Josu Jimenez Maia
Idazlea
KOLABORAZIOA

Arratoi beltzak eta arratoi zuriak

Oroitzen Javier Markotegi eta Santiago Arellanoren garaiez? UPNkoak bai, baina gutxienez buruargiak; atzerakoiak baina hezkuntza kontuetan jantziak. Oroitzen Jesus Laguna zenaz? Berarekin hasi ziren txapuzak egiten ingelesarekin; zalditik astora. Oroitzen Luis Campoy kontseilari tuterarraz? Euskarafobian, koska bat estuago; astotik lurrera. Urte luze hauetan Hezkuntza Departamentuaren orri menbretedunak izan duen garapenak argi adierazten du zein izan den Hezkuntzan egon direnek izan duten jarrera euskararekiko, Lingua Navarrorum delakoaren arrasto oro desagerrarazi nahian. Oroitzen Perez Nievas beste tuterarraz? Horri dimisioa emanarazi zioten CDN itzaltzeko jokaldi politikoaren ondorioz. Alberto Catalan Gobernuko eledunari Hezkuntza ere bere gain hartzeko agindu zion Yolanda Barcinak. Eta Catalan corellarra, esanekoa izanik, hor egon zen tarte batez. Azkenik, baina ez besteak baino gutxiago, Jose Iribasi eman zion kargua –eta karga–, Iruñeko Udalean horren fidel izan zitzaion abokatu tafallarrari.

Hezkuntza kontseilari bakoitza etorri eta joan egin zen, baina denek ala denek utzi nahi izan dute euren inpronta, bakoitzak utzi nahi izan du bere arrastoa etorkizunean gogora dezaten. Alberto Catalan, adibidez, Hezkuntza Departamentuko langileek gogoratzen dute murrizketa garaian sekulako dirutza gastatu zuelako Espainiako banderak erosiz; horretarako bai zegoela dirua! Eta murrizketengatik Jose Iribas ere gogoratuko dugu, sare pribatu konfesionalari emandako laguntzagatik, euskarazko formakuntza izugarri murrizteagatik, iraungitze-data duen Lomce legearekin beste txapuza a la navarra bat egiteagatik, eta D ereduan aritzen garen irakasleok zelatatzeagatik Guardia Zibilaren jo-puntuan jarrita.

Hezkuntza Departamentuan benetan lanean aritzen diren teknikari, administrari eta langile xumeei esker, UPNk iragarri duen kaosa eta apokalipsia ez dira gertatuko, baina Nafarroako Gobernua galduko zuela agerikoa zenetik dokumentuak txikitzeko makinak jo eta ke lanean aritu omen dira Hezkuntza Departamentuko nagusien bulegoetan, eta hara joanen direnek ez dute dena txukun, dena prest, dena gertu aurkituko; UPNkoak lur errearen politika ari dira eramaten, galtzaile txar eta mendekati baten pare.

Hondoratzen ari den itsasontzi batetik bezala, traje beltzeko eta aurpegi zurbileko arratoiak ari dira ihesbidea prestatzen UPNk gidatu duen batel matxuratu herdoildu zaharretik, disko gogorretako fitxategiak ezabatuta. Eta arratoi beltz horiekin batera, badira beste arratoi batzuk, arratoi zuriak, urte hauetan guztietan UPNkoen esaneko eta fidel izan diren arratoi zuriak, UPNren arrimura errape publikoetatik gizenduak, urte luze hauetan UPNren murrizketa eta gehiegikeria guztiak justifikatu eta gauzatu dituzten arratoi zuriak, orain euren burua zuritzen hasi direnak, «progre» eta «basketa» itxura hartzen ari direnak, eta Hezkuntza Departamentu berriarentzat Troiako zaldiak bihur daitezkeenak...

Hezkuntza Departamentuko alfonbrak altxatzen hasten direlarik agertuko dira arratoiak, beltzak eta zuriak: arratoi zuriak ez dira beltzak bezain nazkagarriak... baina arratoiak, beti arratoi.