Egin planak

Erdi Aroa mitoetatik libratzen, euskal gazteluei esker

Hainbat hilabetez, Bilboko Arkeologi Museoan gure iraganaren berrirakurketa bat egitea ahalbidetzen duen “Euskal Herriko Erdi Aroko Gazteluak: lurraldearen zaindariak eta boterearen irudia” erakusketa izango da zabalik.

Gazteluetara jaurtitzen ziren bolardoak eta gerlari baten burdin jantzia. Oskar Matxin (FOKU)
Gazteluetara jaurtitzen ziren bolardoak eta gerlari baten burdin jantzia. Oskar Matxin (FOKU)

Irailak 3-10

Nola sortu ziren Euskal Herriko gazteluak? Zein izan zen haien bilakaera? Nortzuek eraiki zituzten? Zein forma arkitektoniko eman zieten? Zein funtzio bete zuten? Zergatik izan ziren Erdi Aroko gudak tresna politikoa? Galdera aunitz baina erantzun aunitz ere biltzen ditu Bilboko Arkeologi Museoak (Mallona Galtzada, 2) hartzen duen “Euskal Herriko Erdi Aroko Gazteluak: lurraldearen zaindariak eta boterearen irudia” erakusketak.

Erdi Aroko historian doktore diren Jose Angel Lecanda, Deustuko Unibertsitateko irakaslea, eta Iñaki Garcia Camino, museoko zuzendari-teknikoa, izan dira komisarioak. Arkeologiaren bidez, Hollywoodek edo Game of Thrones bezalako ekoizpenek epealdi historiko honen inguruan sortutako mitoak hautsi nahi dituzte.

Horretarako, garai hartako egunerokotasunean murgilduko gaituzte, gure herriko gazteluetan burututako indusketa arkeologikoetan aurkitutako pieza esanguratsuen bidez. Bertan ikusgai daude, besteak beste, sare-kota bat, kasko eta aizkora bat, zaldun eta infanteen ezpatak, lantzak eta geziak, zaldien janzkera eta apaingarriak, kaliza bat, jostailuak, titare bat, bolardoak...

Espresuki sortutako ikus-entzunezko bi lani esker, airetik eta lurretik ikusiko ditugu zenbait gaztelu eta bertatik bertara biziko dugu gotorleku batean gatazka beliko bat.

Horrez gain, irailaren 19tik aurrera, bisita gidatuak, familientzako tailerrak eta Ereñozar, Muñatones eta Tebasko gazteluetara irteerak antolatu dituzte.