Bidaiari

Argentinak itsas kostaldeko parke babestu berria sortu du Patagoniako Chubut-en

Argentinako hegoaldeko Chubut probintziak aho batez onartu du Patagonia Urdina Parke Probintziala sortzea. Itsasaldeko 295.135 hektareako eremu babestu berria da, ingurune naturala kontserbatzeko eta eskualdeko ekonomia garatzeko helburuarekin sortua.

Bisitariek Magallanesko pinguinoak ikusteko aukera izango dute.
Bisitariek Magallanesko pinguinoak ikusteko aukera izango dute. (Paula RIBAS | Getty Images)

Patagonia Urdina Parke Probintziala sortzeak Argentinar Itsasoko eremu bioaniztunenetako bat legez babestea dakar. Bertan, 50 itsas hegazti espezie baino gehiago bizi dira; horietako 13k habiak han egiten dituzte, batez ere eskualdeko 60 uharte eta uhartetxo baino gehiagotan.

Parke berriaren tamaina Yosemite Parke Nazionalaren (AEB) parekoa da, eta Patagonia Urdina Itsas Parke Interjurisdikzionala (PIMCPA), Cabo Dos Bahías Eremu Natural Babestua eta 200.000 hektarea gehiago hartzen ditu.

Bertara joaten direnek zenbait espezie aurkituko dituzte, hala nola, balea konkorduna, sei balea, ile bakarreko eta biko itsas otsoak, Magallanesko pinguinoa, petrel erraldoia eta ubarroi inperiala.

Ekosistema berezia

Halaber, ikusiko dituzte makroalgen basoak, irlak eta marearteko gune harritsuak, arrain eta ornogabeen ekosistema bereziei eusten dietenak.

«Aukera paregabea da natura-turismoan oinarritutako eskualde-ekonomia kontserbatzeko eta garatzeko, eta basa-bizitza sinestezin eta ugaria ikusteko», adierazi du Chubuteko Turismo Ministerioak.

Patagonia Urdina Atlantikoko Chubut kostaldeko bigarren helmuga garrantzitsuena da, Los Alerces Parke Nazionala baino zabalagoa eta Tombo Punta baino hamar aldiz handiagoa. Hori dela eta, «benetako erraldoi urdin» gisa definitu dute, «eskualdeko garapen jasangarrirako motor bihurtuko dena».

Lau sarbide publiko ditu, turistak gonbidatzen dituztenak uharteak, badiak eta hondartzak zeharkatzera eta baleak ikustera urte osoan zehar.