Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Jon Gerediaga, denboraren ehizan dabilen olerkaria

«Argia, lurra, zuhaitza, zerua». Jon Gerediagaren begietan, bizitzan elementu horiek dira premiazkoenak eta horietatik edanda iritsi da oinezkoaren, kaleko jendearen, kezketara. Denbora da guztiaren ardatza, harrapatu nahi eta eskuetatik ihes egiten duena.

Antzerkian ibilbide oparoa du Jon Gerediagak (Bilbo, 1974). Orain hamabost urte Bizkaiko hiriburuan sortu eta muntaia gogoangarriak eskaini dituen Antzerkiola Imaginarioa proiektuaren partaide da eta gidoilari modura erakutsi duen poetikarako joerari poema-liburu formatua eman dio “Argia, lurra, zuhaitza, zerua” argitalpenean.

«Antzerkia baino lehenago poesia dago beti eta, antzerkian talde-lana eredu den bezala, poesian, Jon Gerediaga biluzik azaltzen zaigu», ziurtatu zuen liburuaren aurkezpenean Pamielako editore Jose Angel Irigarayk. Laugarren poema-liburu honetan –aurretik “Fitola balba, karpuki tui” (2004), Jainkoa harrapatzeko tranpa” (2007) eta “Zentauro-hankak” (2012) argitaratu ditu, denak Pamielaren eskutik–, Gerediagak naturan mugarri bat aurkitu duela baieztatu zuen Irigarayk: «Nolabait, naturan aurkitu du denboraren iragatearen kontrako antidotoa. Hasiera-hasieratik asmoen azalpen moduko bat egiten du eta, argian, lurrean, zuhaitzen artean eta zeruko argian dabilela irudi luke hegan dabilela, baina oinak beti lurrean ditu Jon Gerediaga poetak».

Naturako elementu horiek erabilita, denboraren joanaz eta denborari heltzeko nahiaz hitz egiten du sortzaile bilbotarrak eta kontakizun hori, betiere, ingurukoei begira egiten duela azaldu zuen Pamielako editoreak: «Beti entzuten ditu, sentitzen ditu, bere egiten ditu baztertutakoen, zokoratutakoen eta amildutakoen ahotsak. Bera ere hori bilakatzen da; ahots horiek», laburbildu zuen.

Gerediagaren poetikaren ezaugarriak aletzen saiatu zen aurkezpenean parte hartu zuen Oier Guillan ere. Bera ere poeta eta antzerkigilea, Gerediagak eta biek, hain zuzen, Antzerkiola Imaginarioaren eskutik ezagutu zutela elkar ekarri zuen gogora, eta, “Argia, lurra, zuhaitza, zerua” «batasun handiko» poesia liburua dela agertu ostean, bertan topatu dituen zenbait ertz azaltzeari ekin zion.

Liburua argiaren presentziak zeharkatzen duela azaldu zuen, «egun bakar batez egunsentitik ilunabarrera edozein pertsonaren bizitza zeharkatzen duen argi aldakorrak edo urtaro bakoitzak daukanak», eta poemetan argiak duen bilakaerak «pertsonen funts iragankorra» nabarmentzen duela zehaztu zuen: «Iraun behar duenari dago eskainia liburua».

Naturatik oinezkoetara

Natura erabilita, Gerediagak eguneroko kezka eta galderekin konpromisoa erakusten duela ere nabarmendu zuen Guillanek, «irakurleak gertuko sumatuko duen ahots bat». Hala, saminaz eta heriotzaz mintzatzen da, baina baita «jainkoaren ideia lurtarraz» ere: «Mitoak egunero pertsonekin egiten du lo. Jainkoaren ideia honek erritura garamatza, natura eta inguruarekiko harremanik oinarrizkoenera. Zerua ez da helburu, zerua lurreko sentimenduak islatzen dituen ispilu erraldoi bat da».

Erantzunak inposatu beharrean, mahai gainean galderak paratzen dituela ere zehaztu zuen Guillanek, «poesia idazten duenean, adibidez: ‘Ezin du inork esan esan nahi dugun guztia’».

Hitza hartuta, Gerediaga poema laburrak egin izanaren zergatiaz jardun zen: «‘Zentauro-hankak’ liburukoak arnas luzeko poemak ziren eta iruditzen zitzaidan hitzik gabe geratzen ari nintzela, eta gauzak era soilagoan esateko gogoa neukan. Asko pentsatu gabe, Plentziako hondartzan irten zitzaidan liburuaren kontrazaleko poema eta unean hori egin behar nuela pentsatuta, halako bulkada bati jarraituz idatzi ditut labur eta soilagoak». Izenburua hasieratik garbi zuela zehaztu zuen, «niretzat gauzarik inportanteenak eta iraun behar dutenak horiek direlako; salbatu beharrekoak lau gauza horiek dira».

Poema gehienak bizileku duen Artxandan idatzi ditu, «bizi garen lekutik funikularrerako bidean, Bilbora begira baina mendian; naturatik gertuago ibili naiz azken urteotan hiritik baino. Maiz, paisaia bat deskribatzean barruan dituzun min eta beldurrak deskribatzen dituzu. Bizirik egotearen ajea dira».