernandez Entenza familia

 

Nolako emakumea duzu gogoan? Ama zer zen, dena egiteko gai zen emakume kementsua?

Garai hartako emakumea zen: bizkarrean familia bota eta aurrera! Pixka bat sentsazio hori dut. Euskal Herrian horrelako emakume asko ezagutzen ditugu, eta badaukagu ikonografia bat ere horren inguruan. Egoeragatik hori zen tokatzen zitzaiona; esan nahi dut, bakarrik eraman behar izan zuen dena, senarrik gabe. Bestalde, aitak beti bultzatu gaitu ikastera: «Mesedez, ikas ezazu karrera bat, asko ikasi, asko lan egin...». Nik uste dut berak ez zuela aukera izan ikasi eta unibertsitatera joateko. Itsas mekanikari ikasketak egin eta itsasora joan behar izan zuen, familia handia zuelako; azken finean, familia aurrera atera beharra zuen. Baina ez zen «itsasoa maite dut» esaten zuen horietakoa, oso argi zeukan oso bizitza gogorra dela itsasokoa. Txantxetan, baina beti esaten zuen: «¡Cuando me muera, que no se os ocurra tirarme al mar! ¡Que bastante tiempo he pasado ya en el mar!». Oso argi zeukan.

Garai hartan lan asko zegoenez, Galiziatik Euskal Herrira etorri zen nire aita, baita aitaren aita eta amaren aita ere. Badakigu Pasaia zelan handitu zen eta zer bilakatu zen, zenbat aberastu zen portuak izan zuen mugimenduarekin. Hor zegoen lana eta hara joan ziren lanera, baina nik oso garbi daukat, berak irakasten ziguna ikusita, agian beste egoera ekonomiko bat izan balu, seguruenik aita injinerua izango zela; manitas bat zen eta etxean berak konpontzen zuen dena. Amarentzat, senarra eta bikotekidea itsasoan izanik, egoera zen bezalakoa zen eta aurrera egin behar zuen...

Luzaroan kanpoan egon ondoren, berriro portuan utzitakoarekin konektatzea ez zen erraza izango aitarentzat ere: haurrak koskortzen, emaztea aspaldi ikusi gabe...

Bikote izateko beste modu bat zen, eskutitzen bitartez komunikatzen ziren. Txikiok sumatu genuen aldaketa, gu jaio eta gutxira jubilatu egin baitzen aita. 54-55 urte izango zituen. Azken urteak merkantzia-ontzi batean eman zituen jubilatzeko, eta lehenengo liburuan hori kontatzen nuen, bazirudiela aitak aita izaten ikasi zuela azkenengo alabekin. Edozein tontakeria berarentzat zen kristorena; oso modu desberdinean bizi izan zuen eskutitzen bitartez bizitako aitatasuna edo etxekoa. Eta pentsatzen dut bikoteko harremanean ere gauza bera izango zela, ez? Ez da berdina. Konplikatua da distantzian bizitzea.

Amari zer iruditu zaio liburua? Gustu al zaio? Eta zure anai-arrebek zer irakurketa egin dute?

Ama oso pozik dago. Batzuetan ez du sinetsi ere egin nahi: «Zein unetan bilakatu naiz ni protagonista?». Pixka bat flipatuta ere badago egoerarekin. Kuriosoa da, azken egunotan komunikabideetan atera denean, honakoa esan du: «Desde luego no se ha hecho nada por esos hombres que han ido a la mar. No hay ni una plaza, ni un monumento». Nik esaten nion: ‘Eta zuek, emakumeak, zer? Zuek ere horren parte izan zarete, ezta? Gizonezkoak itsasora joaten ziren, baina zuek etxeko ekonomia eramaten zenuten, familiak, haurrak, zaintza guztia zuen bizkarren gainean zegoen...».

Liburua ikusi ondoren ez da ohartu berak eta bere garaiko emakumeek izandako garrantziaz?

Alde batetik bai, baina nik uste hainbeste normalizatzen duela, hain normala iruditzen zaiola, ez diola balio hori ematen. Nik uste gazteagoak gehiago konturatzen garela, beste balio bat ematen diogula horri. Batzuetan konturatzen naiz zer zailtasun ditugun belaunaldi desberdinen artean komunikatzeko. Nire amak 42-43 urte zituen ni jaio nintzenean, ia bi belaunaldi daude hor tartean, eta egia da gu lan eta lan aritzen garela egun eta berak beste erritmo bat daukala: «Besoko mina daukat, ez nago ondo...». Denbora beste modura batera bizi du berak orain. Azken finean, zaila da batzuetan maila berdineko komunikazioa edukitzea elkarrekin. Aldiz, nire izeba, bere ahizpa etortzen denean, bazkaldu eta gero hizketan ikusten ditut eta kanpotik begiratuta, esaten dut: noski, beraiek partekatu dute garai bat, historia bat, bizitzeko modu bat, hizkuntza mota bat, emakume izateko modu bat... ez dakit nola azaldu.

Klabe berdinak dauzkate, azken batean.

Noski, hor dago desohitze bat. Eta ez dut esaten komunikazioa falta zaigunik, baina liburuarekin konturatu nintzen zubi bat eraikitzea bezala izan zela, berarekin harremanetan jartzeko edo komunikazio bide bat sortzeko, kanal bat bezala. Aitaren liburuarekin lehenago hasi nintzen, hil aurretik, baina ez nuen liburua atera aita hil arte. Orduan berak ez zuen ikusi. Argi neukan amak liburua eginda ikusi behar zuela. Bere feedback-a, sentsazioak, poztasuna... jasotzea oso aberasgarria izan da.

Amak lagundu al dizu? Parte hartu al du?

Aparte egin dut lan, ez dut berarekin hor ondoan lan egin. Nire izaera da albotik eta isilik, tipi-tapa joatea, ea proiektua ateratzen den... Inprentara joan aurretik testu guztiak irakurri nizkion pixka bat dena ondo zegoela ziurtatzeko, baina nahiko paraleloki egin dut lan. Nire ikuspuntua izan nahi dut, filtroak jarri. Amak oroitzapen ariketa bat egiten du, eta nik bere oroitzapenekiko beste ariketa bat egin dut. Azken finean, bera da protagonista, baina irudi batzuk moldatzen edo aukeratzen ari zarenean, edizioa egiten, zerbait berria sortzen ari zara.

«Gran Sol» esango nuke ez dela soilik zure amaren erretratu bat, belaunaldi baten erretratua baizik...

Hori oso garrantzitsua zen. Aitaren liburuarekin hasieran beldur berdinak nituen: «Nori axolako zaio nire aitaren bizitza?». Baina ez zen bakarrik nire aitaren bizitza, eta are eta gehiago amarenaren kasuan. Halere, ez nuen aurreikusita lehenengo aitaren liburua ateratzea eta gero amarena. Prozesu oso naturala izan da. Icebergen argazkiak ikusi eta pentsatu nuen: «Ostras, honekin zerbait egin behar da!». Izan ere, irudiak oso potenteak dira eta metafora bat ere badira hainbat gauzari buruz hitz egiteko: aitatasuna oro har eta nire aita partikularki, nik nire aitarekin nuen harremana... Lehenengo liburuaren eskaintza idatzi nuenean hau jarri nuen: «A José y todos los hombres que faenaban en alta mar y a Carmen y todas las mujeres que los esperaban en puerto». Horrela atera zitzaidan. Garai horretan horrela zen, oso zehaztuta zegoen guztia: gizonezkoak itsasora ateratzen ziren eta, emakumezkoak, etxean. Eta pentsatu nuen: emakume horien bizitza, zer? Noski, itsasotik itzultzeko, nonbaitetik itzultzeko, norbaitek eraiki behar zuen etxea. Baina portuan gelditzen direnen historia ez da inoiz kontatzen, ez da-eta abenturaz betetako kontakizuna... Baina interesa du, ez delako bakarrik nire amaren historia, baizik eta belaunaldi oso batena. Hor dago liburu honek duen boterea.

Desagertzen ari den lanbide edo bizimodu baten isla ere bada. Pasaiako giro arrantzale hori, portuko mugimendua... ia erabat desagertu da. Gure memoriaren beste zati bat dago liburuan.

Txikitan nik uste itsasontziren batean sartuta nagoela, behintzat oroitzapen hori daukat, eta bisualki oso argi ikusten dut: kamarote batean sartu, nolakoak ziren ojo de buey haiek, ateak eta dena oso estankoak, erdi herdoilduta... Ez dakit noiz izan zen hori, baina buruan daukat. Eta Pasaian portuan egon eta itsasontzi bat iristea, familia zain egotea... Hori oso potentea da eta orain ez da gertatzen: itsasontziak badaude, baina baxurakoak, edo soilik arrantzara gauez atera eta egunez bueltatzen direnak. Baina gutxi, oso gutxi. Aitak esaten zuen garai horretan ez zegoela tokirik portuan: hainbeste ontzi zeuden bata bestearen ondoan lotzen zituztela; amarratzen zituzten eta salto egin behar zenuen batetik bestera. Agian lau edo bost jarraian, ondoan elkarrekin jarrita.

«Gran Sol» bizi zineten kalearen izena ere bada.

Banekien amaren liburua “Gran Sol” izan behar zela, beste kala bat da. Ama oraindik Gran Sol kalean bizi da.

Aitak ez zuen gustuko izan etxea amak erosi zuenean. Kexatu egin omen zen.

Ez zitzaion gustatu. «Argi gutxi dauka» esan zuen... eta gela guztiek dituzte leihoak eta denak daude hegoaldera begira, eguzkia ateratzen denetik sartzen denera arte! Baina berak ez zuen aukeratu eta hor zegoen kontua...

Beste zerbaitekin ere bueltaka ari zara gurasoen gutunekin, ezta?

Ez dago ezer argi pentsatua oraindik, baina gauza batek bestera eraman nau. Hasieran amari eskatu nizkion aitaren gutunak. Amak kaxa bat dauka gutunekin, eta beti esan du ez genuela ikusiko bera hil arte. «Qué picante», esaten genion, beti txantxa horrekin... Aitaren liburuarentzat ahizpari eskatu nion eskutitz bat, baina, amarena egin nuenean, esan nion: «ama, aukeratu bizpahiru eskutitz nik liburuan sartzeko». Baina ez zuen funtzionatzen, ama bihurtu nahi nuelako protagonista, eta, azken finean, aitak amari idatzitako gutunak direlako. Baina behin esan zidan: «Creo que sería bonito que hicieras algo con las cartas». Eta nik erantzun: «¡Pero si me decías que hasta que te mueras no!». Orduan, zera esan zidan: «Pero creo que me gustaría». Halere, amak dituen gutunak berak jasotakoak dira, hau da, aitak idatzitakoak.

Aitak ez zituen gordetzen amak bidalitako gutunak? Batek daki, agian amak ez zuen ezta denborarik izango idazteko...

Ez ditugu aurkitzen! Bi ideia ditugu. Bat, oso gordeak egotea, aitak dena gordetzen zuelako! Halere, oso arraroa da ez aurkitzea, oraindik nota eta libreta pila daudelako etxean barna. Baina arraroa da. Eta beste teoria da aitak txikitu egiten zituela irakurri ondoren.

Inork irakurri ez zitzan?

Pixka bat itsasontzian intimitate hori mantendu ahal izateko. Gizonezkoentzat sentimenduak gorde eta ez erakustea zen ohitura, are eta gehiago itsasontzi batean, hain inguru gogorrean... Hori da nire susmoa. Nik inoiz ez nion galdetu eskutiz horiek non zeuden, eta orain pena ematen dit, amaren letra eta amaren hitz idatzi horiek nolabait galdu egin baitira.