Oihana Llorente

Inkomunikazioaren arrakala euskararekin josiz

Trikuen antzera, ilea tente eta barrenak nahastuta izan ohi naiz Korrika noiz iritsi zain. Malkoek bere bidea hartu eta begirada lausotu egiten zait herri bat abian ikustean. Gustuko dut pozak begiak blaitzen ditueneko sentsazio zirraragarria.

Eskolak eman zidan niri euskara. Ez da nire ama hizkuntza; bai, ordea, nire ondorengoena. Maiz entzun behar izan dugu euskarak banandu egiten duela; ez, ordea, gure etxean. Nire lehen alaba jaio zen egunean bertan erabaki zuen amonak euskaltegian izena ematea. Bakoitza bere martxara, inkomunikazioaren arrakala euskararekin josi zuten biek. “Ttette” eta “apapa” azkar bihurtu ziren “txupete” eta “atera”, eta elkarrekin ikasi zuten mundua zenbatzen. Pausutxoak oinkada egin eta tipi-tapa ibili dute euskararen bidea.

Korrika parean egokitzen zaidanean pozik ateratzen naiz arineketan, noski. Onartuko dut, baina, ni neu ere banaizela Korrikaren atzetik doan jarraitzaile zoro horietako bat. Lasterketaren aitzakiarekin, oraingoan ere, Nafarroako Erribera bisitatu eta han eta hemen kuku egin diot euskararen maratoiari. Ilusioaren petoa jantzi eta nire pausotxoak gehitu dizkiot asteburuan ehunzango koloretsuari. Ahal dudan guztietan nire aletxoa pozarren jartzen diot euskararen sugeari, askoz handiagoa baita berak egiten didan ekarpena. Eta noski, atzo ere bertan izan nintzen, Bidasoa ibaiak busti bai, baina banatzen ez duen bailaran.