Gaizka MARTINEZ
Txolita eskalatzaileak

Futbola 6.000 metrora eta elur gainean, emakume indigenen alde

Martin SILVA (AFP)
Martin SILVA (AFP)

Langa berria hautsi du Txolita emakume eskalatzaile taldeak Huayana Potosi mendian, Boliviako La Pazeko erakargarrienetako batean, ia 6.000 metrora futbol partida jokatuta. El Alto inguruan, kaskoak, sokak, kranpoiak, eskalatzeko materiala eta jantzi tradizionalak soinean “pollerak” eta mantak, bederatzi emakume aimara 20 minutuz aritu ziren pikekin eraikitako ateetan golak sartu nahian. Elurtuta zegoen zelaia eta elur-ekaitz batek harrapatu zituen bertan, baina denak onik atera ziren. Igoeraren aurretik, mendizaleek eskaintza egin zioten Pachamamari (ama lurrari), zorte ona emateko erregu eginez.

Bigarrengoz aritu zen altuera horretan futbolean emakume indigenen eskubideen alde borrokatzeko 2015ean -hain zuzen, Huayana Potosiren gailurrera (6.088 metro) igo ostean- sortu zen taldea. Ordutik hona aunitz izan dira Txoliten lorpenak mendian: Acotango (6.050 m), Parinacota (6.350 m), Pomarapi (6.650 m), Illimani (6.462 m) eta Argentinako Aconcagua (6.960 metrorekin, Ameriketako tontorrik garaiena da). Kide guztien ogibidea da eskalada eta mendizaletasuna, turista eta eskalatzaile profesionalentzat sukalde eta garraio lanetan 20 eta 25 kiloko zama gainean ibiliak baitira denak. Mendiaz gain, ring gainean borroka librean diharduten txolitak ere badira.

2019an estreinatu zuten, Jaime Murciego eta Pablo Irabururen gidaritzapean, eskalatzaile hauen inguruko “Cholitas” dokumentala. Estreinaldian hala laburtu zuen Lidiak esperientzia: «Beti ibiltzen naiz mendian, taldeak eramaten, eta, denbora librea dudanean, jatetxe txiki bat dut El Alton. Beti izaten nuen tontorrera joateko jakin-min hori. 5.200 metroraino iristen nintzen eta ikusten nuen turistak izugarri pozik itzultzen zirela, eta nire senarrari galdetzen nion ea zer zegoen hor goian». Zazpi urteko borrokaldiaren ostean, orain badakite.