Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Nork bizi eta nork hil behar duen erabakitzen duten horiek

Aurtengo maiatzean argitaratu zen ingelesez Don DeLillo estatubatuarraren azken eleberria, «Zero K», eta dagoeneko euskaraz irakur daiteke Meettok argitaletxearen eta Aritz Gorrotxategiren lanari esker. Heriotzaren gaineko galdera moral eta filosofikoak dira nagusi.

Bizirautea ez ote da aberatsen kontua? Galdera horren bueltan eraiki du Don DeLillo idazle estatubatuarrak “Zero K” eleberria, aurtengo maiatzean ingelesez argitaratu eta Meettok-en eta Aritz Gorrotxategi itzultzailearen elkarlanari esker jada euskaraz irakur daitekeena.

Eleberrian, sarritan Nobel sarirako hautagaien zerrendan egon den idazleak aurreko zenbait eleberritan ere landu duen gaia hartu du hizpide: bizitza eta heriotzaren arteko muga, eta gizakiek muga horren baitan esku hartzeko izan ditzaketen baliabideak. Jeffrey da nobelako protagonista: «Bere aita diruduna da, hainbat negozio ditu, eta Uzbekistan edo Kazakhstan inguruan kriogenizazioa helburu duen negozioa zabaldu nahi du. Gune horretan espezializatuta daude gai horietan, eta hara joaten direnak dirudunak dira», azaldu zuen Gorrotxategik. Aitaren emazteak gaixotasun hilkorra du eta Jeffreyk ere hara joatea erabakiko du, eta orduan izango du lehen aldiz Zero K taldearen berri: talde hau pertsonak hiltzeko sortua da propio, gero kriogenizatu eta etorkizun batean berpizteko asmoz.

«Jeffreyk denbora bat emango du bertan eta heriotzaren gaineko gogoetak egingo ditu, bizirautea ez ote den aberatsen kontua izango eta etorkizuneko arraza berria ez ote den biziraule horiekin osatuko, adibidez», argitu zuen Gorrotxategik.

Era berean, gune horretan kriogenizatzeko gaitasunaz gainera zenbait hondamendi natural geldiarazteko gaitasuna ere badutela ikusiko du protagonistak: «Pantailak ere badaude, katastrofeekin lotutako irudiak ematen dituztenak, eta Jeffreyk pentsatzen du ea benetakoak ote diren edo ez ote dituzten pentsamenduan eragiteko asmoz sortu».

Gisa horretan, DeLillo-k heriotzaren gaineko «ikuspegi aseptikoa» ematen duela nabarmendu zuen itzultzaileak eta ororen gainetik galdera moral eta filosofikoak planteatzen dituela azaldu zuen: «Aukeratu behar ote dugu nor bizi eta nor hilko den? Bizitzari zentzua heriotzak ematen diola esaten dugu, baina hilezkortasunak ez al dio bestelako zentzua ematen? Euskal irakurleak disfrutatuko duen liburua dela uste dut, galderak piztuko dizkiolako eta heriotza eta bizitzaren gaineko gogoeta eragingo diolako».

Osatu beharreko hutsuneak

Espazio fisikoak izendatzeko zailtasuna alde batera utzita, Gorrotxategik ez du aparteko arazorik izan DeLilloren testua euskarara ekartzeko orduan. «Pasarte oso filosofikoak ditu, bere pisua dutenak, baina itzultzeko ez da bereziki zaila izan. Heriotzaren gaineko gogoetan lerratu bada ere oso testu narratiboa da, eta gauza asko irekiak uzten ditu; baditu irakurleak osatu beharreko hutsuneak, ez da liburu itxi bat. Autoreak informazio justua ematen digu eta irakurleak atera behar ditu bere ondorioak», azaldu zuen Gorrotxategik.

Heriotzaren gaineko hausnarketaz gainera, bigarren gogoeta lerro bat ere badagoela gaineratu zuen: «Aitak abizena aldatzen du eta, nolabait, hor badago metafora bat: aitak nor den erabaki egiten du. Aitaren aldean desastrea da Jeffrey, ez du ez lan eta ez harreman finkorik, eta horrek guztiak sustraien gaineko gogoeta bat sortuko dio». Heriotzaren eta bizitzaren gaineko hausnarketaz gainera, protagonistak bere buruaren gaineko gogoeta ere egin beharko du eleberrian zehar, «sustraien gainekoa, eta bere aitaren ondarea jasoko duen edo ez ere erabaki beharko du, onartzeak loturak sortu eta barne gatazkak indartuko lizkiokeelako».