MIREN AMURIZA
IRITZIA

Txori-habien bila

Badaukat nik kuadrilla berezi bat, barikuro-barikuro hutsik egin barik bisitatzen dudana. Joan nintzen lehengo batean asteroko alegrantziarekin, agurtu nituen lagunak eta erantzi nuen jertsea. Bat-batean, higuin aurpegiarekin begiratzen zidatela ohartu nintzen. Esan, ez ziostan inork ezer, baina berehala sumatu nuen bazebilela han mamuren bat airean. Arduratuta ere egon nintzen, harik eta euretariko bat nire besapera begira ikusi nuen arte, nire besapeko ileei begira zehatzago esateko. «Zuek ez daukazue galtzarbean ilerik ala?», galdetu nien irribarrez. «Bueno…» erantzun zidan batek koloreak gorrituta, «… baina ja depilatu egiten gara e!». Nire kuadrillako neskatoek 12-13 urte dituzte eta plazer bat da eurekin batera nerabezaroa berbizitzea.

Akorduan daukat zelan ume-umetan amari laguntzen nion depilatzera joaten zenean. Alde batera, ikaratu egiten nintzen ohatilan etzanda tortura saiotxo hura jasaten ikusten nuenean. Baina bestera, lasai nengoen emakume izatera sekula ailegatuko ez nintzelakoan eta, izatekotan ere, artean asko falta zitzaidala sinetsita. Kontuak zer diren, bueltan etorri ziren urak handik urte gutxira: gelako nesken artean hasi ziren lehenengo titi-garauak eta txori-habiak agertzen; nire gorputzean, ostera, arrastorik ere ez. Disimuluan begiratzen nien lagunen soinei eta arreta handiz inspekzionatzen nuen ondoren neurea: galtzarbeak, potxolina, izterrak… Baina ezer agertzen ez. Nekazariak lur bigunari bezala erregutzen nion nire haragiari ile bakanen bat erne zekidala. Hazi zitzaizkidan halakoren batean, baina apenas izan nuen ospatzeko astirik; nire iletxoez harro egoten hasi nintzenerako, lagunak lotsatuta baitzeuden eurenez. Lantzean bat hasi zen depilatuta edo ispiluaren aurrean aberia galantak eginda agertzen; bekain bat bestea baino laburrago ekartzen, ezpainak erreta… Eta neuk ere hara non amaitu nuen garai batean ama etzan ohi zen ohatila berean, izterretan argizari bero-beroa igurzten zidaten bitartean haginak estututa.

Trantsizio interesgarria da nerabezaroa; askabide adina muga dakartzana. Nire kuadrillako neskatilak ere hortxe ari dira bilintzi-balantza: janzkera eta orrazkerak aldatzen, noiz edo noiz begiak margotzen, lehenengo bularretakoak erosten… Eta, aldi berean, praka motzak janzteari uko egiten eta, etxean isil-gordeka marrazki bizidunak ikusten eta nire galtzarbeko ileak banan-banan kontatzen. Gehiagoko barik eder izatetik, besteentzako (alegia mutilentzako) eder izatera ari dira igarotzen eta bitartean lurrunduz doakie umetako baliorik preziatuena: naturaltasuna. Aurtengo udaberrian txori-habiei buruzko kontualdi bat egin beharko dugu agian…