GARA
DONOSTIA

Donostiako DIPCren ekarpen «nabariak» sarituko ditu Europako Fisika Elkarteak

Aurtengo Passion for Knowledge jaialdiaren baitan, Materia Kondentsatuaren Fisikan eta Materialen Zientzian egindako ekarpen «nabarmenagatik» eta antolatutako askotariko dibulgazio jarduera «arrakastatsuengatik» saria jasoko du Donostia International Physics Centerrek. Pedro Miguel Etxenike presidenteak «ohore handitzat» jo du.

Europako Fisika Elkarteak (EPS) Donostia International Physics Center (DIPC) sarituko du aurtengo Passion for Knowledge jaialdiaren baitan, Materia Kondentsatuaren Fisikan eta Materialen Zientzian egindako ekarpen «nabarmenagatik» eta antolatutako askotariko dibulgazio jarduera «arrakastatsuengatik», atzo jakinarazi zutenez.

DIPC 2000. urtean sortu zen. Materialen fisikako oinarrizko ikerketan jarduten duen erakundea da, eta euskal zientziaren erreferente bihurtu da, urte gutxian. Ikerketan bikaintasuna bilatzeaz gain, ezagutza zientifikoa gizarteratzeko erantzukizuna hartzen du bere gain.

Hain zuzen ere, DIPCk hirugarrenez antolatzen duen zientzia dibulgazioko Passion for Knowledge jaialdiaren amaiera ekitaldian aitortuko dio bere lana DIPCri Christophe Rosselk EPSko presidenteak, plaka ofizial bat emanez.

Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidentea honela mintzatu zen atzo: «Ohore handia da guretzat EPSren eskutik halako aintzatespena jasotzea, izen handiko erakundea baita EPS, eta lanean aurrera egiteko adore handia ematen digu, DIPC ikerketan eta zientziaren komunikazioan mundu mailako erreferente bilakatzeko».

Era berean, oso garrantzitsutzat jo zuen Passion for Knowledge jaialdiaren testuinguruan EPSk bere Batzorde Exekutiboaren urteko bilera DIPCren Donostiako egoitzan egitea, irailaren 30ean eta urriaren 1ean. Passion for Knowledge jaialdiak irailaren 27tik aurrerako egitarau zabala prestatu du, eta ondorengo webgunean dago ikusgai: www.p4k.dipc.org.

Zientzia elkarte garrantzitsua

EPSri dagokionez, 1968. urtean sortu zen, eta Europako zientzia elkarte garrantzitsuenetako bat da. Elkarteko kide dira, besteak beste, kontinenteko 42 fisika elkarte, fisikaren arlo guztietako adituak eta Europako ikerketa erakundeak. Guztira, 130.000 lagunek osatzen dute elkarte entzutetsua.

Zientzia elkarte gisa, EPSk fisikaren aurrerapena bultzatzen, Europako fisika komunitatearen interesak defendatzen eta nazioarteko lankidetza sustatzen ditu.