Ion SALGADO
GASTEIZ
IKASLEEN MOBILIZAZIOAK

Greba, hezkuntza sistema propioaren alde eta erreformen aurka

Milaka gaztek parte hartu zuten atzo Ikasle Abertzaleak antolakundeak deitutako greban. Ikasleek hezkuntza sistema propio bat aldarrikatu zuten eta Madrilgo zein Lakuako gobernuek ezarritako erreformak kritikatu zituzten. Gasteizen eta Iruñean egindako manifestazioetan istiluak izan ziren. Guztira, hamahiru lagun atxilotu zituzten.

Milaka ikaslek parte hartu zuten atzo Ikasle Abertzaleek deitutako greban. Antolakundeak honela laburbildu zuen egunaren helburua: «Aspalditik ikastetxe eta fakultateetan eraikitzen eta aldarrikatzen ari garena azaleratzea: egungo hezkuntza ereduarekin eta erreformekin –Lomce, Heziberri, EU2015, 3+2, besteak beste– apurtu eta herritik eta herriaren mesedetan egongo den hezkuntza eredua eraikitzea».

Mobilizazio jendetsuak izan ziren Bilbon, Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Baionan. Lapurdiko hiriburuan, Beñat Etxepare lizeoko ikasleak Herriko Etxearen aurrean bildu ziren baxo izeneko azterketa osorik euskaraz egiteko eskubidea exijitzeko. Hego Euskal Herriko hiriburuetan, berriz, manifestazioak egin zituzten ikastetxeetako, Lanbide Heziketako eta unibertsitateko ikasleek. Madrilgo eta Lakuako Gobernuek inposatutako erreformei aurre egiteko eta hezkuntza sistema propio bat aldarrikatzeko kalera atera ziren.

Ohar batean, Ikasle Abertzaleak antolakundeak Donostiako manifestazioa azken urteetako jendetsuena izan zela azpimarratu zuen. Ertzaintzak goizean goizetik gazteak identifikatu zituen hiriko kaleetan, eta ikasleek Ibaetako campusean dagoen Europar Batasuneko bandera kendu zuten, «kapitalaren Europak hezkuntza eta gure bizitzetako arlo guztiak merkantilizatu» nahi dituela salatzeko.

Bilbon testuingurura egokitutako mobilizazioak izan ziren; izan ere, joan den astelehenean Ertzaintzak San Mameseko Ingeniaritza Eskolan Herri Unibertsitatean parte hartu zuten gazteak kaleratu zituen. Hala, atzo manifestazioan parte hartu zutenak Ingeniaritza Eskolan sartu ziren berriro. Bertan tailerrak egin zituzten Lomceri aurre egiteko ekimenak azaltzeko eta pedagogia askatzaileari buruz hitz egiteko. Tailerrak amaitutakoan, Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzaren egoitza alboko errepidea moztu zuten greba egin zuten ikasleek. Ertzaintza gerturatu zen arren, ez zen istilurik izan.

Ez zen hori bera gertatu Iruñean. Liskarrik gabe, manifestazioa Sarasate pasealekuan amaitu ondoren, Polizia espainola ikasleen aurka oldartu, eta horien arteko neska gazte bat atxilotu zuen. Horren ostean, Alde Zaharrean beste hiru gazte eraman zituen. Iruñeko ikasleek «jazarpen poliziala» egun osoan zehar jasan behar izan zutela salatu zuten Ikasle Abertzaleek.

Atxiloketak Gasteizen

Gasteizen ere bederatzi gazte atxilotu zituen Ertzaintzak. Lehengo istiluak campusean jazo ziren, goizeko lehenengo orduetan. Piketeek, Farmaziakoa izan ezik, fakultate guztiak ixtea lortu ondoren, ikasle zutabeak Andre Maria Zuriaren plazara abiatu ziren. Hirigunean bildutakoek «ikasketa prozesu osoa ikasleak merkantzia bilakatzera» bideratuta dagoela salatu zuten.

«Barnerararazten dizkiguten eduki eta pedagogiaren bidez, objektu obediente eta sumiso bihurtzea dute helburu, hala, gizarte honetako jaun eta jabe den sistemaren beste izaki automatizatu soil bat gehiago bilakatzeko», adierazi zuten, eta martxan jarritako erreformak ikasleek pairatzen dituzten zapalkuntza eta prekaritatea areagotzen dutela agertu zuten. «Hezkuntza erreformen aurkakotasuna eta prekaritate orokortua salatuko ditugu ikasle greba honetan, argi izanik egun hegemonikoa den sistematik atera ezean ez dagoela duin bizitzerik, ez ikasterik, ez gure bizitzaren gaineko kontrola izateko aukerarik ere», gaineratu zuten Gasteizko ikasleek.

Manifestazioak ez zuen asko iraun, lehenengo istiluak Independentzia kalean gertatu baitziren. Liskarrik handienak, aldiz, San Prudentzio kalean gertatu ziren, Hezkuntza Ordezkaritzaren ondoan. Ertzaintza gazteen aurka oldartu zen eta hainbat zauritu eragin zituen. Foruen eta Ortiz de Zarate kaleetan errepikatu ziren oldartzeak. Azken kale horretan ertzainek aurpegia odoleztatua zuen gazte bat eraman zuen atxilo. Poliziek lanean zeuden kazetariei “Mozal Legea” aplikatuko zietela mehatxu egin zieten. Istiluak Alde Zaharrera zabaldu ziren, eta Ertzaintzaren helikopteroa Gasteizko erdigunearen gainean ibili zen eguerdian eta arratsaldean.

Gasteizko ikasleek elkarretaratzea egin zuten arratsaldeko 18.00etan, atxilotuen askatasuna aldarrikatzeko. Erakundeak ere gazteek pairatutako errepresioa salatu zuen. «Zapaltzaileen eta zapalduon proiektuen arteko talka horretan errepresioaren bidea aukeratu du etsaiak», kritikatu zuen, eta Arabako hiriburuan atxilotutako neska batek jipoitu egin zutela salatu duela nabarmendu zuen. Horrez gain, beste bi ikaslek ospitalera jo behar izan zutela jakinarazi zuen.

EH Bilduko udal taldeak ikasle mugimendua zoriondu zuen deialdiak izandako arrakastagatik, eta Ertzaintzaren jarrera kritikatu zuen. «Herritarren salaketek mahaigaineratu dituzten gehiegikeriak» argitzea exijitu zuen. Era berean, koalizioaren ustez, Gasteizen izandako istiluek «ezin dituzte ikasleek dituzten aldarrikapenak bigarren maila batean utzi, kalera atera diren milaka ikasleen konpromisoa alboratuz».

Gainerako udal taldeek, ostera, istiluak gaitzetsi zituzten eta EHUri sostengua adierazi zioten: «Udal honetako talde politikoek hiri plural, ireki, inklusibo, baketsu eta tolerante baten aldeko apustu irmoa adierazten dute. Eta gertaera horiek guztion artean eraiki nahi dugun hiri-eredu horren kontra doaz». Lakuako agintariek eta Arabako Aldundiak ere gaitzetsi egin zituzten Gasteizko gertaerak.

Halaber, EHUk campusean erabilitako «bortxakeria» deitoratu zuen. «Pertsona eta talde guztiek dute eskubidea egokitzat jotzen dituzten aldarrikapena jendaurrera zabaltzeko. Aitzitik, ezin da pertsonen aukako larderia erabili, ezta ondasun publikoei kalteak eragin ere. Izan ere, ondasun horiek euskal gizarteak jarriak ditu unibertsitateko kideen eskura irakaskuntza garatu dadin».

 

IA se desmarca del ataque al Ayuntamiento de Iruñea

Ikasle Abertzaleak manifestó ayer que hechos como el lanzamiento de piedras contra el Ayuntamiento durante los incidentes posteriores a la huelga en Iruñea estuvieron «fuera de lugar». El sindicato estudiantil aseguró que el origen de los altercados en Iruñea estuvo en «las provocaciones y la actuación desmedida de la Policía Nacional». Además, cuestionó que se ponga el foco sobre los incidentes y se tape con ello el éxito de una movilización en Nafarroa que IA cifra en más de 3.000 estudiantes.

En cuanto a la actuación policial, los estudiantes destacaron que fue muy distinta a la de otras ocasiones. La idea original fue hacer una sentada, pero la Policía cargó dispersando a los manifestantes por las calles de Alde Zaharra antes incluso de poder realizar la protesta pacífica. Ya en grupos dispersos y sin control, los enfrentamientos se sucedieron por todo el Casco Viejo.

La Junta de Portavoces de Iruñea emitió una nota unánime de «rechazo y condena» por el ataque a la Casa Consistorial, bienes municipales y también daños daños en pequeños comercios. El alcalde, Joseba Asiron, dijo no poder «entender ni justificar» lo sucedido y deseó que estos hechos no empañen una protesta legítima.A.I.