Lander GARRO
Idazlea

Hiperkritikoak

Badira dagoeneko urte batzuk ETBrentzat saioak egiten ditudala, eta audientzien gora-beherak aski gertutik ezagutzen ditudanez, badut kate espainolak ikusteko euskaldunon zaletasunaren berri. Sare sozialetan eta halakoetan kate espainol pribatuekiko isekak baizik ez ditut entzuten, baina ikusleen taulek oso bestelako joera erakusten dute egunero. Hitz batean: ez dugula egia esaten. Telesailak (jatorrizko hizkuntzan, eta abar) ikusten ditugula esaten dugu, baina, egiatan, zaborra irensten dugu gauero. «Kaka ikustekotan, hobe jatorrizko kaka, kopiatutako kaka baino», esan izan didate. Alegia, ETBk ekoizten duen kakarekiko «protesta» gisa jotzen duela hainbatek Espainiakora. Aitzakia lotsagarria da. Atzo Jon Plazaolaren “Allí abajo” telesail berria estreinatu zen Antena 3en, eta EAEko ikusleon %38k ikusi genuen. Ezin da emaitza bikainagorik lortu. Bitxia gertatzen da, ordea, sare sozialetan euskaldunok eman dugun iritzia irakurtzea, ia denok jarri baitugu telesaila kakaren pareko. Iaz “Kontrako eztarria” izeneko saioa egiten zuenean (euskaraz, ETB1en), apenas ikusten zuten Jon Plazaola ikusleen %1ek, eta ia denek goraipatzen zuten. Espainiara joan orduko, ordea, denok atera ditugu akatsak, baina ez da alerik ikusi gabe geratu. Aritmetika kontu soila da. Hiperkritikoz mozorrotzen gara, baina españolito hutsak gara guztiok.