Egin planak

Gerren izugarrikeriaz, San Telmo museoan

Urriak 29-Urtarrilak 29

Erbestea, kontzentrazio esparruak eta gerra hizpide dituzten obrak “Indésirables. Bonbardaketatik esparrura. Erbesteratzearen ibilbideak” erakusketan bildu ditu Donostiako San Telmo museoak. Diziplina anitzeko lan artistikoen bidez, diskriminazio politikoa eta arraza bereizkeria, gerrak eta bonbardaketak, edo erbesteratutako eta deportatutako pertsonen garraioa jorratzen ditu.

Erakusketa 10.00etatik 20.00etara bisita daiteke, asteartetik igandera. Sarrera orokorrak 6 euro balio du, eta murriztuak 3. Leihatilan eta online eros daitezke. Erakusketak, halaber, hitzaldi batzuk eta bisita gidatuak eskaintzen ditu (asteartetan eta larunbatetan). Programazioa San Telmo museoaren webgunean kontsulta daiteke. Dokumentazio historikoa, testu teorikoak, argazkiak eta bideo dokumentalak ere baditu. Izan ere, nazioarteko zenbait erakundek parte hartu dute erakusketan.

Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Elsbeth Kasser-en artxibotik ateratako marrazkiak eta koadernoak. Akuarelak, marrazkiak eta argazkiak, Europako historiaren zati baten lekuko. Gurutze Gorriko erizaina izan zen Kasser 36ko gerran, eta 1940tik 1943ra Gurseko kontzentrazio esparruan bizi izan zen. Horrela, han egon ziren artistek eta pentsalariek egindako lanak dira, izugarrikeria islatzen dutenak. Hara iritsi ziren lehenengoak euskaldunak izan ziren, 1939ko apirilean. Hori dela eta, erakusketan ideia bat nabarmendu dute: iragana ez da desagertzen, orainera itzultzen da.