GARA
DONOSTIA

Kontxako Pasealekua oinezkoentzako eta garraio publikoarentzako uztea proposatu du EH Bilduk

«Hiria eraldatu, hiri hobea izateko» ideiatik abiatuta, espazio publikoak herritarrentzat izan behar duela defendatu du Juan Karlos Izagirre alkate eta hautagaiak atzo goizean, Donostian. Eta horretarako «proposamen ausartak» eta «neurri eraldatzaileak» beharrezkoak direla iritzita, donostiarrei «Kontxako Pasealekuarekin dugun harremanaren gaineko planteamendu berria» aurkeztu die EH Bilduk. Mahai gainean jarritako aukerak Kontxa Pasealekua ulertzeko dugun moduan «aldaketa bat» ekarriko lukeela ere gaineratu zuen.

Besteak beste, proposamen honekin Erdialdean trafikoa gutxitu eta oinezkoentzako gune gehiago egongo litzatekeela erantsi zuen, ezinbestean, hiriaren mugikortasunean «eraldaketa garrantzitsua» eraginez.

Honakoak dira azaldutako proposamen zehatzak: bertatik igaroko diren ibilgailuak garraio publikokoak baino ez izatea, oinezkoentzako gunea bikoiztea hainbat gunetan eta bidegorria handitzea. Honek, San Martin kalean trafikoa nabarmen murriztea ekarriko lukeenez, bizikletentzako konexioa ahalbidetuko litzateke Kontxatik Foruen Pasealekura, San Martin kaletik.

Kale honetan –hiriko nagusietako bat– espaloiak handituko lirateke. Azkenik, Satrustegi hiribidearen berrurbanizazioa proposatu du, «inguruari erabilera publikoa emanez».

Hau guztia aurrera eramateko, Izagirrek azaldu zuenez, bi lantalde sortuko dira. Lehena, teknikoa, Dbus autobus konpainia publikoko, Mugikortasun saileko eta Azpiegitura eta Hiri Zerbitzuen sailetako teknikariek osatutakoa.

Hiritar galdeketaren bidez

Lantalde honek proposamen teknikoa egingo du, eta egin beharreko lanen ondorioak, alternatibak eta balizko kalteak aztertuko ditu. Bigarren lantaldea partaidetzarena izango da. Bertan merkatari, auzo elkarte, taxi gidari, talde politiko eta eragileak bilduko dira, eta ekarpenak egingo dizkiote lantalde teknikoaren lanari.

«Bi lantaldeetatik jaioko den proposamenarekin, hiritar galdeketa egingo dugu, hiri osoan», ziurtatu zuen Juan Karlos Izagirrek.